Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak EAJ-rekin hasi du aro berrirako bilera erronda

2011.eko urriak 24

Patxi Lopez lehendakaria EAJko presidente Iñigo Urkullurekin elkartu da gaur. Joan den astean iragarri zuen bezala, gaur ekin dio alderdi politiko eta erakunde sozialekin egingo duen bilera errondari, ETAk  jarduera terrorista bukatzeko hartu zuen erabakiaren ondoko egoera aztertzeko.

Batzar adeitsua izan da eta bertan Euskadin askatasun osoa edukitzeko bete diren faktoreei buruzko ikuspuntuak komunean jarri eta orain eman beharreko urratsak zeintzuk diren eztabaidatu dituzte, aro berri hau finkatu eta bizikidetza eta adiskidetasuna nagusi izan daitezen.

Lehendakariaren aburuz, terrorismoaren osteko etapa ahalik eta batuen hasi behar da, eta ETAren ukoa lortzeko baliatu ditugun irizpide-argitasun berberaz. Hau da, zuhurtziaz, erantzukizunez eta irekieraz. Ausardia eta adorea lehenago erakutsi ditugulako, indarkeria totalitarioak demokrazia arrisku larrian jarri zuenean, hain zuzen ere.

Ildo horretatik, lehendakariak indar politiko eta sozialekin akordioak lotzeko ahalegina egingo du. Hala, aintzat hartuko du orain Espainiako politikak bizi duen hauteskunde garaia, zailagoa baita une hauetan irizpide komunak behar dituzten erabakiak hartzea.

Lehendakariak datozen hauteskundeetatik aterako den Gobernu zentralarekin lankidetzan aritzeko duen borondatea jakinarazi dio oposizioko lehen alderdiko ordezkariari, terrorismoak eragin dituen arazoak eta batez ere presoen gizarteratzearen trataera konpontzeko, azken hauek demokrazian eta indarrean dagoen legean barneratzeko borondatea agertzen badute.

Lehendakariak uste du, ETAren ukoa lortuta, joan den hilean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen batasunerako, adiskidetasunerako eta bizikidetzarako oinarriak inoiz baino eguneratuago daudela, eta egoera bideratzeko gida egoki eta irekia eskaintzen duela.  Hau da, memorian, demokrazian, euskal gizartearen pluraltasunari errespetuan eta aukera politiko guztiak barne hartzen dituen integrazioan oinarritutako aro berri bat.

Etenik gabe egin behar dugun lan bat da, baina larrialdi desegokirik gabe.  Euskal gizartea berrogei urte baino gehiago egon da une honen zain eta beharrezkoa du denbora, indarkeriaren desagerpena benetakoa eta behin betikoa dela egiaztatu eta erabateko askatasuna eta terrorismoaren amaiera bere gain hartzeko.

Ildo horretatik, lehendakariak Urkullu jaunari jakinarazi dio (beste alderdiekin egingo duen bezala), nolabaiteko jarduera publikoa deitzeko asmoa duela, Euskadiko gizarteak askatasuna eta bizikidetzaren garai berria ospatzeko modua izan dezan.

Halaber, Memoriaren Egunaren hurrengo jardunaldia aukera ona izan daiteke denon batasuna indartu eta biktimek jasan duten sufrimendua aldarrikatu eta aitortzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)