Berriak Lehendakaritza

Mikel Antonek PLEk energia-eta ingurumen trantsizioari emandako bultzada azpimarratu du

2022-06-03
  • Europako Gaietarako zuzendariak Pirinioetako Mugaz Gaindiko Lankidetzari buruzko jardunaldi bat ireki du, Euskadik Bruselan duen Ordezkaritzak antolatua.

Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antón arduratu da “Mugaz gaindiko lankidetza Pirinioetan, hidrogenoaren ekonomia berdea garatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko” izeneko jardunaldia irekitzeaz, CTP Pirinioetako Lan Elkartearen idazkari nagusia den aldetik. Euskadik du lan elkarte horren lehendakaritza.

Jardunaldia Euskadiren Europar Batasunerako Ordezkaritzak antolatu du ordezkaritzak Bruselan duen egoitzan, eta Nafarroa, Aragoi, Katalunia eta Andorrako gobernuetako arduradunek hartu dute parte bertan.

Mikel Antonek trantsizio energetikoan hidrogenoak izango duen zeregin nagusia nabarmendu du bere hitzaldian; izan ere, azaldu duenez, aukera ematen du lurraldeen potentzial energetikoa garatzeko eta hainbat erabilera deskarbonizatzeko.

Eusko Jaurlaritzako arduradunak adierazi du Pirinioetako Lan Elkartearen lehendakaritzatik bultzada berri bat ematen ari zaiola hidrogenoaren Pirinioez gaindiko Lantaldeari, zeharkako ikuspegi integral batekin, H2ren ekonomiaren balio-kate osoa kontuan hartuta. Bestalde, Energiaren Euskal Erakundearekin batera, Euskadik koordinatutako Pilotaje Batzorde bat eta hiru azpitalde sortzea proposatu du, 2023ko udazkenera arte aurreikusitako bilera-egutegiarekin, orduan amaitzen da-eta Pirinioetako Lan Elkartearen euskal lehendakaritza.

“Pirinioetako Lan Elkarteko kideok ziur gaude aukera handia dugula energiaren eta ingurumenaren arteko trantsizioaren erronkari erantzun egokia emateko, eta, aldi berean, Pirinioetako Lan Elkartea aktibo garrantzitsua dela beren lurraldeetako herritarren zerbitzura”- esan du amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak