Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik Espainiako gastronomia-ekitaldirik handiena inauguratu du Madrilen

2011.eko urriak 19

Millesime-k bere bosgarren edizioa ireki du gaur, eta Euskadi izan da gonbidatutako autonomia-erkidegoa.

Ekitaldi horretan, hogeita hamar bat chef ospetsurekin batera, Euskadiko lau sukaldarik parte hartuko dute. Ekitaldiaren barruan, bazkari esklusiboak emango dituzte, pintxoak prestatuko dituzte zuzenean, platerei buruzko tailerrak egingo dituzte, eta ardoak eta likoreak dastatuko dira. Arabako Errioxako 17 upategitako 40 ardo baino gehiago aurkeztuko dira.

Martin Berasategi sukaldariak eta Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muelak inauguratu dute datorren ostiralera bitarte Madrilgo Casa de Campon egingo den Millesime ekitaldia.

Euskadik eman dio gaur hasiera Millesimeri, hots, Espainian urtean behin egiten den gastronomia-ekitaldi handienari. Martin Berasategi sukaldariak eta Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muelak inauguratu dute goi-mailako gastronomiaren erakustoki handi hau, eta datorren ostiralera bitarte iraungo du Madrilgo Casa de Campon. Ekitaldi horretan, 30 sukaldarik baino gehiagok hartuko dute parte (guztira 20 Michelin izar inguru dituzte). Sukaldari horien artean, Euskadiko sukaldari hauek daude: Fernando Canales, Bilboko Etxanobe jatetxekoa; Rubén Trincado, Donostiako Uliako El Mirador jatetxekoa; Senen González, Gasteizko Sagartokikoa; eta Álvaro Mina, Bilboko Mina jatetxekoa.

Millesime gastronomia-alorreko luxu handia da; izan ere, egun bakoitzean hiru jatetxek parte hartzen dute, eta hiru sukalde-taldek diseinatutako sei platerak osatzen duten menu bat eskaintzen dute. Talde horietako batean, Rubén Trincadok parte hartzen du. Horretaz gain, Canalesek, Senen Gonzálezek eta Garridok hiruna pintxo aurkeztuko dituzte show cooking deiturikoan; sukalde-erakustoki txikiak dira, non sukaldariek zuzenean egiten dituzten beren sorkuntzak eta gonbidatuek sorkuntza horiek dastatzeko aukera duten. Millesimek gastronomia-jarduera mota oro garatzen den hiri bat birsortzen du: bazkariaz gain, Open Bar bat edo bost tailer daude, eta tailer horietan sukaldari, sommelier eta barman onenek eskola magistralak ematen dituzte. Euskadiko hiru sukaldariek hitzaldi bana emango dute tailer horietan. Hitzaldietako gaiak honako hauek izango dira: kokotxak pil-pilean, landare-lamina deshidratatuak edo zaporean eta kontrasteetan oinarritutako sukaldearen bikaintasunak.

Era berean, Donostiako Ardotekako Nerea Goñi sommelierra ere bertaratuko da Millesimera, eta parte hartuko duten Arabako Errioxako ardoak aurkeztuko ditu: zehazki, Arabako Errioxako 17 upategitako 40 ardo baino gehiago.

Ekitaldia ikusgarria da (egun bakoitzean 800 pertsona sar daitezke gehienez); izan ere, urdaiazpikoaren kale bat dago, izen handiko marken postuekin, eta garagardoaren beste kale bat.

Euskadi Millesimeren protagonista nagusia izateko gonbidatu izanak egiaztatzen du Euskadik gastronomia-alorrean garrantzi handia duela; izan ere, Michelin izar gehien dituen autonomia-erkidegoa da: zehazki, 25 izar 17 ostalaritza-establezimendutan banatuak. Gastronomia Euskadiren bereizgarri handienetako bat da, eta turismoa erakartzeko arrazoi handi bihurtu da, bisitarien zifrak Euskadiko historiako onenak diren garaian.

Gaur egingo da ekitaldia, eta bihar Patxi López lehendakariak Euskadiren turismo-erakargarritasun guztiak erakutsiko ditu New Yorken, AEBetatik etortzen diren turisten kopurua areagotzen jarraitzeko helburuarekin. Ekitaldi horretan, enpresa-alorreko 400 gonbidatu, kazetariak eta New York hiriko turismo-sektoreko beste profesional batzuk elkartuko dira.

Madril, 2011ko urriaren 19a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)