Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Gobernu Kontseiluak lurzoruaren babesari modu integralean heltzen dion lehenengo estrategia onartu du

2022-06-07
  • Gobernu Kontseilua "Urdaibai Ekoetxean" bildu da ekainaren 5ean "Ingurumenaren Nazioarteko Eguna" izan zela ospatzeko
  • Euskadiko Iraunkortasun Turistikoaren Lurralde Planaren lehenengo deialdirako 11 hitzarmen onartu ditu Eusko Jaurlaritzak, 24 milioi eurokoak

Gobernu Kontseiluaren bilera gaur Ekoetxea Urdaibain, Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroan, Busturian, egin da, ekainaren 5ean ospatu zen “Ingurumenaren Mundu Eguna” dela eta.

Bileraren ondoren, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin batera. 

Prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumenko sailburuak  Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategia aurkeztu du, hau da, lurzoruaren kudeaketari modu integralean heltzen dion lehenengo estrategia. Estrategia honek helburu handinahi bat ezartzen du, alegia, ingurune horren degradazioa mendearen erdirako eragoztea, neutroa izateraino; eta, aldi berean, beraren kontserbazioa bermatzea biodibertsitaterako eta pertsonentzako osasunaren ikuspuntutik.

Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiak bost helburu estrategiko definitzen ditu: lurzoruaren kontsumoa murriztea; beraren okupazioaren kudeaketa; inpaktu kaltegarrien kontrako babesa; degradatutako lurzoruak lehengoratzea, haien berezko funtzioak berreskuratzeko xedez, haien kokagunea kontuan hartuta; eta kudeaketa eta erabilera jasangarriaren bidezko babesa, horretarako prestatutako profesionalen eta sentsibilizatutako herritarren eskutik.

Helburu hori lortzeko, 2022-2030 aldirako jasotako aurrekontu operatiboa 137,5 milioi eurokoa da, eta dokumentuan aurreikusitako 69 jarduerak garatzera bideratuko da.

NEXT GENERATION FUNTSEN HITZARMENAK

Gainera, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Next Generation funtsen esparruan gaur Gobernu Kontseiluak onartutako zenbait hitzarmenen berri eman du. Euskadiko Iraunkortasun Turistikoko lehen Lurralde Planaren hitzarmen horiek 11 helmuga garatuko dituzten jarduketei eta dagozkien jarduera-programei euskarria ematen diete. Urrats horrekin, gobernuak 24 milioi Next Generation funts emango dizkie erakunde onuradunei. Funts horiek Euskadik jasoko dituen 67 milioien lehen zatia dira, hiru deialditan, 2023ra arte.

Hurtado sailburuak azpimarratu duenez, Plan hau asmo handiko helburu batetik abiatzen da, “helmugen modernizazioan eragin eraldatzailea bilatzen du, lurralde-kohesioa eta garapen turistiko orekatua indartuz, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren babespean”.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Jaurlaritzaren Kontseiluak sindikatuen funtzionamendurako diru-laguntzen deialdirako oinarriak onartu ditu gaur. Deialdiaren zenbatekoa 1.055.678 eurokoa da.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetako gaixo-tasari buruzko inkesta egiteko Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) eta Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) arteko hitzarmena lau urtez luzatzea onartu du, hitzarmenaren klausulak aldatu gabe. 

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du dirulaguntzak deitzen dituen Agindu bat, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeek makinak edota ekipamenduak erosi edo errentan har ditzaten. 2,2 milioi euroko diru-kopurua duen deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea, makineria edota ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kuotak finantzatzeko, bai eta makina edo ekipamendu horrek eragindako instalazio-gastuak finantzatzeko ere.

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)