Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

  Eusko Jaurlaritzak 7.929.800 € aktibatu ditu EAEko Industria Intentsiborako, Ukrainaren inbasioaren ondoriozko gas-kostuen igoerak arintzeko helburuarekin (Gobernu Bilera 2022-5-24)

2022-05-24

Eusko Jaurlaritzak Kontseiluaren gaurko bileran onartu du 7.929.800 €-ko laguntzak aktibatzea gas-kontsumo intentsiboa duten industrientzat, 2022. ekitaldirako. Laguntzen helburua da Ukrainaren inbasioak eta hori dela-eta Errusiari ezarritako zigorrek eragindako gas-kostuaren igoerak duen ondorio kaltegarria arintzea. 

Hegakortasun, ziurgabetasun eta energia-prezioen ezegonkortasun handiko testuinguru honetan, ezinbestekoa da energiaren arloko neurri berriei ekitea, horniduraren segurtasuna indartzeko eta sektore guztientzat eskuragarria izango den prezioa bermatzeko, etxeko esparrutik hasi eta produkzio-sare osora iritsi arte. 

Eusko Jaurlaritzak, bere garaian, hainbat arlotako aurrez aurreko plan bat iragarri zuen, eta, era berean, 2022ko martxoaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialean (76 zk.), martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretua argitaratu zen. Horren bidez, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren esparruan premiazko neurriak hartu ziren. 

Errege lege-dekretu horren 3. artikuluan jasotako neurrietako bat gasaren industria intentsiboari zuzendutakoa izan da. Eusko Jaurlaritzak gaur aktibatuko ditu neurri horiek Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza fiskala duten enpresentzat, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzaren bitartez, zuzendaritza hori baita laguntza horiek tramitatzeko eskuduna. 

Eskaerak aurkezteko epea amaituta —2022ko apirilaren 30ean (ELDaren 3. artikuluko 5. apartatua)—, kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabideak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta baloratu dituzte, eta memoria tekniko bat egin dute. Horretan, hogeita hamar euskal enpresa baino gehiagori laguntzak emateko proposamena jasotzen da. 

7.929.800,00 € aktibatu dira guztira, eta martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuan jasotako gas-industria intentsiborako laguntzak emateko proposamena ere onartu da. Errege lege-dekretu horren bidez, premiazko neurriak hartzen dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren esparruan. Proposamen hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egin dute. Onarpen horrek berekin dakar laguntzak banku-transferentzia bidez ordaintzeko baimena ematea. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko