Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Idoia Mendiak Espainiako lehenengo emakumezko epaileari, Josefina Triguerori, emango dio 2011ko Manuel de Irujo saria

2011.eko urriak 20

Ekitaldia gaur egingo da Bilboko Zabalgune eraikinean

Magistratua 1977ko abenduan sartu zen karrera judizialean eta aldi batez Donostiako epaitegietan bete zuen bere lana. Gaur egun, Madrilgo Auzitegi Nagusian lan egiten du

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Idoia Mendiak, Justizia arloko Manuel de Irujo 2011 saria emango dio gaur orain dela 33 urte Espainiako lehendabiziko emakumezko epaile bihurtu zen Josefina Triguerori (Madril, 1946). Bere jurisdikzio-jardunbidea guztiz bat datorrelako epaileek izan beharreko lanbide-dohainekin eta Espainian karrera judiziala egiten lehenengo emakumea izatea bere garaian ohiz kanpokoa izan zelako erabaki du epaimahaiak saria berari ematea (1977ko abenduan ekin zion karrera judizialari, eta Justiziaren balioak bultzatzeko eta Zuzenbidea sustatu eta garatzeko bide berri bat ireki zuen).

Josefina Triguero Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean. 1977an karrera judizialari ekin zion, eta 1978ko urtarrilean hasi zuen bere lanbide-ibilbidea, epaile-lanetan, Navalmoral de la Matan (Cáceres). HHan jardun ondoren, Donostia, Bartzelona eta Madrilgo epaitegietan jarraitu zuen lanean. Gaur egun, Madrilgo Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako magistratua da.

Triguerok epaietan teknika juridiko jasoa erakusten duela eta lan-arloko jurisdikzioko lan-gatazkak konpontzeko ahalegin handiak egiten dituela azpimarratzen dute bere lankideek. Bere ibilbideak erakusten du karrera judizialaren feminizazioaren sustatzaile nagusia dela (1966 arte karrera judiziala emakumeentzat debekatuta egon zen Espainian).

Manuel de Irujo Sariaren bidez, publikoki goraipatu nahi da jardunbide pertsonal edo profesionalen bidez Justiziarekiko eta haren balioekiko konpromisoan eredugarri diren eta Zuzenbidearen edozein diziplina edo espezialitate garatzen eta sustatzen duten pertsonen eta taldeen jarduera. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak urtero ematen duen saria da eta Nestor Basterretxea eskultore ospetsuaren lan batez, aintzatespen publikoa egiteko ekitaldi batez eta 15.540 euroko diru-kopuruaz osatuta dago.

Aurreko edizioko saria José Manuel Fínezek jaso zuen. Fínez Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburuordea izan zen 2009ko maiatzetik 2010eko urriaren 15ean hil zen arte.

Manuel de Irujo y Ollo jaunaren oroimenez ematen zaio izen hori sariari. Lizarran jaio zen 1891ko irailaren 25ean, eta Espainiako II. Errepublikako Justiziako ministro izendatu zuten 1937ko maiatzaren 17an. Irujok, bere kargua hartu zuenean, erakundeetan egin behar zuen lanaren printzipioak aldarrikatu zituen: gizarte-berdintasuna, gizabanakoen askatasuna, demokrazia politikoa, justizia, zuzenbide-estatua eta botere judizialaren independentzia. Oso egoera lazgarrian borrokatu behar izan zuen printzipio horien alde.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)