Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Ingurumen-Osasunaren Espainiako XI. eta Iberoamerikako II. biltzarra egingo da Bilbon, urriaren 26an, 27an eta 28an

2011.eko urriak 21

Ingurumen-inpaktuak osasunean duen eraginaren ebaluazioa izango da Ingurumen Osasunaren Espainiako Sozietateak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak antolatutako aurtengo biltzarraren goiburua.

Urriaren 26an, 27an eta 28an Bilboko Euskalduna jauregian egingo da Ingurumen-osasunaren Espainiako XI. eta Iberoamerikako II. biltzarra. Ingurumen Osasunaren Espainiako Sozietateak (SESA) eta Osasun eta Kontsumo Sailak antolatu dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren laguntza izango du.

Bi urtez behin egiten den biltzar honek aurten Ingurumen-inpaktuak osasunean duen eraginaren ebaluazioa izango du gai nagusia. Nabarmendu nahi da metodologia horiek garrantzia handia dutela eta izan behar dutela ingurumen-osasunaren eremuan, biztanleen osasuna ahalik eta modurik eraginkorrenean babesten laguntzeko.

Hiru egunetan, ingurumen-osasunaren arloko estatuko eta nazioarteko adituek, administrazioetako teknikariek, ikerlari eta irakasleek, aholkularitza-enpresek eta ingurumen-osasunaren sektoreko enpresek ingurumen-osasunaren arloan erabiltzen diren tresnei eta metodoei buruz jardungo dute, hala nola legeria, zaintza- eta kontrol-sistemak, azterketa epidemiologikoak, arrisku-analisiak eta puntu kritikoak kontrolatzea, osasunaren gaineko eraginaren ebaluazioak, besteak beste.


Biltzarraren nondik norakoak

Osoko bilkuren aurretik, urriaren 26an, asteazkenean, gai honekin erlazionatutako 5 tailer praktiko egingo dira: produktu kimikoen kontrola eta zaintza, analisi espazial eta geografikoak, barneko airearen kalitatea, atmosfera-kutsaduragatiko arriskuen ebaluazioa eta legionelosia prebenitzea.

Programa zientifikoaren barruan, urriaren 26an, asteazkena, orain gutxi onetsi den estatu mailako Osasun Publikoko Lege Orokor berria guztiei azaltzeko saioa izango da, eta, bestetik, ingurumen-inpaktuek osasunean duten eraginaren ebaluaziorako SESAren gida aurkeztuko du Jose María Ordóñez Iriarte Ingurumen Osasuneko Espainiako Sozietatearen lehendakariak.

Urriaren 27an, osteguna, ingurumen-osasunaren arloan jarduteko programen barruko kontrol- eta zaintza-estrategia berriei buruz arituko dira, bai eta administrazioek alor horretan duten zereginari buruz ere. Testuinguru horretan sartu behar da EAEko sailek (Industria, Merkataritza eta Turismo Saila, Osasun eta Kontsumo Saila, Ingurumen Saila eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila) produktu kimikoen zaintzari eta kontrolari buruzko REACH araudiaren gainean elkarrekin egindako hitzarmena.

Urriaren 28an, ostirala, sakon errepasatuko da azaleratzen ari diren eremuei buruz gaur egun dagoen ezagutzaren egoera, nanoteknologiak dituen inplikazioei buruz, klima-aldaketari buruz eta eremu elektromagnetikoei buruz arituko baitira.
Amaitzeko, egun horretan, mahainguru iberoamerikarra izango da, eta Iberoamerikan osasun eta ingurumenaren arloan dauden arazoak aztertuko dira.

Hiru egun horietan, hitzaldiez gain, biltzarkideek beren lana ezagutzera emateko aukera ere izango dute kartel eta ahozko azalpenen bidez, bai eta alor honetako esperientziak trukatzekoa ere.

 

www.sanidadambiental.com

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko