Garamendi: “Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ez daude hauteskundeetan. Ez dago aitzakiarik egiteke dauden transferentziak ez betetzeko”

2022-05-26
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak adierazi du ezerk ez duela justifikatzen adostutakoa ez betetzea, eta egintzak eskatu ditu, ez bakarrik hitzak
  • Garamendik dioenez, Administrazio Orokorrerako lan eskaintza publikoak eskaintzen diren lanpostu huts guztiak hartzen ditu, eta ez du inolako eragozpenik
  • Jakinarazi du bi egunetan dagoeneko 5.000 eskaera baino gehiago aurkeztu direla aurtengo lehen deialdirako Administrazio Orokorrean

Espainiako Gobernua ez dela Gernikako Estatutua betetzen ari salatu du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak, ez eta Espainiako Gobernuak onartutako egutegian jaso diren transferentziei buruz emandako hitza ere. Olatz Garamendik adierazi du ezein aitzakiak ez duela balio eskualdaketak ez gauzatzeko, ezta balizko hauteskundeena ere, “legegintzaldiak indarrean jarraitzen duelako eta nik dakidala ez gaudelako hauteskundeetan, ez Espainiako Gobernua, ez Eusko Jaurlaritza”.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Sailburuak adostutakoa betetzeko borondate politikoa eskatu dio Pedro Sanchezen Gobernuari. “Borondatea ez da hitzez bakarrik adierazten, ekintzez baizik; legea eta hitza betetzea eskatu behar zaio, eta Espainiako Gobernuaren borondatea ikusteko dago”, azpimarratu du. Ildo horretan, Espainiako presidenteari eskatu dio bere agendan lehentasunezkotzat har dezala egiteke dauden transferentziak gauzatzea. Garamendik dio, denbora nahikoa dagoela transferentziak egiteko, “baina horretarako mahai gainean jarri behar dira gaiak”.

Garamendik kritikatu duenez, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (IMV) eskualdatzeko akordioaren ondoren, ez da "aurrerapausorik" eman egiteke dauden gainerako transferentzietan, nahiz eta Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzak bidalitako hainbat proposamen zehatz esku artean dituen (meteorologia, itsasertzaren kudeaketa, zinematografiari laguntzeko funtsa eta inmigrazioa), baita trenbideko garraioarena ere, Espainiako Gobernuak Lakuara bidalia eta Autogobernu Sailak erantzunda.

Gizarte Segurantzaren transferentziari buruz galdetuta, Sailburuak ziurtatu du euskal administrazioa "prest" dagoela transferentzien egutegian jasotako gai guztiak negoziatzeko, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketaren eskumena barne. Ildo horretan, transferentzia horren inguruko “beldurrak eta aurreiritziak” alde batera uzteko eskatu du, eta zehaztu du “ez garela kutxa bakarraren hausturaz ari, baizik eta eguneroko prestazioen kudeaketa ekonomikoaz, hala nola edoskitzaroaz eta gaixotasun larriez haurrengan...”.

Lan eskaintza publikoa Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Administrazio Orokorrerako eta haren erakunde autonomoetarako 2022ko lan eskaintza publikoa ere izan du hizpide, eta prozesu horretan hutsik dauden lanpostu guztiak sartu direla ziurtatu du. Eskainitako plazen kopurua zalantzan jarri dutenen aurrean, azaldu du Administrazio Orokorrean 6.315 plazako egiturazko plantilla dagoela, eta "orain eskaintzen ari garena eta deialdietara eramango dena ia 3.700 dira, hau da, eskain daitezkeen lanpostu huts guztiak, ez gara bat ere eskasten ari".

Bitartekotasuna murrizteko erabaki irmoa hartu duela adierazi du, eta zehaztu du beste gauza bat ere badagoela: “gizarte eragile jakin batzuek egiturazkoak ez diren plazak edo titular bat duten edo behin-behinekotasun jakin bat duten plazak atera nahi izatea prozesuetara”.

Garamendik gogorarazi du azken urteetan bitartekotasun tasak gora egin duela, batez ere "zailtasunak" direla eta, birjarpen-tasen mugak direla eta, eta errealitate horrek “aurre egin beharreko erronka baten aurrean jartzen gaitu”. Ildo horretan, deialdira aterako diren plazekin, Administrazio Orokorreko bitartekotasuna Europako agintariek ezarritako % 8tik behera kokatuko dela adierazi du.

Plazak deituta dauden prozesuetan parte hartzeko izena emateko epea iragan asteartean hasi zen, eta Sailburuak aurreratu duenez, bi egunetan 5.000 eskaera baino gehiago jaso dira aurtengo lehenengo deialdirako. Aurten Administrazio Orokorrean deituko diren ia 3.700 plazetatik, %61 merezimendu lehiaketa bidez esleituko dira, hau da, azterketarik gabe, eta gainerakoa lehiaketa-oposizio bidez, azterketa eginda.

Sailburuak ziurtatu du prozesua segurtasun juridiko osoz garatuko dela, eta azpimarratu du, bere garaian, Eusko Jaurlaritzak Kidego eta Eskalen euskal Legea egin zuela. Lege horrek prozesu mugatu bat jasotzen zuen, Administrazio publikoan lanean ari ziren pertsonak finkatu ahal izateko, baina Konstituzioaren aurkakotzat jo zen. "Orduan, ez gintuen ia inork lagundu eta babestu, eta Kidego eta Eskalen Legea aldatu behar izan genuen, eta orain guztiz bateragarria da orain ari garen finkatze prozesuekin", adierazi du.

Deialdi horietarako euskarari eta hizkuntza eskakizunei dagokienez, Garamendik adierazi du plaza bakoitzean dagoen plangintzaren arabera zehazten dela euskararen eskakizuna. Argitu duenez, ez da hizkuntza eskakizunik aldatu deialdi horietarako, eta, beraz, hizkuntza eskakizuna eta derrigortasuna duten plazak eta hizkuntza-eskakizunik ez dutenak aterako dira. Ildo horretan, gaineratu du hizkuntza eskakizuneko baldintzak dituzten lanpostuetan, “karrerako funtzionario izateko eskakizuna bete behar duzula, eta ez dituzunetan, jakina, ez duzula bete behar”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak