Berriak Hezkuntza

Ikerbasqueko 200 Ikertzaile inguru bildu dira gaur sinergiak bilatzeko, ikerketan aurrera egiteko helburuari begira

2022-06-01
  • 30etik gora herrialde eta jakintza-arlo guztietako zientzialariak bildu dira gaur Getarian, baterako guneak identifikatzeko eta ikerketa-proiektuetan aurrera egiteko dituzten beharrak zehazteko.
  • Ikertzaile hauek guztiek Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lan egiten dute.

Gero eta konplexu eta eklektikoagoa den egungo munduan, funtsezkoa da zientzian aurrera egiteko ezagutzaren hainbat diziplinatako ikertzaileen artean sinergiak eta baterako guneak bilatzea, garatzen diharduten ikerlanetan aurrera egiten laguntzearren. Hori dela eta, Ikerbasquek Getarian bildu ditu gaur Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten nazioarteko 190 ikertzaile, datozen urteetan Euskadin zientzia sustatzen lagunduko duten haien arteko baterako guneak identifikatzeko.

Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa arduratu dira jardunaldiari hasiera emateaz. Jardunaldiaren irekieran, Morais sailburuordeak Ikerbasqueren 15. urteurrena aipatu du, eta ibilbide honetan, egun dituen 312 ikertzaileekin, Zientziarako Euskal Fundazioa talentua erakartzeko programarik garrantzitsuena bihurtu dela nabarmendu du, bai Euskadin baita Estatu osoan ere. Moraisen esanetan, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) zentrorik gehienetan egiten dute lan, eta honek argi utzi du “Ikerbasquek funtsezko eginkizuna duela bere ikertzaileen bitartez, sarea osatzen duten zentroen arteko lankidetza sustatzeko helburuari dagokionez, ZTBESen gaitasunak nabarmen hobetuz”.

Bestalde, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak ikerketaren aldeko apustuari eta arlo honetako inbertsioari eusteko beharra azpimarratu du. Epe luzean, ikerketak produktu eta zerbitzu berriak sorrarazten ditu, euskal enpresen lehiakortasuna hobetu eta aberastasuna eta enplegua sortu ahal izateko. Epe laburrean, ikerketa arloko inbertsioak berehalako itzulkinak lortzen ditu Euskadira erakarritako funtsen bitartez, eta hauek ere inbertsioa eta enplegua sortzen dituzte.

Jarraian, Ikerbasqueko ikertzaileek, lantaldeetan banatuta eta ikerketa arloan duten esperientzia zabalaz baliatuta, egun garatzen ari diren lan-ildoak aurkeztu eta beren-beregi nabarmendu dituzte egungo nahiz etorkizuneko ikerketak sustatzeko dituzten beharrak. Guztira 34 ikertzailek parte hartu dute, hainbat jakintza-arlori lotuta: minbizia, Alzheimerren gaixotasuna, demografia, klima-aldaketa, joku-teoria edota material berriak baterientzat.

Ikerbasqueren programen helburua argia da: talentua erakarri eta atxikitzea. Horretarako, alde batetik, ikertzaile-lana atzerrian egiten ari direnak erakarri nahi dituzte, karrerako uneren batean kanpora joan behar izan zuten Euskadiko ikertzaileak itzularazteko ahalegina eginez; eta bestetik, ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzen dizkiete dagoeneko Euskadin ikertzen dihardutenei.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío