Arriola sailburuak Arku Atlantikoko garraio-lantaldeak eskualdeen baterako gobernantzan sakontzea nahi du, Euskadiren gidaritzapean
- Euskadik trenbide-mugikortasunaren aldeko apustua egiten du, eraldaketa ekologikoa eta digitala lortzeko
Arku Atlantikoaren Batzordeko kide da EAE eta, gaur egun, haren presidentetza betetzen du; Batzordearen Batzar Nagusia izango da gaur eta bihar, Donostia / San Sebastiángo Kursaal jauregian. Oraingoan, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua izan da lehen jardueraren hirugarren eta azken saioa aurkezteko arduraduna: “Atlantikoaren irisgarritasuna eta erakargarritasuna hobetzea: aukerak eta erronkak”, Garraioen lantaldearena.
Talde horren helburuak honako hauek dira: garraio jasangarria eta eraginkorra sustatzea Arku Atlantikoan, EBren funtsezko legegintza-berrikuspenaren esparruan (esaterako, CEF, Europa barneko garraio-sarea); korridore atlantikoaren garapena; garraioaren arloko Europako ekimenen segimendua, eta garraioaren eta portuen eremuan lankidetzako Europako proiektuak garatzea.
Korridore atlantikoaren kohesioari eta Europa barneko garraio-sarearen legegintzako helburuak betetzeari dagokionez, Arriolak honako hau azaldu du: “Europa barneko garraio-sarearen proposamen berria 2019an berrikusi zen, Oporton, eta gure eskualdeentzako funtsezko une batean heldu da, baina ez ditu betetzen gure autonomia-erkidegoaren asmoak, aukera eta abiadurari dagokienez”.
Ezinbestekotzat jotzen ditu honako hauek: erritmoa bizkortzea sare nagusia amaitzeko, zehazki Nouvelle Aquitaineren eta EAEren arteko loturarako; bigarren mailako sareen aurrerapena bultzatzea, lurralde-kohesiorako tresna gisa; botila-lepoak ezabatzea eta falta diren loturak amaitzea, zehazki Frantziaren eta Espainiaren arteko mugan, Espainiaren eta Portugalen artekoan eta Europa eta Irlandaren artekoan, eta portuek fatxada atlantikoan duten rol estrategikoa sustatzea.
Ildo horretan, Garraio Sailak mugaz haraindiko mugikortasun intermodala, jasangarria eta irisgarria sustatzeko eginiko lana nabarmendu du. “Horren adierazle da Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren eta Sindicat de Mobilité del Pays Basque-ren artean ezarritako txartel elkarreragingarria edo TOPO, MUBIL eta NAVEACen arteko mugaz haraindiko mugikortasuneko berrikuntza-plataforma, COMPET´plus mugaz haraindiko proiektuari esker”.
Oso garrantzitsua dela nabarmendu du, Green Deal (Europako Itun Berdea) aplikatzeko; –mugikortasun garbiko eta jasangarriko sistemetan oinarritua– eta 2030erako aurreikusitako helburuak betetzeko, alegia, deskarbonizatzea, berritzea eta arautzea.
“Garraio Sailaren iritziz, funtsezkoa da mugikortasun irisgarrian eta jasangarrian lan egitea, eta horregatik ari gara hainbat proiektu garatzen. Besteak beste, garraio-sistema guztien informazioa denbora errealean batzen duen mugikorreko aplikazio bat garatzen ari gara. Logistikari dagokionez, Sailaren helburua da gaur egun Eusko Jaurlaritzak Kantauri itsasoko ertz osoan salgaiak garraiatzeko duen sarea eta Europako sarearekiko konexioa sustatzen jarraitzea eta, horretarako, aliantzak bilatzea, dela operadore publikoekin, dela pribatu edo mistoekin. Lan horren ondorioz, 2021ean trenbide bidezko salgaien garraioa 69.000 tonara handitzea lortu dugu. Eta, 2022an, kopuru hori nabarmen handitzea espero dugu. Azken batean, trenbide-mugikortasunaren eta trenbide bidezko garraioaren aldeko apustua egiten dugu, eraldaketa ekologikoa eta digitala lortzeko”.
Era berean, Sailaren inbertsio-ahalegina batzen duten beste jarduketa batzuk ere nabarmendu ditu: konexio berria Pasaiako portuarekin (haren eraikuntza-proiektua idazten ari da) eta Lezo-Gantxurizketa plataforma logistiko intermodalaren proiektua, Frantziako sarearekiko konexioa, eta beste plataforma logistiko batzuk, hala nola, Jundizen (Araba) dagoena.
Arriola sailburuak adierazi du, gainera, Arku Atlantikoko garraio-lantaldeak eskualdeen baterako gobernantzan sakontzea duela helburu, Euskadiren gidaritzapean – koordinazio horretaz arduratu da sortu zenetik, 1989tik, 2015aren eta 2019aren arteko tartean izan ezik, Kantabria izan baitzen orduan buru–. Garapen orekatuagoa sustatzeko, gobernantza partekatua izango litzateke, eskualde atlantikoa eta elkarlana sustatzeko modu gisa, kide diren eskualde guztiek beren baitan egindako jarduerez baliatu ahal izateko.
Arku Atlantikoko Batzordea
Arku Atlantikoko Batzordea Frantziako, Espainiako, Portugalgo, Irlandako eta Erresuma Batuko eskualdeek eratzen dute. 60 milioi biztanle inguru ditu, eta Europako biztanleriaren % 12 da; gaur egun, Iñigo Urkullu Lehendakaria da batzordeburua.
Batzordearen zeregina da eskualde-interesak defendatzea Erkidegoko instantzien eta estatu kideen aurrean. Haren helburu nagusia gizarte-, ekonomia- eta lurralde-kohesioan, itsas politika integratuan eta garraioaren irisgarritasunean oinarritzen da. Europako gobernamendua, nekazaritza eta landa-garapena, ikerketa eta berrikuntza, energia eta klima-aldaketa eta auzotasun-harremanak ere badira elkartearentzako jarduera-arlo oso garrantzitsuak.
Arku Atlantikoa Europako Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziaren 6 lan-batzorde geografikoetako bat da; 25 estatutako 160 eskualdek osatzen dute, eta 200 milioi biztanle inguru ordezkatzen ditu. Erakunde horrek Europako lurraldearen garapen orekatuagoa sustatzen du, eta, gaur egun, Cees Loggen du buru, Noord-Holland Holandako probintziako eskualde-ministroa.