Akordioa irakasle funtzionarioen negoziazio-mahaian
- Hezkuntza Sailak, STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordioa sinatu dute euskal hezkuntza sare publikoaren antolakuntza modernizatzeko eta ardatz estrategikoak indartzeko
- Ratioak jaitsiko dira hainbat hezkuntza-etapatan
- Akordioak, besteak beste, honako elementu hauek ere jasotzen ditu:
- Ingelesa 3 urtetik aurrera ematen hastea. Ingeleseko irakasle kopurua ugaritzea
- Soin Hezkuntzako irakasleak gehitzea Lehen Hezkuntzan
- Hezkuntza Premia Bereziei loturiko baliabideak ugaritzea
- Egiturazko ez diren plazak egiturazko bihurtzea
- Zuzendaritza-eginkizunetara bideratutako baliabide gehiago
Hainbat hilabetez elkarrizketan eta negoziazioan aritu ondoren, Hezkuntza Sailak eta Irakasle funtzionarioen negoziazio-mahaian dauden sindikatuetako ordezkarien gehiengoak akordioa lortu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Akordio horrek STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesa izan du, mahai honetako ordezkaritza sindikalaren %80,18rena.
Adostutako dokumentuaren helburua ikastetxeen antolaketa eguneratzea da, baita sare publikoan estrategikotzat jotzen diren ardatzak sustatzea ere. Ikastetxeen kudeaketari, funtsezko esparruak indartzeari eta plazak finkatzeari buruzko alderdiak jasotzen ditu. Zehazki, testuak honako hauek jasotzen ditu:
- Ingelesa 3 urtetik aurrera ematen hastea, eta ikasgai honetarako irakasleen kopurua handitzea. Soin Hezkuntzako ere irakasleak gehitzea, Lehen Hezkuntzan
- Egiturazko plaza ez direnak ikastetxeko plaza egonkor bihurtzea
- Hezkuntza Premia Bereziei loturiko baliabideak gehitzea
- Zuzendaritza-eginkizunak betetzeko baliabideak handitzea
- Proiektuak garatzeko baliabideen esleipena handitzea: berrikuntza, hizkuntza edo pedagogia-proiektuetarako, STEAM Estrategia…
- Bigarren Hezkuntzan 20 ikasleko kopurua gainditzen duten taldeei tutoretza bikoitza esleitzea…
- Irakaskuntza-lanaren berezko eginkizunekin zerikusirik ez duten administrazio-zereginetatik libratzeko profil profesionalak sortzea. Profil administratiboak eta digitalizazioaren kudeaketakoak.
Ratio berriak
Adostutako dokumentuan nabarmentzekoa da, halaber, hezkuntza-etapetarako ezarritako gehienezko ratioetan izango den aldaketa. Era honetan antolatuta geldituko dira:
Haur Hezkuntza, lehen zikloa: 18 ikasle (egun 18 dira)
Haur Hezkuntza, 2. zikloa: 20* ikasle (egun 23 dira)
Lehen Hezkuntza: 23** ikasle (egun 25 dira)
Derrigorrezko Bigarren Hezk.: 25 ikasle (egun 25 dira)
Batxilergoa: 27*** ikasle (egun 30 dira)
*Ratio jaitsierak 2023-24 ikasturtetik aurrera arian-arian aplikatuko dira: 2023-24 ikasturtetik aurrera 3 eta 4 urteko geletan, eta 2024-2025 ikasturtean 5 urteko geletan
** Arian-arian aplikatuko da 2023-24 ikasturtetik aurrera Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetako geletan.
*** Arian-arian aplikatuko da 2024-25 ikasturtetik aurrera Batxilergoko lehen mailako geletan.
Taldeak osatzeko ezarritako ratioaz gain, ikasle/irakasle ratioa ere jasotzen da etapa guztietan, oro har. Etapa bakoitzak irakasle-hornidura izango du, ikasleak/irakasleak ratioa honako hau izan dadin:
Bi urteko gelak: 1/12
Haur Hezkuntza, 2. zikloa: 1/18
Lehen Hezkuntza: 1/20.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 1/20.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondokoa (Batxilergoa): 1/25.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak poza agertu nahi du irakasle funtzionarioen negoziazio-mahaia osatzen duten guztiek egindako lanagatik. Sailak uste du gehiengo sindikalarekin lortutako akordioak hezkuntza publikoa hobetzeko eragin zuzena duela.
Hezkuntza Saila eta sindikatu sinatzaileak prest azaldu dira akordio berriak lortzeko helburuarekin hitz egiten jarraitzeko.