Berriak Hezkuntza

Euskelec 2022: 30 taldek hartuko dute parte igandean Lanbide Heziketako ikasleek egindako ibilgailu elektrikoen txapelketaren azken fasean

2022-05-27
  • Ibilgailu elektrikoek proba dinamikoak eta erresistentziakoak egingo dituzte, Gipuzkoako hiriburuko erdialdean prestaturiko zirkuituan: Alderdi Eder parkean, Boulevardean eta Hernani kalean
  • Ekimenaren helburua da ikasleen arteko talde-lana sustatzea eta jarduera esperimentala eta sormenezkoa oinarritzea, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa

Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendari Rikardo Lamadridek, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranarekin batera, Lanbide Heziketako ikastetxeek egindako ibilgailu elektrikoen Euskelec txapelketaren bosgarren edizioa aurkeztu du gaur goizean, Donostian. Aurkezpenean, halaber, Tknikako zuzendari exekutibo Jon Labakak parte hartu du.

Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa, Hezkuntza Sailaren mendekoa) antolatuta, maiatzaren 29an, igandea, 30 ibilgailu elektriko arituko dira lehian Donostiako erdialdean, 10:00etatik 18:00etara, Alderdi Eder parkearen, Boulevard zumardiaren eta Hernani kalearen artean prestatutako zirkuituan. Euskelec-en edizio berri honetan parte hartuko duten 30 taldeen atzean, Lanbide Heziketako 600 ikasle baino gehiagoren lana dago, hauen irakasle eta ikastetxeen laguntza eta inplikazioarekin batera.

Zer da Euskelec?

Euskelec txapelketan, Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ibilgailu % 100ean elektriko bat diseinatzen eta eraikitzen dute, oinarri motor komun batetik abiatuta (motorra, motor-kontrolagailua eta bateriak). Ekimenaren helburua da ikasleen talde-lana sustatzea eta jarduera esperimentala eta sormenezkoa oinarritzea, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa.

Txapelketa, halaber, trakzio elektrikoko ibilgailuetan espezializatutako teknikariak trebatzeko eta sustatzeko plataforma da, eta fabrikazio-teknika berrien esperimentazioa eta material berrien erabilera sustatzen du.

Euskelecek bi fase ditu: prototipoa aurkezteko fase teknikoa eta sormenezkoa; eta fase dinamikoa. Bigarren fase horretan, ibilgailuen prestazioak, ezaugarriak eta diseinua ebaluatzen dira eslalom, azelerazio eta gehieneko balaztatzeko proben bidez, besteak beste.

  • fasea: arlo teknikoa eta sormenezkoa. Lehen fase hau apirilaren 28an egin zen, Amorebieta-Etxanoko Boroa Enpresa Parkeko AIC Center-en instalazioetan. Bertan, talde parte-hartzaileek beren proiektuen aurkezpenak eta ibilgailuen aurre-egiaztapenak egin zituzten epaimahai baten aurrean (proiektuaren memoria, diseinua eta berrikuntza, besteak beste).
  • fasea: proba dinamikoak. 2. fasea maiatzaren 29an, igandea, egingo da Donostiako Alderdi Eder parkean. Egun horretan, taldeek beren prototipoa proban jarriko dute zirkuitu batean.

Maiatzaren 29a: proba dinamikoak

Ibilgailu elektrikoek honako proba hauek egingo dituzte igandean, txapelketarako berariaz egokitutako zirkuitu batean:

  • Balaztatzea: autoa ahalik eta distantziarik laburrenean gelditu behar da, gutxienez orduko 25 km -ko abiaduran doala.
  • Azelerazioa: ibilgailuak geldi dagoenetik 60 metro ibiltzeko behar duen denbora kronometratzen da.
  • Eslaloma: ibilgailuak eslalom-zirkuituari buelta bat emateko behar duen denbora kronometratzen da.
  • Sailkapena: 20 minututan, talde guztiek 3 buelta eman beharko dituzte gutxienez. Talde bakoitzak buelta batean lortzen duen denborarik onenaren arabera zehaztuko da irteera-ordena erresistentzia-proban.
  • Erresistentzia-proba: 75 minututan distantziarik handiena zein autok egiten duen ebaluatuko da. Ibilgailuak sailkapenean zehaztutako irteera-ordenan jarriko dira. Helmugatik igarotzen den aldi bakoitza zenbatuko da, eta puntu horretatik gehien igarotzen den taldea izango da irabazlea (hots, buelta gehien ematen dituena).

Proba dinamikoak egiten hasi aurretik, auto guztiei egiaztapen teknikoak egingo zaizkie. Egiaztapen horiek amaitzean, bateriak zigilatu egingo dira, berriz kargatzeko aukera eragozteko. Ibilgailu guztiek bateria-karga bakarrarekin egin beharko dituzte egun guztiko probak.

30 talde, 30 ibilgailu

Urtez urte, gero eta handiagoa da Euskelecen parte hartzen duten prototipoen kopurua, eta gero eta esparru geografiko urrun eta desberdinagoetako gazteek eta taldeek hartzen dute parte. Igande honetan, euskal ikasleek besteak beste Kantabriako, Madrilgo, Kataluniako, Aragoiko, Valentziako Erkidegoko edo Gaztela-Mantxako ikasleak izango dituzte aurkari, eta baita Iparraldeko talde bat ere.

Parte hartuko duten taldeak:

 

Dortsala

Ikastetxea

1

Nuestra Señora de los Remedios BHI. Kantabria.

2

Iurreta LHII.

3

Somorrostro prestakuntza-zentroa. Muskiz.

4

CIFP N1. Kantabria.

5

San Jorge LHII. Santurtzi.

6

Otxarkoaga prestakuntza-zentroa. Bilbo.

8

Aretxabaleta Lanbide Eskola LHII. Aretxabaleta.

9

Elorrieta Errekamari LHII. Bilbo.

10

Emilio Campuzano LHII. Bilbo.

11

CIFP N1. Kantabria.

12

Miralbueno BHI. Aragoi.

13

Ortzadar Ikastetxea. Donostia.

14

Urola Garaiko Lanbide Eskola. Zumarraga.

15

San Juan Bautista “La Salle”. Kantabria.

16

Meka LHII. Elgoibar.

Dortsala

Ikastetxea

17

Bidebieta LHII. Basauri.

19

Egibide. Gasteiz.

20

Mendizabala LHII. Gasteiz.

22

Peñascal LHIPI. Bilbo.

23

Fuente Fresnedo BHI. Kantabria.

25

Pedro de Tolosa BHI. Madril.

26

Ezkurtze BHI. Bilbo.

28

Don Bosco LHII. Errenteria.

29

Institut Mare de Déu de la Mercè. Katalunia.

30

Maestre de Calatrava BHI. Gaztela-Mantxa.

31

Pedro Mercedes BHI. Gaztela-Mantxa.

32

La Marxadella BHI. Valentziako Erkidegoa.

33

Cotes Baixes BHI. Valentziako Erkidegoa.

34

Giner de los Ríos BHI. Gaztela eta León.

35

La Chambre des Metiers. Baiona.

 

 Ordutegia:

Maiatzaren 28a, larunbata

17:00-21:00

Egiaztapenak

Maiatzaren 29a, igandea

7:30-10:00

Egiaztapenak

10:30-11:30

Balaztatzea, Azelerazioa, Eslaloma (1. txanda)

12:00-13:00

Balaztatzea, Azelerazioa, Eslaloma (2. txanda)

13:00-13:30

Sailkapena, 1. txanda

13:30-14:00

Sailkapena, 2. txanda

14:00-15:00

Bazkaria

15:30-16:45

Erresistentzia

17:00-17:30

Sari-banaketa

 

2 iruzkin
  • 2022-05-29

    Agortutako bateriak esaten zaie argiztapenerako erabiltzen diren hondakinei, ibilgailuarentzat balio ez duten bitartean eta eguzki-energiaz kargatu ezin direnean.

  • 2022-05-29

    Se dice los residuos baterías agotadas se usan para alumbrado todavía se les pueda dar un uso mientras ya estuvieran inservibles para el vehículo, recargables con energía solar

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Arana; Jon Labaka