Euskadik tximino-baztangaren sei kasu detektatu ditu, guztira, nazioartean alerta jo zenetik
Sei gizonezko dira, hiru Bizkaikoak, bi Arabakoak eta bat Gipuzkoakoa, eta haietako bat ere ez da ospitaleratu behar izan
Euskadik lanean jarraitzen du Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin (CCAES) koordinatuta
Euskadik, guztira, tximino-baztangarengatiko –“monkeypox” izenez ere ezagutzen da– sei infekzio-kasu identifikatu ditu, pasa den maiatzaren 15eannazioartean gaixotasun horrengatiko alerta jo zenetik. Sei gizonezko dira, hiru Bizkaikoak, bi Arabakoak eta bat Gipuzkoakoa, eta guztiek izan dituzte sintoma arinak; etxean bakartzeko eskatu zaie eta jarraipen anbulatorioa egin die Osakidetzak.Esan behar da gaur arte Mikrobiologiako Zentro Nazionalak egiaztatutako kasu guztiek lotura epidemiologikoa izan dutela Euskaditik kanpoko beste kasu batzuekin.
Alerta jo zenetik, Osasun Sailak eta OsakidetzakEuskadiko osasungintza-sistemako profesionalei “monkeypox”ekin bateragarriak diren sintomak dauzkaten pertsonak aurkituz gero zer urratsi jarraitu adierazi diete. Hori horrela, Euskadik jarraitzen du Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin (CCAES) koordinatuta lanean, beste kasu susmagarri batzuk aztertzeko, halakorik egonez gero.
Tximino-baztangaren gaixotasuna oso ezohikoa da, eta, normalean, sukarra, mialgia, adenopatiak (gongoilen hantura) eta esku eta aurpegiko erupzioa eragiten ditu, barizelaren oso antzera. Pasa den maiatzaren 15ean, Erresuma Batuak alerta jo zuen, 4 kasu egiaztatu detektatu baitziren; alerta gainerako osasun-sistemetara iritsi zen, Alerta eta Erantzun Goiztiarren Sistemari esker.
Osasun Sailak jarraituko du informazioa ematen, kasu egiaztatu gehiago egonez gero.