Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak 7,9 M/€ aktibatu ditu EAEko Industria Intentsiborako, Ukrainaren inbasioaren ondoriozko gas-kostuen igoerak arintzeko helburuarekin

2022-05-24
  • Jaurlaritzak uste du Siemens-Gamesak etorkizuna duela Euskadin
  • Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultura-ondasun izendatu du Sestaoko “La Naval” ontziola

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu duela 7.929.800 €-ko laguntzak aktibatzea gas-kontsumo intentsiboa duten industrientzat, 2022. ekitaldirako. Laguntzen helburua da Ukrainaren inbasioak eta hori dela-eta Errusiari ezarritako zigorrek eragindako gas-kostuaren igoerak duen ondorio kaltegarria arintzea. Zupiriak adierazi duenez, hegakortasun, ziurgabetasun eta energia-prezioen ezegonkortasun handiko testuinguru honetan, ezinbestekoa da energiaren arloko neurri berriei ekitea, horniduraren segurtasuna indartzeko eta sektore guztientzat eskuragarria izango den prezioa bermatzeko, etxeko esparrutik hasi eta produkzio-sare osora iritsi arte. 

SIEMENS GAMESA 

Siemensek Gamesaren akzioak erosteari dagokionez, Zupiria sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak uste duela Gamesak, Siemensen eskutik, etorkizuna duela Euskadin, eta etorkizun hori oso lotuta dagoela gertatzen ari den eta gertatuko den energia-eraldaketarekin. Zehaztu duenez, energia berriztagarrien sorrerak garrantzi berezia du eraldaketa horretan.

Era berean, bozeramaileak nabarmendu du Siemens-Gamesak ahalegina egin duela euskal hornitzaileekin harremana mantentzeko, enpresak euskal hornitzaileei egiten dien erosketa estatuko kontratazioen % 30 inguru delarik. "Eta enplegua mantentzea ere etengabea izan da", gaineratu du. “Hori da Siemensen aurrean defendatuko duguna, jarduera horrek, dauden lanpostuek eta Euskadiko instalazioen mantentzeak jarraituko dutela bermatzeko”, azpimarratu du.

Larunbateko lehen kontaktua gorabehera, Bingen Zupiriak esan du Eusko Jaurlaritzak ez duela Siemensek Gamesarekiko izan ditzakeen asmoei eta planei buruzko informazio gehiago.

2022ko LAN-ESKAINTZA PUBLIKOA

Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak gaur onartu duela 2022ko lan-eskaintza publikoa. Eskaintza 8.764 plazakoa da guztira, eta, sailburuak nabarmandu duenez, aurrerapauso handia da Jaurlaritzak enplegu publikoan bitartekotasuna murrizteko duen helburuan. Kopuru horretatik 1.686 plaza EAEko Administrazio Orokorrari dagozkio, 3.040 Hezkuntza Administrazioari, 315 Segurtasun Administrazioari eta 3.723 Osakidetzari. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran onartu duen Dekretuaren bidez, 141. 400.000 euro sartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Diru-sarreren Aurrekontuan, Euskal Autonomia Erkidegoak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko Hitzarmena aplikatuz. 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailaren eskutik, hirigintza inklusiboaren gaineko laguntzetarako deialdia onartu da udal-mailako plangintzetan eta hirigintzan genero-ikuspegia txertatzeko. Laguntzak udalei zuzenduta daude, eta 200.000 euroko zuzkidura dute guztira. Bozeramaileak azaldu duenez, genero-ikuspegia udaletako hirigintza-planetan txerta dadin, ekintza estrategikoak abiarazi nahi dira lehentasunezko lau ekintza-arlotan, hala nola lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan, mugikortasun jasangarrian, landa-ingurunean edo gobernantzan. 

Azkenik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Sestaoko “La Naval” ontziola monumentu-multzo kategoriarekin babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko dekretua. Sestaoko “La Naval” ontziola Nerbioi ibarra izeneko eremuan dago, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarraren ertzean, eta gaur egun 290.000 metro karratuko azalera hartzen du. Sestaoko “La Naval” ontziolak duen kultura-interesak hainbat kultura-balio eta ondasun babestu biltzen ditu, hala nola balio historikoa, berezitasun-balioa, balio soziala, zientifikoa, paisaiakoa, hirigintzakoa eta berrerabiltzeko potentziala.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan