Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak Genero-ikuspegia udaletako hirigintza-planetan (Gobernu Bilera 2022-5-24)
Gobernu Kontseiluak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolaren Agindua onartu du, zeinaren bidez, hirigintza inklusiboaren gaineko laguntzetarako deialdia egiten baita. Laguntza horien helburua da udal-mailako plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia txertatzea, eta, besteak beste, gizonek eta emakumeek lurraldeko baliabide eta ekipamenduak eskuratzeko berdintasuna bermatzea eta espazio publikoetan emakumeen segurtasuna handitzea.
Laguntzak udalei zuzenduta daude, eta 200.000 euroko zuzkidura dute guztira. Helburu dute genero-ikuspegia udaletako hirigintza-planetan benetan txerta dadin sustatzea. Horretarako, ekintza estrategikoak abiarazi nahi dira lehentasunezko lau ekintza-arlotan, hala nola lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan, mugikortasun jasangarrian, landa-ingurunean edo gobernantzan.
Genero-desberdintasunak daude bai ekipamenduak eta zerbitzuak erabiltzeko beharretan, bai horietarako irisgarritasunean. Horregatik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ustez, hirien diseinuan genero-ikuspegia txertatzea funtsezko tresna da gizonei eta emakumeei baliabide guztiak baldintza berdinetan eskuratzeko aukera bermatzeko.
Jardun-esparru guztietan hautemandako desberdintasunei erreparatuz gero, ondorioztatzen da neurri zehatzak hartu behar direla, besteak beste, helburu hauek lortzen laguntzeko: espazio publikoan emakumeen segurtasuna hobetzea, puntu beltzak kenduta eta eraikin eta espazio publiko argi eta seguru berriak diseinatuta; etxeko lana eta pertsonen zaintza erraztea, eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzea, “zaintzaren hirigintza” sustatuta; edo mugikortasun-planetan, garraio publikoari dagokionez, gizonen eta emakumeen erabilera desberdina jasotzea. Orobat, neurriak hartu behar dira ekipamenduak etxebizitzetara hurbiltzea ahalbidetzeko, jarduera ekonomikoaren eta bizitegi-jardueran erabilera mistoko espazioak diseinatuta eta desplazamendu-denborak laburtuta; baita emakumeen parte-hartze handiagoa susta dadin herritarrek parte hartzeko prozesuetan eta hirigintza-plangintza horiek diseinatzeko eta egikaritzeko talde teknikoetan.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Genero-ikuspegidun dokumentuak egiteko behar den laguntza teknikoa kontratatzearen ondoriozko gastuak finantzatuko dira, gehienez ere 22.000 €-ko zenbatekoan udal bakoitzeko. Ez da diruz lagunduko egikaritze-tresnei buruzko dokumentuak idaztea, hala nola urbanizazio- edo eraikuntza-proiektuak, ezta aurreko ekitaldietan dirulaguntza jaso dutenak ere.