Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

“Adinekoen zaintza hazkunde ekonomikoaren eragile eta enplegu-sortzaile izan dadin lortu behar dugu”

2011.eko urriak 20

 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua "adinekoen zaintza, enplegu-sortzaile denez, Euskadin hazkunde ekonomikoaren eta lehiakortasunaren eragile izan dadin" lortzearen alde mintzatu da gaur.   Hori adierazi du Zabaletak VI. ORUE Sinposioaren inaugurazioan; izan ere, sinposio hori adinekoei laguntzen dieten profesionalentzat antolatu baita. Zahartzearen erronkari kalitatearen eta lanbide-berrikuntzaren parametroetatik aurre egiteko beharra azpimarratu du sailburuak.

Horregatik, gogorarazi duenenez, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia eta Teknologia Planean zahartzea sartu da ikerketako lehenengo lerroen artean, eta Euskadiko Berrikuntza Soziosanitarioko Fundazioa jarri da abian. Fundazioaren helburua ikerketa soziosanitarioaren esparruan lan egiten duten eragile publiko eta pribatu guztiek norabide berean elkarlanean jardutea da.

Egun 65 urtetik gorako 417.000 pertsona baino gehiago daude Euskadin, biztanleriaren % 19,2. Eta datorren hamarkadan kopuru hori % 25era iritsiko da. Hori dela eta, "Europako herrialde gehienetan eztabaidaren gunean kokatzen dira, besteak beste, zahartze aktiboa eta adinekoen duintasunaren eta hautatzeko gaitasunaren errespetua", azaldu du sailburuak.

Horren ildotik, Zahartzen direnen ongizatean eta tratu onean aurrera egiteko ehun proposamen dokumentua aurkeztu berri du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, eta gizartearen eta profesionalen esku jarri du, horren gainean eztabaidatu dezaten. "100 ideia dira, euskal gizarteak eta profesionalek eztabaidari ekin diezaiozuen, adineko bakoitzaren beharrizanei erantzuteko".

Proposamenetako batzuek bidea ireki diote adinekoei zerbitzuak emateko egungo politiken eredua aldatzeko ibilbideen diseinuari, zerbitzu-kartera gehiagorekin. Ibilbide horiek, gainera, komunitatean oinarrituago dauden eta ekonomikoki iraunkorragoak diren ereduak eskaini behar dituzte, pertsona eta haren duintasuna eta eskubideak ardaztzat hartuta. Proposamenek helburu bikoitza daukate: gizarte bat eraikitzea non adinekoek garapenaren parte aktiboa diren eta partaidetza hori aintzat ematen den, eta mendetasun-egoerari lagun egiten dioten proposamenen kartera eskaintzea, egoera hori pertsonari bere bizi osoan zehar datxekion duintasunarekin bateragarria dela aitortuz

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)