Berriak Lehendakaritza

Gobernu Kontseiluak etxebizitzen alokairua eta birgaitzea babesteko programetara 71,6 milioi euro bideratzea onartu du

2022-05-31
  • Eusko Jaurlaritzak Bilboko lehengo saneamendu-sarea, monumentu-multzo izendapenaz, babes bereziko kultura-ondasun izendatu du

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez Gobernu Kontseiluak onartu du  71.600.000 euro bideratzea alokairu sozialerako eta etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programak finantzatzeko.

Finantzatutako programen artean, alde batetik, 38 milioi euro esleitu dira egiturazko berrikuntzen (estalkiak eta fatxadak), irisgarritasunaren (igogailuak instalatzea, batez ere) eta energia-efizientziaren bidez bizitegi-eraikinak eta etxebizitzak birgaitzea bultzatzeko. Diru laguntza hauen bidez estimatzen da 250 milioi eurotik gorako inbertsio pribatuak mobilizatuko direla sektore honetan. Eta, bestetik, errentamendu babestua sustatzeko 19 milioi euro bideratuko dira hiru urtetan zehar: 1,7 milioi ekitaldi honetan, 2022an bertan 5,5 milioiko gastuak konprometituko dira 2023rako, eta 11,8 milioikoak 2024rako. Funtsean, sustapen berriko operazioak sustatzeko edo aurretik zeuden etxebizitzak birgaitzeko erabiliko dira partida hauek, baita Sustatzaile publiko eta pribatuen alokairu sozial eta eskuragarriko etxebizitzak egiteko ere. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 3,5 milioi euro ematea Europako funtsetatik Euskal Autonomia Erkidegoko 12 toki-erakunderi, gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak abian jar ditzaten. Proiektu horietan, 186 pertsonak parte hartu ahal izango dute, baldin eta BGD eta/edo DSBE jasotzen badute. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak koordinatuko du haren gauzatzea. 

Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailari lotuta, alde batetik, Gobernuak Euskal Kultura Ondareari buruzko Legea aldatzeko proposamena errefusatzea erabaki du gaurkoan. EH Bilduk planteatutako proposamena aztertu ondoren,  Kontseiluak ez du begi onez ikusten Euskal Kultura Ondareari buruzko 2019eko Legearen aldaketa, besteak beste, talde honek proposatzen duen lege proposamenean planteatutako gaiak dagoeneko araututa eta jasota daudelako.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Bilboko lehengo saneamendu-sarea, Monumentu-Multzo kategoriarekin, Babes Bereziko Kultura-Ondasun deklaratzeko dekretua. Sare hori Bilbon eta Getxon dago.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak