Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak adierazi du harro dagoela “Ertzaintzak egunez egun erakusten dituen bokazioaz, konpromisoaz eta zerbitzuaz”

2022-06-05
  • Merezimenduzko polizia-lana aitortzeko 6 kondekorazioak banatzeko eta 23 zorion-adierazpenak egiteko urteko ekitaldian esan ditu hitz horiek lehendakariak

  • Gainera, ekitaldian zerbitzuan hildako ertzainak eta, bereziki, ETAk hildako 15 ertzainak, ekarri dituzte gogora

Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruzagia buru direla egin da gaur eguerdian merezimendu bereziko egintzak egin dituzten ertzainen polizia-lana aitortzeko zorion-adierazpenak eta kondekorazioak banatzeko eta zerbitzuan hildako eta ETAk hildako ertzainak omentzeko urteko ekitaldia.  

Ekitaldi solemnea Arkauten, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren instalazioetan, egin da, eta bertan izan dira Segurtasun Saileko agintari nagusietako batzuk (Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Miren Goitia Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, etab.), Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko lehendakaria, Iñaki Subijana EHJANren lehendakaria, Gorka Urtaran EUDELeko presidentea, Manuel Lezertua Arartekoa, Denis Itxaso, Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria, Ertzaintzako sindikatu eta elkarte nagusien ordezkariak, buruzagiak, lankideak, omenduen senide eta adiskideak, eta abar.

15 agente hil zituen ETAk 40 urtean

Ekitaldian minutu bateko isilunea egin da eta bi mi txapel gorri jarri dira monolito baten aurrean, zerbitzuan hildako ertzainak gogora ekartzeko. Ondoren omenaldi berezia egin zaie ETAk hildako 15 ertzainei. Horien omenez Euskal Poliziaren Museoko “Hemen Gaude” txokoan grabatutako irudien bideo bat proiektatu da.

Alde horretatik, lehendakariak adierazpen hauek egin ditu: “orain dela 4 urte adierazi zuen behin betiko desegin zela. Orain indarkeriaren kiribiletik aske bizi garen arren, garai berri honi elkarbizitzaren eta adiskidetzearen parametroetatik aurre egin behar diogun arren, ezin diogu utzi, eta ez diogu utzi behar, gogoratzeari eta omenaldia egiteari. Elkarbizitzaren hazia ereiten jarraitu behar dugu indarkeria inoiz ez dadin berriz erne:  euren memoria babestu behar dugu ertzainen eta euskal gizartearen belaunaldi berrientzat”.

6 kondekorazio merezimenduzko egintzak saritzeko

Edizio honetan 6 kondekorazio banatu dira. Bereizgarri zuriko 5 (zailtasun edo garrantzi handiko zerbitzuetan, operatiboetan edo jarduketetan izandako parte-hartze arrakastatsuagatik ematen da, eta horietan dohain profesional edo zibikoa apartak erakutsi direlako, era nabarian nabarmendu direlako polizia-eginkizuna betetzean edo kidegoaren ospea hobetzeko edo zerbitzuan erabilgarriak diren lan eta azterketa profesional edo zientifiko bikainak egin direlako) eta bereizgarri urdineko 1 (beste segurtasun-indar edo -kidego batzuetako kideei, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu publikoetako kideei, segurtasun pribatuko kideei eta segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handiko ekintzak egiten dituztenei eta Ertzaintzaren mesederako edo ospea hobetzeko harekin funtsezko lankidetzan aritzen direnei ematen zaie).

  • Ángel Gil, Ricardo Bañuelos eta Manuel Santos López: Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko zerbitzu zentraletan istripuak berregiteko atalean lan egiten duten hiru ertzain dira, eta polizia-lana aitortzeko bereizgarri zuriko domina bana jaso dituzte 2015eko abuztuan egindako ikerketa batengatik. Hasiera batean Bilboko Abusu auzoan gertatutako istripu batean emakume bat harrapatu zutela pentsatu zuten, baina, azkenean, agente hauek egindako ikerketa-lanari esker, Ertzaintzak egoitza judizialean frogatu zuen hilketa bat izan zela. Hiru agenteak egin ziren ikerketa osoaren kargu, eta behar ziren proba tekniko eta analisi guztiak egin zituzten gertaera argitzeko. Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak 2018ko apirilaren 26an eman zuen kasuaren epaia, eta bertan aipatzen dira istripua berregiteko txostena eta ertzain hauek egindako aditu-frogak, eta hau azpimarratzen du: “txosten horretan biktimak zituen lesioak aztertu ziren, eta, oso bereziki, ibilgailuak gorputzean eragin zizkion markak, eta marka edo lesio horiek zehazki ibilgailuaren zein zatiri zegozkion zehaztea lortu zuten”.
  • Ruth Ortega: bereizgarri zuriko beste domina batekin Ertzaintzako Polizia Zientifikoan lan egiten duen agente honen lan eredugarria aitortu da. Helmen publiko nabarmena duten jardueretan borondatezko parte-hartzea eta herritarren aurrean Ertzaintzaren izen ona indartzen laguntzeko bere konpromisoa baloratu dira. Agentea 2013tik ari da “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” programan parte hartzen. Horrez gainera, errefuxiatuei, migratzaileei eta adinekoen kolektiboei zuzendutako dibulgazio, formakuntza eta informazio jarduera askotan parte hartzen du, bai eta prebentziozko jardueretan ere ONCE eta Gurutze Gorria erakundeentzat. Bestalde, Ertzaintza Euskaditik kanpora aitortzen ere lagundu du, Estatuko Tokiko Polizietako buruzagien elkarteak, UNIVEPOLek polizia-merezimendua aitortzeko bereizgarri zuriko domina eman baitzion, genero-indarkeriaren kontrako borrokan erakutsitako konpromisoagatik.
  • Roberto Izaga: Polizia Zientifikoko beste agente batek ere bereizgarri zuriko domina jaso du lan zientifiko-kriminalistikoa hedatzen egindako lanarengatik. Agente hau bere ezagutzak partekatzeko, ingurukoei laguntzeko eta Ertzaintzaren irudi moderno, integratzaile, gertuko eta profesionala publikoki zabaltzeko prest agertzen da beti.
  • Jorge Óscar Figini:Buenos Aireseko Probintziako Poliziako kide honek bereizgarri urdineko domina jaso du Ertzaintzak eta Buenos Airesko Poliziak elkarlan estuan lan egiteko egin duen lanarengatik eta ahaleginarengatik. Bi polizia-kidegoek informazioa eta esperientziak trukatzen dituzte, jardunbideak elkarrekin egiten dituzte eta negoziazioko eta esku hartzeko teknikak lantzen dituzte. Ahalegin horri esker, Ertzaintza hobeto prestatuta dago nazioarteko terrorismoari, krimen antolatuari, substantzia sorgorgarrien trafikoari, ibilgailuen lapurretari eta dokumentuen faltsifikazioari aurre egiteko. Gainera, Jorge Óscar Figinik munduan Ertzaintzaren irudi eta izen ona hedatzen laguntzen du.

23 zorion-adierazpen

Ekitaldian 2021ean zerbitzuan merezimendu bereziko egintzak egin zituzten ertzainen izenen jendaurreko irakurketa ere egin da. Merezimenduzko egintza horiek espediente pertsonaletako oharretan jasota geratzen dira, eta gaur jaso dutena bezalako aitorpen publikoa jasotzeko arrazoia dira. Aurten guztira 23 pertsona zoriondu dituzte polizia-lan aipagarria egin dutelako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak