Administrazioaren digitalizazioan EAEko eta Nafarroako erakundeen arteko lankidetzaren aldeko apustua egin du Garamendik

2022-05-25
  • Erronka horri aurre egiteko, ezagutzak eta lantaldeak partekatzearen alde egiten du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak, beti ere hazten eta garatzen jarraitzeko

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak berretsi egin du Administrazio publikoa erabat digitalizatzearen aldeko apustua,  eta sortzen ari diren teknologia berriak aztertzearen eta sakontzearen alde egin du, maila globalean gero eta zorrotzagoa den testuinguru bati aurre egiteko. Horregatik, erronka horri aurre egiteko ezagutza eta lantaldeak partekatzeko eskatu du Olatz Garamendik, eta horren adibide gisa Eusko Jaurlaritzak garatutako zenbait proiektu teknologiko eta adimen artifizialekoak azpimarratu ditu.

Garamendik gai horri buruzko TEKgunearen jardunaldian parte hartu du gaur Arantzazuko Santutegiko ArantzazuLaben (Oñati), eta bertan adierazi du lankidetza ezinbestekoa dela hazten eta eboluzionatzen jarraitzeko. “Horretan asmatzen badugu, hainbat proiektutan erakutsi dugun bezala, eredu honek onura handiak ekar diezazkiguke herritarren zerbitzu digitalean lidergoa lortzeko”, azpimarratu du Sailburuak TEKguneak antolatutako jardunaldiaren hasierako mezuan.

Euskal Administrazio Publikoarentzako berrikuntza teknologikorako lan eta topagune bat da TEKgunea. Foro honetan, EAEko eta Nafarroako erakundeek, enpresek eta unibertsitateek garatzen ari diren teknologiei, berrikuntza proiektuei eta software garapenei buruzko ezagutza partekatzen dute. Azken batean, erakundeen arteko lankidetza bilgune bat da, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren mesedetan.

Urbia mendiaren magalean, Arantzazuko Santutegiaren ondoan, EAEtik eta Nafarroatik etorritako erakundeetako ehundik gora ordezkari eta sektoreko teknikari inguru bildu dira jardunaldi honetan parte hartzeko, eta beste hainbatek telematikoki jarraitu ditu hitzaldiak. Jardunaldi horrek esperientzia eta proiektu batzuk bateratzeko balio izan du, hala nola Bizuma eta Mugikortasunean Ordaintzea (Eusko Jaurlaritzak garatutako ordainketa plataforma), bai eta Euskadiko elkarreragingarritasun nodoak, BakQ eskaeretako identifikazio biometrikoa edo euskararako ziberadimena. Eduki horiek guztiak mikroponentzia eta mahai-inguru formatuetan garatu dira, eta gai bakoitzeko adituek parte hartu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak