Nazioarteko erakundeek eta aholkulariek krisi humanitarioetan generoari buruz eztabaidatuko dute

2022-05-22
  • eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bilboko Udalak Garapenerako Estrategia Positiboen XIII. Jardunaldiak antolatu dituzte
  • Maiatzaren 23tik 24ra bitartean, Bilboko Bizkaia aretoan, ekintza humanitario parte-hartzaileago eta tokikoago baterako gakoak emango dituzte

 

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak saileko baitan dagoena, eta Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Festa sailak, Garapenerako Estrategia Positiboen XIII. Jardunaldiak antolatu dituzte, “Generoa ekintza humanitarioan: nola bihurtu gure konpromisoa errealitate” izenpean. Jardunaldiek mundu osoko adituak eta erakundeak bilduko dituzte ekimen humanitarioetan genero ikuspegia jorratzeko maiatzaren 23an eta 24an (astelehena eta asteartea), Bilbon,.

2022an, Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisarioak 85 milioi iheslari eta lekualdatu baino gehiago erregistratu ditu. Krisi humanitarioak luzatzen dira, eta laguntzak baino erritmo biziagoan handitzen dira beharrak; gerren, indarkeria egoeren, pobreziaren, klima aldaketaren edo covid-19aren pandemiaren ondorioz.

Krisi humanitarioek eragin ezberdina dute emakumeengan, gizonengan, neskengan, mutilengan, nerabeengan, adineko pertsonengan eta aniztasun funtzionala edo LGTBI populazioarengan. Krisiak jotako pertsonen zaurgarritasun-egoerak eta gaitasunak ulertzea ezinbestekoa da erantzun humanitario eraginkorra eta kalitatezkoa emateko, ez baitira generoarekiko neutroak. Azken hori inaugurazio hitzaldiaren haria izango da eta maiatzaren 23an, astelehenean,18:00etatik aurrera izango da.  

Paul Ortegaren, eLankidetzako zuzendariaren hitzetan, “ekintza humanitarioan genero ikuspegia txertatzeko konpromisoak praktikan jartzeko erronka dugu. Horretarako, aintzat hartu behar ditugu testuinguruen aniztasuna eta aurretik existitzen ziren desberdintasunak, eta arreta jarri behar dugu biztanleen desberdintasun kultural eta sozialetan”.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 24an, asteartean, 9:00tik aurrera, aholkulari adituek eta nazioarteko erakundeek hitz egingo dute ekimen humanitarioetan genero ikuspegia txertatzeko beharraz. Horretarako, tresna zehatzen eta Kolonbian aplikatutakoaren berri emango dute.

Halaber, Bangladeshen, Kolonbian, Jordanian eta Ugandan krisi humanitarioak jotako emakumeen ahotsak biltzen dituen ikerketa bat ezagutuko da. Ildo horretan, gogoeta egiten lagun dezaketen hainbat ekimen ezagutuko dira; hala nola Palestina, Libano, Kenya, Afrikako Erdiko Errepublika, Kolonbia edo Costa Ricako erakunde humanitarioek errefuxiatuekin, desplazatuekin edo krisi egoeran daudenekin egindako esperientziak azalduko dituzte. .

 

Estrategia positiboak jardunaldiak

eLankidetzak eta Bilboko Udalak 2005ean hasi ziren jardunaldiak antolatzen. Helburua da lurralde ezberdinetako GGKEak, erakunde feministak eta bestelako eragileak biltzen dituen espazioa sortzea, Hegoaldeko prozesuak eta esperientziak ezagutuz garapenerako lankidetzan generoan egiten den lana aberasteko.

Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Lankidetzako zinegotziak azaldu duenez, “bi erakundeok ikuspegi horrekin hasi ginen; hain zuzen, ahalduntze prozesuak eta genero zeharkakotasuna partekatzeko eta elkarren arteko ikasketa bultzatzen duen gunea sortzeko”.

Urte horietan zehar, Hegoaldeko GGKEk, erakunde publikoek, emakume erakundeak eta feministak genero ikuspegia zuten ekimenak partekatu dituzte honako gaietan: udal- partaidetza; ekonomia, elikadura burujabetza, emakumeen aukako indarkeria, sexu eta ugalketa eskubideak, migrazio-prozesuak, gerra eta bakea, jasangarritasuna, sexu eta genero aniztasuna edo giza eskubideen defendatzaileak.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak