Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak akordioa proposatu dio Escrivá ministroari Ukrainako familiek etxebizitza-parkea erabiltzeko aukera desblokea dadin

2022-05-26
  • Dokumentua gaur goizean aurkeztu zaio Ukrainako Jarraipen Mahaiari, eta Ministerioari igorriko zaio, adostu eta onar dadin
  • Zehar Errefuxiatuekin erakundea hasi da herritarren elkartasunaren bidez eskainitako bizitegi-baliabideak kudeatzen
  • Caritasek Azken Sarea Indartzen programaren laguntza ekonomikoak tramitatu ditu 271 familia-unitaterentzat, 200.000 eurotik gorako zenbatekoarekin

Vitoria-Gasteiz, 2022/05/26

Eusko Jaurlaritzak akordio-proposamen bat prestatu du, eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioari bidaliko dio. Akordio-proposamen horren bidez, beren herrialdearen inbasiotik ihesi Euskadira iritsi diren ukrainarrak hartzeko etxebizitza-parkea desblokeatu nahi da. Dokumentuak zazpi puntu ditu; lehenengo puntuan, “irizpide orokor gisa” jasotzen da gure autonomia-erkidegoan “gizarteratze-prozesuak hasi dituzten familia eta pertsona ukrainarrei bertan bizitzen jarraitzea ahalbidetu” behar zaiela, “gizarteratze-prozesu horiek gaizki amaitu ez daitezen”. Eta adierazten du Nazioarteko Babes Harrerako Sistemara (SAPIT) sartzeko prozesuak bizkortu behar direla eta prozesu horren faseen arteko progresioa malgutu behar dela.

Era berean, proposamenean jasotzen da Ukrainako familiei etxebizitzak eskuratzeko aukera erraztu behar zaiela, nahiz eta familia horiek sistema ofizialean izena eman ez duten. Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen zenbatespenen arabera, Euskadira iritsitako pertsonen bi heren ez daude Nazioarteko Babes Harrerako Sistemaren barruan, harrerako euskal familiekin bizi baitira. Testuak 3. puntuan berariaz jasotzen du behar-beharrezkoa dela “2. fasera zuzenean sartzeko aukera gaitzea, baita Nazioarteko Babes Harrerako Sistemaren zentroetara sartu ez diren eta aldi baterako nazioarteko babes-estatutua duten errefuxiatuentzat ere, baldin eta, errotze-txosten baten bidez, egiaztatzen bada gizarte-integrazioarekin lotzen diren tramiteak hasi edo bete direla, hala nola, erroldatzea, eskolatzea, prestakuntza-enpleguko jarduerak, jarduera-komunitarioetarako integrazioa edo osasun-tratamenduetarako sarrera”.

Eusko Jaurlaritzak, akordio-proposamenaren laugarren puntuan, aditzera ematen du euskal erakundeek Espainiako Gobernuarekin elkarlanean jardungo dutela eta beren parke publikoko etxebizitzak eskainiko dituztela. Eta bosgarren puntuan zehazten du elkarlanean arituko dela “errefuxiatu horiek birkokatu edo birbanatu behar direnean, autonomia-erkidego batera etorritako errefuxiatuen pilaketagatik edo plaza gutxiegi izateagatik”. Horretarako, bizitegi-plazak erreserbatuko dira Nazioarteko Babes Harrerako Sistemak beste autonomia-erkidego batzuetatik hona bideratzen dituen pertsonentzat.

Seigarren eta zazpigarren puntuetan aipatzen da Espainiako Gobernuak “larrialdi humanitarioari” erantzuteko lagatako baliabide horiek itzultzeko konpromisoa duela, behin krisia gainditu denean edo baliabide horiek jada erabiltzen ez direnean; era berean, akordioak instrukzio espezifiko baten bidez bideratzeko konpromisoa ere jasotzen du.

Proposamena gaur aurkeztu zaio Ukrainako Jarraipen Mahaiari. Mahai hori Eusko Jaurlaritzako zenbait sailek, Estatuko Gobernu Ordezkaritzak eta hirugarren sektoreko erakundeek osatzen dute, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila da mahaiaren buru. Dokumentuak bertaratutako pertsonen babesa jaso duenez gero, Escrivá ministroari igorriko zaio, balora eta onar dezan.

Herritarren elkartasuna

Akordio-bide horrez gain, Eusko Jaurlaritza herritarren elkartasunaren bidez lortutako bizitegi-baliabideak bideratzen hasi da errefuxiatuak@euskadi.eus  postontziaren bidez —Zehar Errefuxiatuekin erakundeak kudeatzen ditu baliabide horiek—.

Ildo horretan, Mahaiak aditzera eman duenez, postontzi horretan 1.960 eskaintza jaso ziren, eta 414 lan-fitxa gauzatu dira. Horietatik 68k etxebizitza-eskaintza espezifikoak edo bizitegi-baliabideak dira.

Zehar Errefuxiatuekin elkarteak azaldu duenez, gaur egun, Nazioarteko Babes Harrerako Sisteman ez dauden, hau da, Estatuko sistematik kanpo dauden 25 eta 30 familia-eskaera artean dituzte mahai gainean. Gaur egun, horietako zortzi arrakastaz kudeatu dira, eta gainerakoak hirugarren sektoreko erakundeekin koordinatzen ari dira, horietan bizi daitezen.

200.000 euroko laguntzak, Azken Sarea Indartzen programan

Bestalde, Azken Sarea Indartzen programako laguntza ekonomikoak emateko prozesuaren berri ere eman zaio jarraipen-mahaiari. Laguntza horiek ISURI funtsean jaso dira eta Cáritas Euskadik kudeatzen ditu.

Ildo horretan, jakinarazi da Ukrainatik etorritako familia-unitateen 605 laguntza-eskaera jaso direla, nahiz eta kaltetuak askoz gehiago diren. Horietatik, 271 familia-unitatek jada jaso dituzte laguntzak, guztira 203.762 euro. Laguntzak atzeraeraginez ematen ari dira Euskadira iritsi direla egiaztatzen den egunetik.

 

 

JASOTAKO ESKARIAK (datu metatua, tramitatutako eskarian barne)

 

ARABA

BIZKAIA

GIPUZKOA

GUZTIRA

BIZIKIDETZA-UNITATEAK

107

198

300

605

 

JADA LAGUNTZAK JASO DITUZTEN BIZIKIDETZA-UNITATEAK

 

ARABA

BIZKAIA

GIPUZKOA

GUZTIRA

BIZIKIDETZA-UNITATEAK

43

108

120

271

EMANDAKO ZENBATEKO OROKORRA

23.600

100.822

79.340

203.762

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)