Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren Batzarrean parte hartu du

2022-05-25
  • Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak inauguratu du topaketa, eta Lehendakariak itxi
  • Iñigo Urkulluk kooperatibek errotzearekin eta nazioartekotzearekin duten konpromiso bikoitza aintzat hartu du 
  • Idoia Mendiak elkarrizketa eta hirupartismoa sendotzearen aldeko apustua egin du Jaurlaritzaren, patronalen eta ordezkaritza duten sindikatuen arteko akordioetan

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa-Konfekoopek,gaur goizean Gasteizen egin duen batzarrean parte hartu du. Idoia Mendia, Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak inauguratu du topaketa, eta Lehendakariak itxi. Konfekoop-ek 1.350 euskal kooperatiba biltzen ditu.

Iñigo Urkulluk eskerrak eman dizkie kooperatibei pandemian eta Ukrainako krisian egindako ahaleginagatik, eta nabarmendu du konpromiso bikoitza dutela errotzearekin eta nazioartekotzearekin.

Bere hitzaldian, Lehendakariak esan du kooperatibek mundu globalean lehiatzeko gaitasuna adierazten dutela jaio, hazi eta garatu diren gizarte-ingurunean sustraiak galdu gabe; eta azpimarratu du, halaber, Euskadiko kooperatibismoak erakutsi duen dinamismoa; izan ere, iaz 225 kooperatiba berri irabazi zituen, 2020an baino 87 gehiago.

Beste une batean, Iñigo Urkulluk adierazi du Jaurlaritzak eta kooperatiben mugimenduak elkarrizketa bizia dutela, eta ziur agertu da formula egokiak aurkituko direla gizarte-ekonomiak parte har dezan Euskadiko enplegu-politika aktiboak diseinatzen eta eratzen.

Amaitzeko, esan du mundua goitik behera aldatzen ari dela eta enpresa-gobernantzaren ereduari eta lan-harremanei eragingo diela horrek. Konfrontazioan oinarritutako enpresa eredu batetik parte-hartze inklusiboan eta lankidetzan oinarritutako eredu berri batera aldatzen ikusiko dugula poliki-poliki.

 Bestalde, Idoia Mendiak  inaugurazioan nabarmendu duenez , kooperatibei eta gizarte-ekonomia osoari babes publiko handiena ematen ari gatzaizkie, eta elkarrizketaren eta hirupartismoaren alde egin du, Jaurlaritzaren, patronalen eta ordezkaritza duten sindikatuen arteko akordioaren alde. 

Sailburuak berretsi du “laguntza-dei bakoitzak berehalako erantzuna izan duela sail honen aldetik. Gobernu honek zuen larrialdiei erantzuten die, baita zuen kezka guztiei ere, salbuespenik Gabe”. Laguntza hori ematen ari dela esan du, “Lanbiden egiturazko erreformen erdian gauden bitartean eta enplegu-politika aktiboen multzoan, zeina lehen aldiz arautuko dugun Lege batean”. 

 “Eta modu irekian eta gardentasunez egiten ari gara, gai publikoetan parte hartzeko formula onenak bilatuz”, gaineratu du Osalanek, kooperatibek Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean duten parte-hartzearekin gertatzen den bezala. 

“Gobernuaren, patronalen eta ordezkaritza-sindikatuen arteko akordioetan, elkarrizketan eta hirukotasunean sinesten dugulako. Eta ziur gaude bide horretan sakondu behar dela kooperatibismoaren balioak barneratuko dituen ekonomia modu berri bat finkatzeko”- esan du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak