Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriola alokairuko etxebizitzak finantzatzeko aukera emango duten tresna berriak bilatzearen alde

2011.eko urriak 20

Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak esan du gaur Bilbon, ekonomia eta finantzaketa arloko zailtasunak gorabehera, bere sailaren lehentasunak ez direla aldatu, eta hortaz, alokairua bultzatzeko politikaren alde egiten jarraituko duela.

Eusko Jaurlaritzak hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko eta, hortaz, alokairuko etxebizitza gehiago izateko Eusko Jaurlaritza egiten ari den ahalegina azpimarratu du. Alde horretatik esan du Eusko Jaurlaritzaren  2010-2013rako Etxebizitzako Plan Zuzentzaileari esker, Bizigune programako egungo 5.000 etxebizitzetatik 6.000 etxebizitzetara helduko garela.

Gainera, urtea amaitu baino lehen, Eusko Jaurlaritzak beste 3.000 etxebizitza mobilizatu nahi ditu, jabe eta maizterren arteko bitartekaritza-programa berri baten bidez. Programa horren bidez, gobernuak  alokatutako etxebizitzetan izandako kalteak eta ordaintzeke utzitako alokairuak estaltzeko aseguru bat egingo du.
Etxebizitza horien errentak, egun merkatu librean eskatzen diren errentak baino merkeagoak eta eskuragarriagoak izango dira; izan ere, urtean 39.000 mila eurora arte irabazten duten pertsonek alokatu ahal izango dituzte.

Arriolak Bilboko Euskalduna jauregian egin den  Etxebizitza-politika publikoen finantzazioari buruzko jardunaldian egin ditu adierazpen horiek.

Arriola alokairuko etxebizitzak finantzatzeko aukera emango duten tresna guztiz berri eta ausartagoak bilatzearen alde agertu da, kontuan izan behar baita aurrekontuak mugatu beharrean gaudela eta finantzazioa lortzeko zailtasunak daudela. Alde horretatik, argi eta garbi defendatu du babestutako alokairuko etxebizitza gehiago izateko finantzazioa  lortze aldera, inbertsio pribatua erakartzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen apustua.

Etxebizitza Sailak planteatu duen lankidetzarako tresnarekin, inbertsiogile pribatu batek 4.000 etxebizitza jarriko lituzke Jaurlaritzaren esku, 20 urtetarako, Jaurlaritzak, aldi berean, Etxebiden izena emanda dauden pertsonei alokatzeko.

Jaurlaritzak etxebizitza eta hileko, 700 euro ordainduko lizkioke inbertsiogile pribatuari, baina maizterrek ordainduko luketen errentarekin % 42 inguru "berreskuratuko" luke.

"Eragiketa honekin alokairurako izango diren etxebizitza berriak eraikiko direla bermatzen da; Alokabideren etxebizitzei alokairuaren merkatuan gelditzen zitzaien epea luzatu egiten da; eta Visesa eta Alokabide sozietate publikoak saneatuta geratuko dira, lehenengoak etxebizitzak eraikitzen jarraitzeko, eta bigarrenak, berriz, babestutako alokairua kudeatzen. Baina batez ere, 4.000 etxebizitzako parke hori izaten jarraituko dugu, datozen 20 urteetan gutxienez, eta horrela, alokairuaren aldeko apustuarekin jarraitu ahal izango dugu", esan du Arriolak.

Sailburuak beren etxeetatik bota dituztenen auzia ere aipatu du, gero eta gehiago baitira Euskadin,  nahiz eta batez bestekoa Espainiakoa baino baxuagoa izan.

Arriolak azaldu du aurtengo finantzazio-lankidetzarako hitzarmena aldatu egin duela, Eusko Jaurlaritzaren aldetik babes publikoko etxebizitzak berriro erosteko bermea handitzeko. Aldaketa horri esker, Eusko Jaurlaritzak maileguaren bizitza osoan mailegu horrengatik erantzungo du, eta inork, enplegua galdu duelako, ezintasun iraunkor osoko egoeran dagoelako edota autonomo gisa lan egiteari utzi diolako, ezin ordainduan gertatzen bada, Jaurlaritzak ordainduko du.

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza erosi egingo dio jabeari, zorra kitatu (jabeari zorrarekiko betebehar guztiak kenduta), eta zor biziaren eta etxebizitzaren prezioaren arteko aldea jabeari emango dio, halakorik badago.

Pertsona horiek lehentasuna izango dute sailak sustatutako etxebizitza-programetan, eta Jaurlaritzak horrela eskuratutako etxebizitzak Etxebiden izena emanda dauden pertsonei saldu edo alokatu egingo zaizkie.

Euskalduna jauregian egin den jardunaldian zehar  etxebizitza-politikak finantzatzeko hainbat alternatiba aztertu dira. Ekitaldi horretan etxebizitzen arloan adituak diren pertsonek hartu dute parte, eta bakoitzak bere ikuspuntutik etxebizitzaren arloak bizi duen egoera zaila desblokeatzeko irtenbideak proposatu dituzte.

Frantzia, Katalunia eta Andaluziako esperientzia berritzaile eta jardunbide egokien berri eman dute, eta Europako Inbertsio Bankuak, Kreditu Ofizialeko Institutuak eta KOntsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak ere hartu dute parte.

Jardunaldian alokairurako izango den babestutako etxebizitzak eraikitzeko finantzazioa bilatzeko ahaleginaz hitz egin dute, bai eta herritarrek, eta batez ere  gizartetik baztertuta geratzeko arriskua dutenek, etxebizitza errazago eskuratzeko aukera emango duten tresnei buruz ere.

Gainera, "higiezinen burbuila" lehertu zenez geroztik, etxebizitzen inguruko krisi larriaren ondorioak arintzeko herri-administrazioen burutzen ari diren neurri zehatzak ere azaldu dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)