Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak azpimarratu du Arabak garrantzi handiko zeregina duela puntako industria-sektoreetako teknologia- eta energia-trantsizioan

2022-06-10
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Iñigo Urkulluk SEA-Arabako Enpresak erakundearen urteko batzarra itxi du
  • Iragarri du Mercedes Benz Vans-en zuzendari exekutiboarekin bilduko dela Stuttgarten

Lehendakariak azpimarratu du Arabak berebiziko garrantzia duela trantsizio teknologiko eta energetikoaren punta-puntan dauden industria-sektoreetan, eta iragarri du Mercedes Benz Vans-en zuzendari exekutiboarekin bilduko dela laster Stuttgarten, euskal erakundeek automobilgintzaren sektorearekin duten konpromisoa jakinarazteko. Iñigo Urkullu arduratu da SEA-Arabako Enpresak erakundeak urtero egiten duen batzarra ixteaz; bilera horretan Roberto Larrañagari eman zaio “Compromiso Enpresarial” sariaren lehen edizioa.

Arabako enpresaburuen ordezkaritza handi baten aurrean, lehendakariak adierazi du Araba lurralde aktibo eta erakargarria dela, Euskadi osoaren lehiakortasunerako giltzarria. Adierazi duenez, hainbat proiektuk –Arasur-ek, Jundiz-ek, Forondak edo Bilboko Portuarekiko trenbide-loturak, esaterako−, Europako ardatz atlantikoaren hegoaldeko plataforma logistikorik garrantzitsuena bihurtu dute lurralde hori.

Iñigo Urkulluk, halaber, Mercedes Benz-ek iragarritako inbertsio-proiektua aipatu du. Proiektu horren arabera, Gasteizko lantegia konpainia horrek munduan duen lehiakorrenetako bat izango da.

Hitzaldiaren beste une batean, Lehendakariak Ukrainako gerraren pandemiaren ondorioak gainditzeko lankidetza publiko-pribaturako espiritua eskatu du eta gizarte-kohesioa eta hazkunde ekonomikoa bateratu behar direla aipatu du.

“Batzuek diote gizarte-gastua ahultasuna dela, sendotasuna izan beharrean.

Gure ikuspegia argia da: gizarte orekatuak gizartearen jarduera ekonomikoa hobetzen laguntzen du. Horixe da Giza Garapen Iraunkorraren Euskal Ereduaren funtsa. Ez gara konformatzen lortutakoarekin. Iraganeko arrakastak ez dakar etorkizuneko bermea” – esan du amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak