100.000 euro baino gehiago ikasleek arrantza ontzietan prestakuntza‑egonaldiak egin ditzaten (ITSASORATU programa) (Gobernu Bilera 2022-5-24)
- Flotaren plantilla gaztetzea bultzatzeko eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzen laguntzeko, horixe baita Eusko Jaurlaritzaren helburu estrategiko bat
- Programa 2016an abian jarri zenetik, 95 gaztek jaso dituzte laguntza horiek eta 710.000 funts baino gehiago bideratu dira beka horietara. Espero da aurten 10-15 ikasle gehiagok bat egitea ekimenarekin
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Aginduaren bidez onetsi du ITSASORATU arrantza‑enpresentzako laguntzen programaren deialdia. 2022an 105.000 euroz zuzkituko dira laguntzak, eta helburua da ikasleek arrantza ontzietan prestakuntza-egonaldiak egin ahal izatea, flotaren plantilla gaztetzea bultzatzeko eta, ondorioz, belaunaldien arteko erreleboa bermatzen laguntzeko.
2016an abian jarri zenetik, 95 gaztek eta 70 itsasontzik parte hartu dute, eta aurten ekimenarekin 10-15 ikasle gehiagok bat egitea espero da. Laguntzaren zenbatekoari dagokionez, 2016az geroztik 710.000 euro baino gehiago bideratu dira programa horretara.
Programa hori Eusko Jaurlaritzak egindako Arrantza eta Akuikulturako Plan Estrategikoaren barruan sartzen da, eta sektorearen gaztetzea eta profesionalizazioa dira helburu estrategikoak. Xedea da prestakuntza praktikoa sustatzea arrantza-sektorearen errealitatean; hori dela eta, erraztu egingo da arrantzako ontzi-enpresek itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleak ontziratzea; horretarako, laguntza ekonomikoa emango da ontziratze-aldi bakoitzean sortuko diren gastuetarako.
Diruz lagundu daitezkeen kostuak
Diruz lagundu ahal izango da itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako lehenengo ikasturteko ikasleek arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldia egitea marea batek irauten duen bitartean, hau da, 20 edo 30 egunean. Ikasle bakoitzaren soldatatik (1.000 euro), Gizarte Segurantzan alta ematetik, tutoretzatik, eta ikasleen eta lanerako ekipo eta arropen monitorizaziotik eratorritako gastuak dira. Guztira, praktikaldian dagoen pertsonako 4.000 euro dira.
Oinarriko portua Euskal Autonomia Erkidegoan duten arrantza ontzietan egingo dute egonaldia. Enpresa onuradun bakoitzak ikasle bat bakarrik hartu ahal izango du 2022ko bigarren seihilekoan egingo den prestakuntza-aldirako. Praktiketako ikaslearen jarraipena eta tutoretza egin beharko da, bai eta azken balorazio-txostena ere.
Ikasleek Pasaiako Itsas arrantzako Prestakuntza Zentroan –Blas de Lezo–, Bermeoko Itsas arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan erdi mailako eta goi mailako prestakuntza-zikloetako 1. mailakoak izan behar dute, eta maila horretako ikasgai guztiak gaindituta izan behar dituzte.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
ITSASORATU programaren laburpena
Aurreko urteetan, guztira, 95 gaztek (12 2016an, 29 2019an, 24 2018an, 17 2019an eta 13 2021ean) hasi ahal izan dute itsas arrantzako sektorean, egonaldien, joan‑etorrien, mantenuaren, materialen eta praktiken gastuak finantzatzen dituen beka-programa horri esker. 2020an ez zen programaren deialdirik egin pandemiaren egoera zela-eta ezarritako osasun-neurriak betetzeko.
Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza sustatzeko politika egokiari eustea da, besteak beste, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuetako bat. Horregatik, eta arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuna emateko, beharrezkoa da itsas langileen eta, oro har, merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztien prestakuntza praktikoa sustatzea, Europatik eskatzen denari egokituta eta aipatutako arrantza‑sektorearen mesedetan.
Hala, ITSASORATU programa arrantza-enpresei zuzenduta dago, itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleek prestakuntza egonaldiak egin ditzaten arrantza-ontzietan; horretarako, laguntza ekonomikoa emango da ontziratze-aldi bakoitzean sortuko diren gastuetarako.