Euskadira iristen diren ukraniarrentzako arreta
qrcode

Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordeak Cork-en (Irlanda) adierazi du konpromiso instituzionala eta lankidetza publiko-pribatua funtsezkoak izan direla Euskadiren eraldaketarako

2022-06-16

Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordeak Cork-en (Irlanda) adierazi du euskal gizarteak eta ekonomiak azken lau hamarkadetan izan duten eraldaketan funtsezkoak izan direla euskal administrazioen konpromiso instituzionala, lankidetza publiko-pribatua eta apustuei denboran eustea.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) gonbidatuta, Iñaki Barredo atzotik, asteazkena, parte hartzen ari da Irlandako hiri horretan egiten ari den Tokiko Garapenari buruzko Nazioarteko Foroan, “Erkidego indartsuagoak izateko estrategia hobeak” lelopean. Foro horretan, erakundeetako karguek eta aditu akademikoek parte hartzen dute, eta helburua da trantsizio berdean, digitalizazioan eta aldaketa demografikoan komunitateek izaten ari diren aurrerapenei buruz hausnartzea eta aurrerapen horiek partekatzea.

Barredok programatu diren bost saioetako batean parte hartu du, “Moldeak hausten ari diren tokien historiak” izeneko saioan hain zuzen ere. Saio horretan, Euskadik egindako aurrerapenen elementu bereizleen berri eman du, elementu horiek, hein batean, “moldeak apurtzen” baitituzte azken lau hamarkadetan izandako garapen nabarmena azaltzeko garaian.

Elementu horien berri ematean, Barredok industriaren aldeko apustu argiari erreparatu dio. “Behera erortzen ari zen arren, industria garapen ekonomikoaren motor izatearen aldeko apustua egin zen. Ekonomia-sarea zientzia eta teknologian oinarrituta berreraikitzeko konpromisoa hartu zen. Hasiera batean, enpresa-ehunekin ondo lotuta zeuden abangoardiako teknologia-zentroen sarea garatu zen, eta, ondoren, oinarrizko ikerketan eta ikerketa aplikatuan inbertitu zen”, eta hori argitzen duen datu bat eman du: “I+Gko gastua, 1980. urtean Barne Produktu Gordinaren % 0 izatetik, 2020an % 2,10ekoa izatera pasa da”.

Sailburuak bilakaera horren beste funtsezko faktore bat ere nabarmendu du, “erakunde publikoen sare sendoa sortzea. SPRI (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua) funtsezkoa izan zen zenbait arlotako industria-politika berritzaileak gauzatzeko”. Horrekin lotuta, bere ustez Euskadin izandako aurrerapena sostengatzen duen hirugarren zutabe nagusi bat nabarmendu du: “Lankidetza publiko-pribatua indartzea konstante bat da Euskal Autonomia Erkidegoko garapen-prozesuan. Industria birmoldatzeko prozesua amaitu zenean, Euskadiren industria-politikaren interesa lehiakortasunaren hobekuntzan oinarritu zen”.

Bilakaera horretan egin diren urratsak Ekonomia Itunak ahalbidetu duen autogobernurako ahalmenari esker egin ahal izan dira. “Sistema hori da euskal lurraldeek Estatuarekin duten harreman ekonomikoa eta finantzarioa artikulatzeko oinarri berezia”.

Barredok azaldu du Ekonomia Ituna dela Euskadiren eta Estatuaren arteko bizikidetza-itun politikoaren ezinbesteko elementua. Balio bereziko ituna da, sakontasun eta irismen handikoa. Izatez, itun horren indarrez, lurralde historikoei beren zerga-araubide propioa ezartzeko eta arautzeko ahalmen osoa aitortzen zaie, eta horrek argi eta garbi islatzen du euskal gizarteak eta erakundeek beren burua antolatzeko duten ahalmena, baita autogobernurako borondate eta bokazio iraunkorra ere.

Hazkunde inklusiborako konpromisoa

ELGAk antolatutako saio honetan Barredok azaldu duenez, giltzarri horiek hazkunde inklusiborako konpromisoari ere erantzuten diote; “Euskadik inor baztertu gabe hazteko erabakia hartu du, eta, hori dela eta, Espainian eta Europan pertsonako Barne Produktu Gordinari dagokionez oso posizio onean gaude, eta lidergo-posizioak ere hartzen ditugu ekitateari eta ongizateari dagokienez”.

Puntu horretan, pertsonei beren bizitza-prozesuetan laguntzeko eta beste aukera batzuk eskaintzeko euskal erakundeek batera egindako lana mahai gainean jartzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoan bereizgarriak diren gizarte-esperientziaren hiru adibide ere eman ditu: batetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Araubidea —Euskal Autonomia Erkidegoan aukera berriak bermatzeko ezarritako legezko tresna—; bestetik, kooperatiben mugimendua; eta, azkenik, gizarteratze-enpresak —enpresa horiek irabazi-asmorik gabeko ekimen ekonomikoak dira, eta haien xedea da gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden langabeei gizarteratzen eta laneratzen laguntzea—.

Barredok Euskadiren egungo egoerari buruzko argazki hau aurkeztu du, ondoren, bere esku-hartzearen amaieran, Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizuneko erronkei heltzeko. Aitortu du 2008ko depresio handiak eta oraingo pandemiak etenik gabeko hazkunde-aldi luzea eten dutela. “2030 Agendarekiko konpromisoa eta Garapen Jasangarriko Helburuak funtsezko pieza dira etorkizuneko bidea finkatzeko. Trantsizio energetikoa eta klimatikoa zeharkako goren lehentasunak dira. Bere iritziz, klima-aldaketa “aukera globala da ekonomia zirkularrean, energia berriztagarrietan, eolikoan, biomasan, eguzki-energia fotovoltaikoan, geotermikoan eta itsas energietan industria-hobi berriak aurkitzeko”.

Zalantzarik gabe, Europar Batasunaren Next Generation EU ekimenaren funtsak aukera bikaina dira Euskadik epe ertainerako eta luzerako duen hazkunde-ahalmena indartuko duten etorkizuneko proiektuetan inbertitzeko. Aukera horren garrantzia nabarmentze aldera, giltzarria administrazio publikoak eta ekimen pribatua elkarrekin lan egitea da, proiektuak ondo zehazteari begira eta abian jar daitezen errazteari begira. Euskadi Next programak zehaztuko du bidea.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @naiderupdate
    2022-07-18

    Comentario de Twitter:
    El Viceconsejero de Economía y Fondos Europeos ... https://t.co/xoT7KYNcKY

  • Argazkia SN Robot
    @ogasunaEJGV
    2022-06-16

    Comentario de Twitter:
    🔗 https://t.co/Dbk3gxNP8P

    #Ekonomia #Ogasuna #EuskoJaurlaritza

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak