Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak hitzaldia eman du John Hopkins unibertsitatean

2011.eko urriak 20

Washingtonera egin duen bidaian lehendakariak merkatu interes «berekoiek eta espekulatzaileek» demokrazia menderatu izana kritikatu du


Lehendakariak gaur arratsaldean Washingtongo John Hopkins unibertsitatean eman duen hitzaldiak politikaren paperaren aldarrikapena izan du ardatz. «Geure burua demokratatzat dugunok axola zaizkigun gai guztiak berreskuratu behar ditugu elkarrizketa politikoari ekiteko». Nazioarteko Ikasketa Aurreratuen Zentroan, Patxi Lopezek ongizate estatua defendatu du eta merkatuen hegemoniaren aurrean, politikaren pisua berreskuratzeko beharra adierazi du.

Lehendakaria AEBetan dago erakunde-bidaia batean eta hango hiriburua ere bisitatu du, Euskadiko ongizate-estatua aldarrikatzen duen hitzaldia emateko. Esan duenez, berau, ekonomikoki hazteko politiketan oinarritua dago, «azken urteotan sortu dugun babes sozialeko sisteman eraginik eduki gabe».

Lehendakariaren hitzetan, finantza-krisiak garbi utzi du «garai berri baten atarian» gaudela, hau da, mundua aldatzen ari dela eta gure sistema ere aldatu behar dugula, ez badugu porrotaren biktima izan nahi.

Horregatik, «sistema finantzarioari gailenduko zaion kontrol politiko handiagoa» behar dugula azaldu du, «akats zaharrak zuzendu beharrean, taktika eta estrategia berberetan tematzen baita».

Ildo horretatik, lehendakariak, lehenik eta behin, politika gehiago aldarrikatu du Europan, «ez beste herrialde batzuen aurkako bandera aberkoi gisa, baizik eta batasunerako dei bezala», krisiaren aurka hartzen diren neurri zehatzak alde batera utzita.

Bigarrenik, Euskal Exekutiboko buruak Espainiarentzako politika gehiago eskatu du, beste eredu bat planteatuz, hori «baita sozialistek defendatzen duguna». Era horretan, zerbitzu publiko eta gizarte politiken aurka egin ez dadin ere galdegin du lehendakariak.

Azkenik, Euskadirentzako politika gehiago ere eskatu du Patxi Lopezek eta «krisiari aurre egiten dion bitartean, mende berrira egokitzeko eskaerari dagokionez», bere gobernua «jarraitu beharreko eredu bat» delako uste osoa azaldu du. Izan ere, lehendakariak erreforma aipagarriak planteatu ditu; besteak beste: hirueletasuna hezkuntzan, gaixo kronikoen aintzatestea osasunean, gardentasunaren aldeko apustua administrazio publikoaren alorrean, industria-politika eta gizarte-laguntzak.

Zerga politika

Agerraldian, lehendakariak zerga politikaren gaineko eztabaidari ekiteko garrantzia nabarmendu du. Bere ustez, zenbait galdera planteatu behar ditugu «eta ez da zer zerga ordaindu nahi ditugun, baizik eta zer zerbitzu jasotzea espero dugun. Zer hezkuntza, zer osasuna, zer gizarte-estaldura, zer azpiegitura, zer justizia... eta horri guztiari nola egin diezaiokegun aurre ditugun baliabideekin».

Azkenik, Patxi Lopezek esan du AEBetara egiten ari den bidaiak argi uzten duela tokiko politikak ere garrantzi handia izan dezakeela nazioarteko esparruan. «Ezin dugu munduko ekonomia eredua aldatu, baina munduan barrena bidaia dezakegu», hau da, «ekonomia handiek Euskadiko ekonomia hobetzeko eskaintzen dizkiguten aukera zehatzak baliatzea».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)