Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak sustatzen dituen uda ikastaroen eskaintza aurkeztu du Jokin Bildarratzek

2022-05-27

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoarekin batera, EHUren Uda Ikastaroen 41. edizio honetan Hezkuntza Sailak bultzatzen duen ikastaro programa aurkeztu du, gaur goizean. Miramar Jauregian burutu den aurkezpenean, Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak eta Irizarreko Pertsonaleko zuzendari Roberto Íñiguez de Onsoñok ere hartu dute parte.

Pozik keagertu da Bildarratz sailburua, aurten ere, Udako Ikastaroen edizio berri honetan proposatzen diren gaien zerrenda luze eta askotarikoa ikusita, eta, bereziki, urtez urte hauek izaten duten parte hartzaile kopuru handiagatik. Sailburuaren hitzetan, uda eta gehiago ikasteko grina ez dira bateraezinak.

Adierazi duenez, ikastaroak diseinatzerakoan, Sailak irakasleak eta haien prestakuntza ditu beti gogoan, baita hezkuntzak planteatzen dituen erronkak ere. «Irakasteko ikasten» zikloa aipatu du, ildo horretan. Ikastaro-eskaintza zabala du ziklo honek (18), “gure irakasleei beren ezagutzak hobetzen eta eguneratzen laguntzea helburu dutenak, irakasleak, baina batez ere ikasleak irten daitezen irabazten”. Ikastaroen azken hartzailea irakasleak izan arren, herritar guztiei irekita daudela gogorarazi du sailbuurak, eta bertara hurbiltzera animatu du.

Irakasleentzat programatutako ikastaro sorta horretan, sailburuak zenbait gai azpimarratu ditu, hala nola etorkizuneko ikasgelak, curriculumaren garrantzia, haur-pedagogiak, gaitasun handiak eta ikasteko zailtasunak, edo eskola publikoaren ahalduntzea ardatz dituztenak.

Horien guztien artean, uda honetan Hik Hasi aldizkariarekin elkarlanean hiru egunez egingo den ikastaroa ere aipatu du. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordearen eta Euskadiko ikastetxe baten parte-hartzearekin, ikastaro honetan Lehen Hezkuntzako jardunbide egokiei buruzko hausnarketa egingo da, curriculum- eraldaketaren testuinguruan.

Amaitzeko, Bildarratzek ikastaroen balio nagusia azpimarratu du, “bertaratzen diren pertsonak ikastera hurbiltzen direla, ezagutzearen plazer hutsagatik”.

Hezkuntza Sailak sustatzen dituen uda ikastaroen eskaintza hemen duzue eskura.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak