Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Eusko Jaurlaritzak LOTU martxan jarri du eraikuntzaren sektoreko lan-arriskuak prebeniteko asmoz

2010.eko urtarrilak 13

OTU izeneko ekimen aintzindari honek, sektorean aurkitu den arrisku nagusiari erantzuten dio: altuerako erorketak.

Ekimena, Euko Jaurlaritza, Confebask, CCOO eta UGT biltzen dituen euskal Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren emaitza da.

Euskadiko Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren partaide diren erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Confebask, CC OO eta UGT) eraikuntzaren sektorean lan-osasuna eta lan-segurtasuna sustatzeko tresna berri bat aurkeztu dute gaur Bilbon. Ekimen berri horrek, LOTU izenekoak, sektorean aurkitu den arrisku nagusiari -altuerako erorketei- erantzuten dio; izan ere, arrisku hori lantokietan heriotza eragin duten istripu traumatikoen % 48ren atzean egon baita joan den urtean.

Egitate hori eta bere inguruko alderdi teknikoak aspalditik sektoreko erakundeetan aztertzen ari baziren ere; oraingoan, elkarrizketa sozialeko mahaira eraman izanari eta han lortutako akordioari esker, partaide guztien konpromiso aktiboa bildu duen hobekuntza-aukera garrantzitsua erdietsi da.

Dauzkan berariazko ezaugarrietatik harago, LOTU programak, beste ezer baino lehen, funtsezko aldaketa dakarkio lan-arriskuen prebentzioari buruzko politiken planteamenduari; izan ere, lehengo ikuspegi orokor eta oro-hartzaileagoek ez bezala, LOTUk gai zehatzetan eragiten du. Arriskuak ugari diren arren, proiektuaren abiapuntuaren arabera, arrisku gutxi batzuek eragiten dituzte istripu larrienak, eta horrek ahalbidetzen du informazio- eta kontzientziatze‑lanak eraginkortasun handiena duten esparruetara bideratzea.

Espainian berritzaile eta aitzindaria den ikuspegi horren eraginkortasuna demostratua izan da jadanik Europan izandako zenbait esperientziatan; errealitate konplexuak zehaztea ahalbidetzen du, eta askoz ere neurri tekniko berariazkoago eta espezializatuagoak aplikatzea errazten du, istripu larrienak maiztasun handienarekin eragiten dituzten kasuetan eragiteko.

Jomugan arrisku zehatzak hartzeaz gain, LOTUren bigarren ezaugarri nagusia zenbait eragile eta erakunderen konpromisoa eta ahalegina biltzea da, borondateak koordinatuz eta helburu komun baten alde partekatutako metodologiak ezarriz.

Ikuspuntu horretatik, LOTU beste tresna bat da, lan-ezbeharrak murrizten laguntzeko abian jarri izan direnen artean, baina ikuspuntu desberdin batekin, hainbat sentsibilitate eta ahalegin bateratzen baititu.

Eduki zehatzei dagokienez, eraikuntzaren  sektoreko altuerako erorketen barruan, arrisku-eragile handien gisa identifikatu direnetan sakontzen du LOTUk: eskaileren erabilera okerra, behar bezala babestu gabeko tarte bertikal eta horizontalak, egitura eta plataforma desegokiak eta segurtasun-neurririk eza eraikinetako mantentze-lanetan. Arrisku-eragile bakoitzeko, programak teknika‑ eta erabilera-gomendioak ematen ditu.

Azkenik, badago beste arrisku-eragile bat; gune berean enpresa batek baino gehiagok lan egitea. Eragile hori konplexua da; izan ere, obrako esku-hartzaile bakoitzak garatzen duen egitekoaren arabera (sustatzailea, kontratista, langilea, autonomoa, etab.) betebehar eta erantzukizun desberdinak baitaude, eta horregatik, eragile horri berariazko tresna aplikatuko zaio. Horrela, berariazko Gida banatzea aurreikusi da. Gida horretan modu azkar eta eskematikoan zehazten da lan-arriskuen prebentzioaren arloan esku-hartzaile bakoitzari dagozkion erantzukizunak, nork bereak ezagutu eta besteenak exijitu ahal izan ditzan.

Gomendio horiek eraikuntzaren sektoreko enpresa guztietara helaraziko dira, eraikuntzaren sektoreko elkarteen (Ascobi, Ascongi eta Uneca), CC OO eta UGT sindikatuen eta Osalanen bidez, inplikaturiko langile guztietara iritsi dadin. Horretarako gidaliburuak, kartelak eta informazio-liburuxkak erabiliko dira, proiektuari zerbitzua eta euskarria emango dion berariazko web orrialdeaz gainera. Web orrialdean, besteak beste, programaren nolakotasuna zehaztuko da, dauden ikasmaterialak eta informazioak eskainiko dira; halaber, enpresentzako tresnak eta sortzen joaten diren berriak eta emaitzak azalduko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Sailburuak