Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

AEBetako elikagai-industriako bostehun profesional bertaratu ziren Eusko Jaurlaritzak New Yorken eta Washingtonen antolatutako showroom-etara

2011.eko urriak 24

Elikadura-industriarekin zerikusia duten bostehun profesional inguruk bisitatu dituzte Eusko Jaurlaritzak aurreko astean New Yorken eta Washingtonen antolatutako showroom-ak, sektore horretako euskal enpresen produktuak Estatu Batuetako merkatuan sartzea sustatzeko, hain zuzen ere.

Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzalu andreak "oso egokitzat" jo du Estatu Batuetako enpresa-misioa eta era berean, honako hau azpimarratu du: "erakusketa-aretoetara bertaratu diren bisitarien kopuruaz gain (bisitari kopuru handia izan da) garrantzitsuena da gure produktuen kalitatea eta gure enpresen lan ona Estatu Batuetako merkatu zabal eta interesgarrian ezagutzera emateko ezinbestekoa den lehen hurbilketa-urratsa eman izana; izan ere, merkatu horretan daukagun presentzia hedatu nahi dugu".

Euskadiko nekazaritza- eta elikadura-industriako enpresen misio hau New Yorkeko eta Washingtongo eragin-eremuetan oinarritu da, bertan 24 milioi biztanle inguru bizi baita. Misio honetan honako hauek parte hartu dute: Arabako Errioxako ardoaren, txakolinaren, arrain eraldatuaren, gozokien, ogiaren, gaztaren, gatzaren, arrain-kontserben eta plater prestatuen hogeita hamarren bat enpresak.

Pilar Unzaluk adierazi du AEBetan egindako jardunaldiak "oso biziak eta interesgarriak" izan direla, bertan izan direlako "gourmet saltokietako eta jatetxeetako banatzaileak, inportatzaileak eta arduradunak, baita herrialde horretan erreferentzia eta iritzi-sortzaile diren komunikabide espezializatuetako kazetariak eta gastronomia-kritikariak ere, gizartearen zati handi batean eragina dutenak, hain zuzen ere".

Euskal sailburuak adierazi du showroom horien esparruan ezarri diren lehen harreman horiek negozio berriak egiteko eta herrialde hori helmuga duten eskaerak formalizatzeko balio izatea nahi duela, kasuren batean, berehala gertatu den moduan.

Era berean, Pilar Unzaluk bere gogobetetzea adierazi du enpresak misio honekiko helarazi dioten balioespen positiboagatik; izan ere, "elikadura-sektoreko gure enpresentzat antolatutako bidaia da, enpresa horiek Estatu Batuetako merkatuan duten posizionamendua hobetzeko".

Ildo horretan, Pilar Unzaluk eta Arrantza eta Elikadura Industrietako sailburuorde Jon Azkuek honako hau egiaztatu ahal izan dute: beren kalitateagatik nabarmendutako euskal produktuak "New Yorken eta Washingtonen gero eta ugariagoak diren gourmet establezimenduetan eta produktu organikoen establezimenduetan badutela lekua, bezeroek gure produktuen kalitatea, elikadura-segurtasuna eta berezitasuna estimatzen eta balioesten dakitelako".

Era berean, sailburuak gourmet saltoki horietako batzuetan Euskadin landutako produktu batzuk ikusi ahal izan ditu baina zalantzarik gabe adierazi du "produktu horien presentzia gehiago indartu dezakegula kalitatean oso lehiakorrak garelako eta jendea kalitatea ordaintzeko prest dagoelako".

Arabako Errioxako ardoa da orain arte AEBetako merkatuak gehien esploratu duen produktua. Herrialde horretako merkatua laugarren postuan kokatzen da (Erresuma Batua, Suitza eta Alemaniaren atzetik) gure ardoentzat garrantzi ekonomikoa duten merkatuei dagokienez.

Pilar Unzaluk zehaztu du "gure ardo-esportazioen % 9 herrialde horretara egiten dela eta goranzko joera dagoela. Urte honetako urtarriletik eta ekainera bitartean 6 milioi euroko balioa duen ardo kantitatea esportatu dugu, aurreko urteko aldi berarekiko % 9,2 gehiago. Bolumenari dagokionez, % 5,9ko igoera izan da eta horrek adierazten du produktuaren balioa handitzen ari dela".

Euskal sailburuak adierazi du espero duela misioan parte hartu duten enpresak jasotako sentsazio onak herrialde amerikar horretarako salmenten gorakadan islatzea.

Misioan Juan María Arzak, Martín Berasategui edo Andoni Luis Aduriz sukaldariek parte-hartze aktiboa izan dute, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)