Eusko Jaurlaritza eta Ecoembes Donejakue Bidean birziklatzea bultzatzeko eta naturzaborraren aurka borroka egiteko elkartu dira
- 22 Donejakue urtea izanik, Birziklatzearen Bideak helburua du Urte Santua ingurumenarekin eta birziklatzearekin inoiz izan den konprometituena izatea, eta halaxe gogoratzea.
- “Bideak zugan arrastoa utz dezala. Ez zuk bidean” mezuaren bidez, bidea egingo duten milaka erromesak kontzientziatu nahi dira Donejakue Bidean naturzaborrik ez uztearen garrantziaren gainean, bideko ingurune naturala babesteko helburuarekin, eta erromesei birziklatu ahal izateko beharrezko tresnak emanez.
- PET birziklatuz egindako 4.600 poltsa berrerabilgarri banatuko dira Euskadiko 42 aterpetxeetan, eta hauek bereziki hornitu dira erromesen artean ingurumenaren gaineko kontzientziazioa areagotzeko, birziklapena bultzatzeko eta naturzaborraren aurka borroka egiteko.
Eusko Jaurlaritzak eta Ecoembes – Espainian ontzien birziklapena koordinatzen duen irabazi asmorik gabeko ingurumen-erakundeak gaur jakitera eman dute Eusko Jaurlaritzaren lankidetza Birziklatzearen Bidean. Ingurumen-ekimen hau 2015ean sortu zen Donejakue Bidea egiten duten milaka erromesak etapa bakoitzean sortzen dituzten hondakinak eta ontziak bereiztearen eta birziklatzearen eta bidean naturzaborrik ez uztearen garrantziaren gainean kontzientziatzeko.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak bat egin du Birziklatzearen Bidearekin. Proiektuan jada parte hartzen dute beste autonomia-erkidego batzuek, hala nola, Galiziak, Gaztela eta Leonek, Kantabriak, Asturiasek, Errioxak eta Nafarroak. Gainera, 2022an kanpaina Galiziako itsasertzeko Portugalgo Bideko aterpetxeetara ere hedatu da.
Proiektura atxikitzeko ekitaldia gaur goizean egin da Uliako Gazte Aterpetxean (Donostia), eta bertan Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak nabarmendu du “kutsadura murrizteko eta hondakin gutxiago sortzeko modurik eraginkorrenetako bat ingurumen-kontzientzia piztuko duten ekintzak egitea” dela. “Lankidetza publiko pribatuaren bidez eta gizartea sentsibilizatuz eta informatuz, hobeto ulertuko dugu gure bizi eta kontsumo ohiturak aldatu behar ditugula, era horretara gure eguneroko jarduerak ere aldatuz hondakinak birziklatzen laguntzeko eta, denon artean, gure planeta salbatzeko helmugara iristeko”, azpimarratu du.
Bestalde, Fernando Blázquez Ecoembeseko Iparraldeko gerenteak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari: “Zinez eskertu nahi nioke Eusko Jaurlaritzari Birziklatzearen Bidearen proiektuarekin bat egin izana. Ekimenaren helburua bide enblematiko hori egiten duten milaka erromesak bidea naturzaborrik gabe mantentzearen garrantziaz kontzientziatzea da. Zuen laguntzari eta ostatu-emaileen eta ekoerromesen konpromisoari esker lortuko dugu 2022ko Donejakue urtea ingurumenarekin eta birziklatzearekin inoiz izan den konprometituena izatea eta halaxe gogoratzea”.
42 ekoaterpetxe berri Euskadin
Birziklatzearen Bidea ekimenak, erromesak bidea naturzaborrik gabe mantentzearen garrantziaz kontzientziatzeaz gainera, badu beste helburu bat ere, hau da, ostatu-emaileei euren ostatuak aterpetxe jasangarri bihurtzen laguntzea. Edizio honetan kanpaina Euskadiko 42 aterpetxeetara ere hedatu da, eta kit bat banatuko zaie. Kit horretan emango zaizkie kartel didaktikoak, zakarrontzi horiak (latak, brikak eta plastikozko ontziak biltzeko) eta urdinak (papera eta kartoia biltzeko), aterpetxerako identifikazio-zigilu bat kanpainaren laguntzailea dela aditzera emateko (ekoaterpetxea), Ekoerromesaren Compostelak eta PET birziklatuz egindako poltsa erabilgarriak erromesei banatzeko, naturan zaborrik utz ez dezaten. Aurten guztira 555 aterpetxek parte hartzen dute ekimenean.
Poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie ekoerromesei
Edizio honetan PET birziklatuz egindako 4.600 poltsa berrerabilgarri banatu zaizkie ekoaterpetxeei bertan ostatu hartzen duten ekoerromes guztiei banatzeko, Donejakue Bidean birziklapena eta naturzaborraren aurkako borroka sustatzeko.
Zuhaitz autoktonoak landatuko dira Ekoerromesaren Compostelei esker
Ekoerromesaren Compostela erromesek birziklapenarekin hartutako konpromisoa saritzeko eta naturari naturak ematen diguna itzultzeko ekimen bat da. Horrela, Instagramera hiru zigilu dituen (zigiluak Birziklatzearen Bidean parte hartzen duten ekoaterpetxeetan lortu ahal izango dituzte ekainetik urrira bitartean) Compostelaren argazkia #EkoErromesa hashtagarekin igotzen duen erromes bakoitzeko, zuhaitz autoktono bat landatuko da leku jakin batean.
Azken edizioak arrakasta handia izan zuen, eta 600 zuhaitz autoktono baino gehiago landatu ziren Cerdedo-Cotobade udalerrian (Galizia) eta 300 espezie autoktono El Franco udalerrian (Asturias).