Elkarlan Sariak
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Euskadik eta Georgiak harremanak estutu dituzte kultura eta euskara arloan

2022-05-26

Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, hainbat bilera egin ditu Georgiako agintari kultural eta akademikoekin, bi gobernuen artean dauden harremanak sendotzeko eta baterako proiektuak garatzeko.

Estatuko unibertsitatearen campusean Gernikako arbolaren kimu bat landatzeko ekitaldian parte hartu eta gero, Iturbe bertako errektore George Sharvashidzerekin eta bere lantaldeko kide batzuekin bildu da, erakunde akademiko honekin urteetan zehar landu diren lankidetza-ildoen jarraipena egite aldera.

Izan ere, Georgiako Ivane Javakhishvili Tbilisi State University-k harreman estua dauka euskararekin eta euskal kulturarekin, 2019tik Etxepare Euskal Institutuarekin abiatutako lankidetzari esker. Elkarlan horren ondorioz,  euskara eta euskal kulturako irakurletza berria zabaldu zen 2021-2022 ikasturtean, euskal ikasketak georgiar unibertsitatearen eskaintza akademikoari gehituz.

Era berean, Kultura sailburuordea Tamar Tsulukidze Kultura sustatzeko eta sormenerako zuzendariarekin bildu da eta euskalgintzaren eta euskal kulturaren dibulgazioa elementu nagusi duten hainbat proiektu aztertu dituzten elkarrekin.

Tblisiko unibertsitateak Literatur Konparatuen Nazioarteko Kongresua hartuko du aurten, uztailaren 25etik 29ra bitartean, eta Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez kongresu horrek egun oso bat eskainiko die euskal eta georgiar literatura konparatuei.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)