Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Metropoli-30ek eta profesionalen elkargoek Elkargoak Euskaraz ekimena aurkeztu dute
2011z geroztik, Bilbao Metropoli-30 Elkartea BasquePRO proiektuan ari da lanean, profesionaltasunarekin lotuta, etorkizunaren balio paradigmatiko gisa. Proiektu horren esparruan, BasquePRO Elkargoak elkargo profesionalen sarea sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan elkargokide diren 50.000 profesional inguru ordezkatzen dituena. Sare hori denon intereseko proiektuetan elkarrekin lan egiteko helburuarekin biltzen da. Proiektu horietan, elkargo guztien elkarlan eta batasunak gizarte zibila gehiago egituratzeko aukera ematen dute, profesionalei haien bizitzan zehar laguntzen dien erakundeak direlako.
Sare honen ekimen bat Elkargoak Euskaraz da, Elkargo Profesionaletan euskararen erabilera bultzatzen duen proiektua. Elkargoetan euskalduntzeko prozesua eta euskara sustatzeko prozesuak abiatzeko eta garatzeko denon artean egiteak lana errazten du, eta, aldi berean, BasquePRO Elkargoen sarea indartzen da, jarduera partekatuak tartean sartzen direlako.
Proiektu honek hamabi elkargo profesionalen atxikimendua jaso du, eta 13.000 elkargokide ingurura iritsi da, eta horiei hainbat zerbitzu eskaintzen zaie, hala nola, oinarrizko ezagutzak eskuratzeko prestakuntza pilulak, terminologia zerbitzua, zalantzak argitzeko zerbitzua, euskaraz lan egiteko lan tresnei buruzko informazioa, etab. Horiez gain, elkargoetako langileentzako euskara eskolak ere eskaintzen dira. Honako hauek dira parte hartzen duten elkargo profesionalak: Bizkaiko Abokatuen Elkargoa; Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritza; Arabako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoa; Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritza Elkargoa; Bizkaiko Gizarte Langintzaren Elkargoa; Bizkaiko Graduatu Sozialen Elkargoa; Bizkaiko Haginlarien Elkargoa; Gipuzkoako Gizarte Langintzaren Elkargoa; Euskadiko Herrilanetako Ingeniari Teknikoen Elkargoa; Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa; Euskadi, Burgos eta Errioxako Kimikari eta Ingeniari Kimikoen Elkargoa; Ekonomisten Euskal Elkargoa eta Bilbao Metropoli-30. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestu dute ekimena.
Horregatik guztiagatik, Bilbao Metropoli-30ek, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, ekimenaren aurkezpena antolatu du asteazken honetan Bizkaiko Abokatuen Elkargoan.
Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Jaurlaritzak ekimenari ematen dion babesa erakutsi du, orain arte euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen hasteko edo jarraitzeko erabakia hartu ez duten elkargokideei lagunduz. Sailburuak azpimarratu du: "Izan ere, hizkuntzak kudeatzeak etekina dakarkio enpresari: balio erantsia, lehiakorragoa da, kalitatezko zerbitzua eskaintzen duen enpresa delako bezeroari zerbitzua bere hizkuntzan eskaintzen diona. Talentua erakartzeko eta eusteko ere balio du hizkuntzak kudeatzeak.”
Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanorde Maite Morillok elkargoak euskara bultzatzen daramatzan lau hamarkadak gogoratu ditu: “80ko hamarkadan euskara eskolak ematen hasi ziren, gero abokatu euskaldunen lantaldea sortu zen eta orain badugu euskara plan bat indarrean. Hori guztia errazago egiten da beti, bidelagunak izanda eta partekatuta. Hori da Elkargoak Euskaraz Proiektuaren aberastasuna”.
Horren ostean, Lorea Bilbaok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, bere sailak proiektuari hasieratik eman dion babesa zehaztu du, esanez "aukera eman behar zaie gazteei, heldu aroan ere, behin lanerako saltua eginda, euskaraz normaltasunez aritzea ezinbestekoa dugu euskararen erabilerak aurrera egingo badu, eta euskal hiztunok euskara gero eta gehiago erabiliko badugu."
Ondoren, Idoia Postigo Bilbao Metropoli-30eko zuzendari nagusiak proiektuaren jatorria eta helburuak errepasatu ditu eta honako hau adierazi du: “Elkargoak Euskarazek lan eta prestakuntza arloan euskararen erabileran aurrera egiten laguntzen du, eta gure gizarteko beste esparru batzuetan errepikatzeko moduko ekimena da”.
Xabier Aparicio arkitektoak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Bizkaiko ordezkaritzako kideak parte hartu duen elkargo profesional baten esperientzia, proiektuan izan duen inplikazioa eta jarduerak azaldu ditu: “Erakunde publikoen laguntzarekin, Elkargoen jarduera osoan eta haien inguruan sortzen den ekosisteman euskara ohiko hizkuntza normalizatua izateko bidean aurrera egiten ari gara”.