Etxebizitza Sailak gazteentzako alokairuko ia hogeita hamar zuzkidura-bizitoki esleitu ditu Abanto-Zierbenan

2022-06-10
  • Datozen asteetan, Alokabidek etxebizitzen giltzak emango dizkie gutxienez 36 urtetik beherako titular bat duten 27 familiari

Datozen asteetan, 27 familia hasiko dira Alokabideren eskutik Eusko Jaurlaritzak Abanto-Zierbenako El Cerro auzoan eraiki dituen alokairuko zuzkidura-bizitoki berrien giltzak jasotzen. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eta udalerriko alkate Maite Etxebarriak eraikin berria bisitatu dute gaur goizean. Eraikin hori 1982-1984 bitartean diseinatu eta eraiki zen Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza publikoen lehen sustapenetik metro gutxira dago. Sustapen hartan 184 etxebizitzako bizitegi-multzoa eraiki zen El Casal poligonoan.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 2,65 milioi euro inbertitu ditu eraikin horretan, eta horretarako Udalak doan laga du lurzorua. Eraikinak hiru solairu ditu eta lokalak erdisotoko solairuan, 300 metro koadrokoak gutxi gorabehera. Lokal horiek udal-ekipamenduetarako erabiliko dira. 27 etxebizitzetatik seik 45 m2 inguru eta bi logela dituzte —horietako bat desgaitasuna duten pertsonentzat egokituta dago—, eta gainerakoak 35 m2 ingurukoak dira eta logela bakarra dute.

Etxebizitza Legeari eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak alokairuko parke publikoa sustatzeko ezarritako politikei jarraiki, aldi baterako alokairuko apartamentuak dira guztiak (etxebizitza horietan bizitzeko gehieneko epea ezingo da 5 urtetik gorakoa izan), eta, batez ere, gazteen emantzipazioa bultzatzeko dira. Horrela, Abanto-Zierbenan dagoen alokairu-eskaerari —batez ere gazteen artean— erantzun nahi zaio; izan ere, herri horretako Etxebideko eskatzaile guztien ia % 80 alokairukoak dira, eta 266 eskaera horietatik % 40 36 urtetik beherako pertsonek egin dute.

Hala, zuzkidura-bizitoki horien esleipendun guztiak 36 urtetik beherakoak izan dira, Abanto-Zierbenan erroldatuak, Etxebiden erregistratuak eta alokairuko etxebizitzaren eskatzaileak udalerri horretan edo Bilbo Metropolitarreko eremu funtzionaleko beste batean. Etxebizitzarik jabetzan ez izateko eta 3.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak izateko baldintzak ere bete dituzte —gutxieneko diru-sarreren baldintza ez da eskatzen mugikortasun urria, desgaitasun psikikoa, genero-indarkeriaren biktimak edo etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonak daudenean—.

Ildo horretan, sailburuak balioetsi egin du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila egiten ari den lana “gazteen emantzipazioa errazteko, hainbat neurri bateratuz: zuzkidura-bizitokiak eraikitzea, alokairua ordaintzeko prestazio ekonomiko bat abian jartzea eta etxebizitza publikoen esleipenean gazteentzako kupo espezifiko bat gordetzea”.

Zehazki, Gaztelagun laguntza abian jarri zenetik, eskualdeko 17 gaztek jaso dute errenta ordaintzeko prestazio hori, eta, gaur egun, 10 pertsona baliatzen dira horretaz. Sustapen horrekin, udalerrian Alokabideren bidez kudeatzen dituen egoitza-soluzioen kopurua bikoiztetik gertu dago Saila; izan ere, une honetan sozietate publiko horrek 33 etxebizitza gehiago administratzen ditu, 31 Bizigune parkekoak eta 2 Jaurlaritzaren parkekoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Maite Etxebarria, Abanto-Zierbenako alkatea