Eusko Labela duen Gernikako Piperra merkatuan da jada, mimoaren fruitu den garaiko mokadu gozoa

2022-06-02

• Landatutako azalera zertxobait handitu zen iaz, produktu hori ustiatzen duten 19 ekoizleek 361.870 dozena piper merkaturatu baitzituzten guztira, eta horietatik erdia baino gehiago Eusko Label bereizgarriarekin iritsi ziren merkatura.

• Eusko Labela duten Gernikako Piperren eskakizun organoleptikoek eta ekoizpen sistemak, eta garapen-puntu hoberenean biltzeak, produktu hori sukaldaritzako delicatessen bihurtu dute, euskal gastronomian leku pribilegiatua duena.

Udako baratze-kanpaina hasi da eta merkatuan denboraldi honetako produktuak aurki daitezke, naturaren zikloak errespetatuz hazten diren benetako elikagaiak. Horien artean dago Gernikako Piperra, maiatzetik urrira arte ekoizten den bertako jakia, ahosabai zorrotzenetan leku garrantzitsua aurkitu duena. Alerik onenak Eusko Label zigiluarekin merkaturatzen dira; horrek kontsumitzaileei markapean babestutako produktuaren kalitate gorena, jatorria eta benetakotasuna bermatzen die.

Luzera txikia du, 6 eta 9 zentimetro artekoa, pedunkulu fin eta luzea eta kolore berdea distira txiki batekin. Piper txiki horrek Adierazpen Geografiko Babestuaren (AGB) Europako bereizgarria ere badu. Identifikazio horrek jatorri geografikoari lotuta dauden produktuen ospea eta ezaugarriak egiaztatzen ditu eta nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate araubideei buruzko Erkidegoko erregelamenduan ezarritako baldintza batzuk betetzen dituztela.

Iaz, landatutako azalera, lau hektarea eta erdirekin, aurreko ekitaldikoa baino pixka bat handiagoa izan zen, eta, guztira, Gernikako 361.870 dozena piper bildu ziren, eta horietatik erdiak baino gehiagok Eusko Label egiaztapenarekin merkaturatzeko kalitaterik onena lortu zuten.

Piperrak biltzen diren egunean bertan paketatzen diren bi dozenako ontzitan iristen dira merkatura, eta Eusko Label markaren bidez erraz identifika daitezke. Horrela, produktuaren benetakotasuna bermatzen da; izan ere, Gernikako Piperrak duen onarpen handiagatik eta azken urteotan lortu duen nabaritasunagatik, bere izena iruzurrez erabiltzea erraztu da.

Gernikako piperra produktu berezi bihurtzen duten ezaugarriak

Piperraren jatorria Amerikan bilatu behar den arren, eta penintsulara kontinente hori aurkitu arte iritsi ez zen arren, Gernikako Piperra gure lurraldeko produktu tipiko bihurtu da, eta bertan aurkitu ditu behar agroklimatikoetara eta gure ahosabaien gustuetara egokitzeko behar diren ezaugarriak. Gernikako izen generikoa hartzen du, baina baldintza geografikoa nahiko zabala da; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko klima atlantikoko eremuetan ekoitzi behar da, 585 mm-tik gorako lurruntze-indizearekin. Baremo hori Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historiko guztietara iristen da, bai eta Arabako lurralde gehienetara ere.

Baina klimaren eta lurraren ezaugarriak ez dira Gernikako Piperrari balio berezia ematen dioten ezaugarri bakarrak. Berezitasun gehienak produkzio-prozesu tradizionalari zor zaizkio, baserritarrengandik jasotzen duen igurtzi eta zaintza gozoari. Bilketa eskuz eta mailaz maila egiten da, eta fruitu bakoitza banan-banan biltzeko behar beste pasaldi egiten dira, modu delikatuan, kalterik ez egiteko, eta merkaturatzeko garapen-punturik onenean. Horrela, piperra gaztaroan eta berde dagoenean biltzen da, heltzen utzi gabe; hartara, piperraren samurtasuna, zapore leuna eta larruazal fina bermatzen dira, sukaldaritza-elaborazioan zehar “gabardina” terminoarekin ezagutzen dena sortzeko aukera mugatzeko.

Ezaugarri horiekin guztiekin, Gernikako piperra elaborazio errazeko produktu bihurtu da, eta ezinbestekoa da euskal gastronomian. Aurten, COVID-19aren pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, euskal jatetxeetara ere indartsu itzuli da, urtez urte merkatuetan duen hitzordua betetzen duen produktu bat merkaturatzeko kanal garrantzitsua inondik ere, eta hemendik aurrera, sasoia duen bitartean gozatu ahal izango dugu.

Iruzkin bat
  • 2022-07-01

    Egunon, estamos pensando producir pimientos en invernadero durante todo el año, ¿podría ser pimiento de Gernika? ¿podríamos comercializarlo con ese label?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
  • Bittor Oroz Izagirre
    Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea (XII legealdia)
  • Peli Manterola Arteta
    Haziko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Fundazioa Landa, Isasertz eta Elikagaien sustapenerako (XII legealdia)