qrcode

Emakundek zahartzaro askea, protagonista eta estereotiporik gabea aldarrikatu du "Emakumeak eta zaharrak" jardunaldian

2022-06-08
  • Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du beharrezkoa dela zahartzaroa ikuspegi kritiko eta ahalduntzaile batetik berrizendatzea eta birpentsatzea
  • Jardunaldian Euskadin adineko emakumeen ahalduntzea bultzatzen duten esperientzia zehatzak ezagutu dira

 

 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hasiera eman dio gaur "Emakumeak eta zaharrak. Botere eraldatzailea eraikitzen" Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak antolatutako jardunaldiari. Bilboko BBK aretoan egindako jardunaldiaren helburua, sailburuak azaldu duenez, "emakumeen zahartzaroari buruzko diskurtso gutxiesgarri eta estereotipatuak gainditzea" izan da, bai eta "adineko emakumeek gure gizarteari egiten dioten ekarpena eta ondarea aitortzea ere", ekarpen hori ez baita behar bezala ikusten.

Artolazabalek adierazi duenez, beharrezkoa da "zahartzaroa berrizendatzea; zahartzaroari buruzko narratibak ikuspegi kritiko eta ahalduntzaile batetik lantzea". Bere ustez, biztanleriaren zahartzea kontuan hartuta, "herri erronka da bizi-etapa horri prisma berrietatik aurre egitea, ulertuta adineko emakumeek bizitza aktiboa, osasungarria eta erabatekoa izan dezaketela", adinekoek beren independentziari, partaidetzari, duintasunari, arretari eta autogarapenari dagokienez dituzten eskubideak aitortuz.

Jardunaldiaren lehen zatian Anna Freixas Farré gerontologo feministak hartu du parte. "Yo, vieja" liburuaren egileak adineko emakumeek gizartean parte hartzeko eta estereotipoei aurre egiteko beharra nabarmendu du.

Bigarren hizlaria Mariquita Vázquez Albertino Zahartze Osasungarrirako Emakumeen Elkarteko (AMES) presidentea izan da. Gizonen eta emakumeen zahartzaroaren arteko ezberdintasunei buruz hitz egin du, eta gogorarazi du emakume nagusiak jada ez direla "emakume pasiboak, ikusle hutsak, baizik eta adineko emakume aktiboak eta gure gizarteko protagonistak".

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak jardunaldiaren bigarren zatia aurkeztu du. Bertan, adineko emakumeen ahalduntzearen sustapenean garatzen ari diren esperientzia zehatzetan sakondu da. Landaidak nabarmendu du “emakumeen ahalduntze indibidual, sozial eta politikoa Emakunderen jardueraren ardatzetako bat” izan dela sortu zenetik, genero-ikuspegia txertatzearekin batera.

Era berean, adineko emakumeen jakintzak belaunaldi berriei transmititzeak duen garrantzia nabarmendu du: "Belaunaldien arteko prozesuak babestu behar ditugu, oroimen historikoa duten genealogiak eraikitzeko aliantzak".

Jardunaldian, hain zuzen ere, Emakundeko Aholku Batzordeko eta Gazteriaren Kontseiluko (EGK) ordezkarien artean egindako belaunaldien arteko transmisioaren esperientzia aztertu da, Yolanda Baronak eta Maialen Olabek, bi erakundeetako ordezkariek azaldu dutena.

Beste esperientzia batzuen berri eman dute  Eibarko Andretxeako dinamizatzaileak, Zaida Fernandezek;  Ana Fernandez arkitektoak, elkarlaneko etxebizitzei buruzkoa; eta jardunaldia Virginia Imaz pailazoaren bakarrizketak itxi du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak