Berriak Kultura
Eu

MoodleMoot Euskadi 2011 jardunaldia

2011.eko urriak 21

Moodle bidez hizkuntzen irakaskuntzan duten esperientzia partekatu dute plataforma horren  150 erabiltzailek baino gehiagok

MoodleMoot Euskadi 2011 jardunaldia egin da gaur Gasteizko Goiuri Jauregian Moodle erabiliz hezkuntza baliabideak kudeatzen dituzten ikastetxe, erakunde, enpresa, garatzaile eta irakasleei dago zuzenduta. 150 eragile inguruk hartu dute parte jardunaldian eta 17 irakasle aritu dira hizlari eta mintegiko arduradun lanetan. Partaide guztiak bat etorri dira Moodle-ekin edozein tokitatik euskara modu eraginkorrean ikas daitekeela baieztatzean.

HABEk Moodle irakaskuntzan baliatzen dutenentzako V. Jardunaldia antolatu du euren bezeriarentzako hezkuntza-baliabideak kudeatzen dituztenen edozein eratako entitate edo banakoentzako. Jardunaldian Moodle hezkuntzan erabiltzeko moduak izan dituzte aztergai, eta aurtengoan, berrikuntza gisa, aipatzekoa da hizkuntz irakaskuntzari eskaini zaion arreta.

Moodle software librean egindako plataforma bat da eta ikaskuntza prozesuak kudeatzen laguntzen du. Gainera, pedagogia irizpideak aintzat hartuta dago egina, hezitzaileak ikaskuntza komunitate eraginkorrak online sortzeko gai izan daitezen. Moodle-en inguruan komunitate zabala eratu da nazioartean. Plataforma bera 75 hizkuntzatan erabil daiteke, tartean euskaraz, eta 160 herrialdetan erabiltzen da. Kodigo irekian egindako softwarean oinarritzen da, komunitatean eta dohain jasotzen dena. Elkarlanaren ideia "konstruktibismo soziala" da bere ideia nagusia eta Moodle bera ere ideia horren gainean eraikitzen da. HABEk ere ideia horren indarra bere egiten du.

MoodleMoot berriz, Moodle-en erabiltzaile, garatzaile edota administratzaileei zuzenduriko kongresu edota jardunaldiari izena emateko erabiltzen den kontzeptua da eta horixe da gaur Gasteizen burutu dena.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, HABEko zuzendari Iñaki Uribe eta HABEko Formakuntza Saileko arduradun Juanba Bergara alboan zituela, ireki du gaurko jardunaldia eta ezeren aurretik administrazio publikoan Moodlei ematen zaion erabilera azaldu du. Urgellen esanetan, helduen euskalduntzean ez ezik, eskola eta unibertsitate publikoan ere oso erabilia da Moodle. Euskaltegietako, euskal etxeetako eta Exepareko irakurle programetako irakasle nahiz ikasleek ere erabiltzen dute: "HABEn bertan euskaltegietako ikastaroen oinarri izateaz gain, irakasleen formazioan ere ezinbesteko tresna da. Gainera, HABEko profesionalak elkarren artean lan egiteko lanabes gisa darabilte eta euskara mailen egiaztatze prozesuetan ere oinarrizko bitartekari bihurtu da. IKASBIL berria ere laster izango da martxan, eta plataforma horretan ere hainbat jarraipen egiteko Moodle erabiliko da. Pentsa, beraz, zenbat sinesten dugun erreminta horretan". Jarraian Moodle plataformaren erabileraren gaineko datuak eman ditu: HABEren Moodle plataformak 20.000 erabiltzaile erregistratu ditu; 500 ikastaro inguru ditu aktibo; joan den ikasturtean 10.000.000 orrialde zerbitzatu ditu; eta 47 herrialdetako erabiltzaileak ditu.

Irakaskuntza prozesuetan teknologia berriak ezartzea da HABEren lehentasunetako bat, eta baita planifikazioa nahiz eraginkortasuna irizpide bezala harturik, sistemaren baliabide multzoa optimizatu, eta balorea sortzen duten jardueretan zentratzea ere. Horrexegatik Urgellek azpimarratu du, Moodle-en moduko tresnei ahalik eta probetxu handiena ateratzen saiatu behar dutela irakaskuntzan diharduten guztiek, eta are gehiago, hizkuntzen irakaskuntzan ari direnek, horrek ahalbidetzen baitu euskara edozein tokitatik modu errazagoan ikasi ahal izatea: "Garai batean erabat bertakoa baino ez zena eta hurbil egonda bakarrik irits zitekeena, aspalditxoan munduko bizilagun guztiengana iristeko moduan dago. Eta norabide horretan, urrats berriak ari gara ematen Moodle-en moduko tresnak euskararen irakaskuntzan txertatuta. Mundua txikiago egin da, baina, horrekin batera, euskara handiago bihurtu da. Horregatik, gaur hona etorri zareten guztioi eskatuko dizuet nork bere euskararen munduan teknologia hauek baliatzeko".

 

Ikastaro aukera zabala

Goizean talde bakarrean aritu dira parte-hartzaile guztiak, arratsaldean berriz, parte-hartzaile bakoitzak hautatu ahal izan du zein hitzaldi edo tailerretan parte hartu. Goizeko lehen saioan Esperanza Román Mendoza AEBetako George Mason Unibertsitateko irakasleak "Aprendizaje formal e informal: más allá del aula y de los entornos virtuales de aprendizaje" hitzaldia eskaini du. Gelatik kanpo ikasleek era autonomoan ikasteko balio duten hainbat teknika aurkeztu ditu eta horien gaineko eztabaida bideratu du. Román Mendozaren esanetan, irakasleentzat nahiz eta hamaika erreminta eskura izan, askotan nekeza izaten da ikasleak motibatzea euren kabuz ikas dezaten. "Ez dago zalantzarik informazioa eta komunikazio teknologiek ikasleak modu autonomoan ikas dezaten bitarteko anitz jarri dituztela, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Plataforma birtualen bidezko ikaskuntza formaletik, web sozialak eskaintzen dituen zerbitzuen bidezko ikaskuntzara igaro behar dugu".

Goizeko bigarren eta azken saioan, Beatriz de los Arcos Erresuma Batuko The Open University-ko irakasleak "Del teléfono y el cassette a Moodle y la videoconferencia: desafíos, frustraciones y éxitos en la enseñanza de lenguas a distancia" hitzaldia eman du. IKT-en garapenean puntako unibertsitatea da The Open University eta hizkuntzen irakaskuntza Moodle nola erabili ohi duten azaldu du Beatriz de los Arcosek. Bere ustez, hizkuntza bat urrunetik ikasteak bi arazo nagusi sortzen ditu: batetik, ikaslea beste ikasle nahiz irakaslearengandik aislatuta dago; bestetik, ahozko gaitasunak lantzeko aukerarik ez du ematen. Arazo horiei aurre egiteko 90eko hamarraldi hasieratik lanean dihardu The Open University-k eta landu dituzten konponbide posibleak azaldu ditu hizlariak: "Internet bidezko telefono frogekin hasi ginen lehenik, konferentzia audiografikoetara igaro ginen gero, eta Moodle-en zentratu gara azkenik. Bakoitzak ditu bere alde onak eta txarrak, baina dudarik gabe, hobetuz goaz".

Goizeko saioak amaituta, arratsaldean ikasleek hainbat aukeren artean hautatu ahal izan dute, bakoitzak bere interesaren arabera. Jardunaldia amaitu ostean, partaideak gustura agertu dira egunak eman duenarekin eta irakaskuntzara bideratutako eremu birtualak etengabe hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Kultura saibura