Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzaren eta Diasporaren arteko harremanetarako zuzendarien topaketa: Euskal Etxeek bizirik jarraitzen dute eta gizartearekin batera aurrera egiteko erronka dute

2022-05-20

Euskadik kanpoan diren Euskal Etxeekin eta Euskal Gizataldeekin dituen harremanez arduratu diren ia arduradun guztiak (Asier Vallejo Itsaso izan ezik, ezin etorria adierazi baitzuen) bildu dira EHUren Gasteizko kanpusean joan den asteartean, maiatzaren 17an. Euskal Diasporari buruzko graduondoko azken saio akademikoa izan da zuzendarien arteko topaketa horren arrazoia eta hitz egiteko eskatu zaien gaia izan da Eusko Jaurlaritzak kanpoan den Euskal Komunitate osoarekin izan dituen harremanak azken 40 urteetan (1982-2022), zuzendari bakoitzak bere agintaldiari buruz duen ikuspegia eskainiz.

Ezkerretik eskuinera, bigarren argazkian, hurrenez-hurren, bakoitzaren agintaldiarekin eta foroan esku-hartzearen ordena kronologikoarekin bat datorrena: Josu Legarreta, Iñaki Agirre (eta irudiaren erdian moderatzaile aritu zena, Joseba Etxarri kazetaria) eta Julián Celaya zuzendari ohiak, gehi Gorka Álvarez Aranburu kanpoan den Euskal Komunitatearentzako gaur egungo zuzendaria. Laurok errepasatu zituzten 40 urte hauetan Eusko Jaurlaritzaren eta munduan zehar hedatuta dauden euskal komunitateen artean izan diren harreman instituzionalen lorpenak eta gainditu gabeko erronkak.

Lorpenen artean, Euskal Etxeen biziraupena da nagusia, zailtasunak zailtasun bizirik jarraitzea; kontuan hartuta nortasun nazionala duten beste komunitate batzuetako gizatalde antolatuak mapatik desagertu direla edo nabarmen murriztu dela beren presentzia. Aurre egiteko dauden erronken artean, etorkizunean biziraupen hori ziurtatu ahal izatea, nahiz eta alderdi askotan gero eta globalizatuagoa eta uniformizatzaileagoa den mundu honetan betikotzeko zailtasunak hor izan.

Lau zuzendariak bat etorri ziren esatean euskal etxeek aurrera jo behar dutela gizarteak berak egiten duen bezala. Euskal etxeen (ahaztu ez dezagun erakunde pribatu eta independenteak direla) eta Eusko Jaurlaritzaren artean mundu berri batean aurrera egiteko formula berriak bilatu behar direla.

 

Oinarriak jarri, harremanak koordinatzeko kanpoko hogei herrialde baino gehiagotan antolatuta dagoen euskal presentzia-sare batekin

Lehenengo zuzendariak, Josu Legarretak, eman zion hasiera saioari, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Diasporaren arteko harremanen etapak zehaztu zituen:

- XIX. eta XX. mendeetako erbestetik (politikoa edo ekonomikoa) datorren diaspora historiko bat dago, eta nazioarteko mugikortasun berri bat, askoz berriagoa, XXI. mendeko bigarren hamarkadan hasitakoa, batez ere profesional gazteek osatua, azken hamabi urteetan euskal ehun ekonomikoaren eta, oro har, euskal gizartearen nazioartekotzearen ondorioz.

- 70eko hamarkadaren erdialdetik 80ko hamarkadaren hasierara bitartean, hau da, kanpoan den Euskal Komunitateari arreta emateko harreman-egitura bat sortu eta abian jartzen hasi zenean, euskal instituzioen ikuspegia Euskadira zuzendu zen soilik, eta ez kanpora.

- Baina bere agintaldiaren hasieratik Legarreta bi gauzaren jakitun da: Euskadi ez dela irla bat eta kanpoan gertatzen denak eragina izango duela hemen gertatuko den horretan eta kanpo harremanetarako arlo horretan Euskaditik dena egiteko zegoela; ia hutsetik antolatu behar zirela Diasporarekiko harremanetarako nazioarteko estrategia bat eta hura ezartzeko bulego bat.

- Horrela sortu zen berak gidatu zuen Zuzendaritza, eta bere lehen kezka izan zen ahalik eta eraginkortasun handienarekin lan egitea mundu ireki batean, euskal presentzia antolatua duten hogei herrialde baino gehiagotan. Eta euskal jatorriko biztanleak dituzten atzerriko hiri horietako euskal etxeak (ahaztu ez ditzagun, Gobernuarekiko elkarte pribatu eta independenteak baitira) erreferentzia-zentro bihurtzea beren eragin-eremuan, hots: Lortu ahal izatea toki horietan euskal gizataldea baino garrantzitsuagorik ez egotea, eta etorkizunari aurre egiteko baliabide tekniko nahikoak izatea, hori zen nire helburu nagusia, laburbildu zuen Josu Legarretak.

- Ondorio hau ateratzeko segidan: Zeren eta Euskal Etxeak ahalik eta gehien hazten diren heinean eta beren harreman-ingurunean ahalik eta boteretsuen diren heinean, kanpotik Euskadiri hobeto lagunduko baitiote.

 

Kanpoan diren euskaldunei "benetako Euskadi" ezagutarazi: milaka urteko herria, jakina, baina batez ere europarra eta modernoa

Josu Legarretak erein zuen gero etorri zirenentzat. Iñaki Agirrek zuzenean hartu zuen Legarretaren lekukoa, eta, beraz, hasiera batean berak eta Aintzane Agirre idazkariak (hilda dago) biek bakarrik atera zituzten mundu zabalera Josu Legarretak urtetan prestatu zituen bi ekimen:

- Batez ere, eta bereziki, kanpoan diren Euskal Etxeei eta Euskal Gizataldeei buruzko 8/94 Legea, Legarretak pentsatua, eta ia azken 30 urteotan kanpokan den euskal komunitatearekiko harremanetarako giltzarria izan dena. 8/94 Legea laster lege berri batek ordezkatuko duela aurreikusi da. Lege berri horri esker, hala Diaspora historikoarekiko nola XXI. mendeko mugikortasun berriarekiko harremanei heldu ahal izango zaie, datozen hogei edo hogeita bost urteetako etorkizunari begira.

- Eta "Argentinan Euskaraz" kanpoan euskara irakasteko programa (kontuan izan behar dugu Argentinak munduko beste lekuekin alderatuz, Euskal Herria bera barne, munduko euskaldunen ondorengoen komunitaterik handiena hartzen duela).

Iñaki Agirreren ustez, bere kudeaketaren balio erantsi nagusia kanpoan den Euskal Komunitateari "Euskadi erreala" ezagutaraztea izan zen: Milaka urteko herria, bere tradizioez arduratzen dena, paisaia eder eta bukolikoak dituena, dudarik ez, baina, batez ere, modernitatean, industria-ehunean eta bizi-mailan "lehen mundu europarra" izenarekin ezagutzen denaren pareko herrialdea dena. Iñakik ondo ezagutzen zuen lehen mundu hori, bera ere erbesteko semea baitzen, eta oso europarra den Brusela hiritik iritsi baitzen Euskadira.

Kanpoan diren euskaldunei "Euskadi errealaren" irudia helarazi ahal izateko, bere kezketako bat komunikazioa antolatzea eta euskal etxeei teknologia berriak ematea izan zen, Atlantikoaren alde bateko eta besteko komunikazio-fluxuak denbora errealean helarazteko. Horretarako, euskal etxe guztiak ordenagailuz hornitu zituen eta Interneterako sarbidea jarri zien: Hego Amerikan aitzindari izan ziren bi ekimen horiek. Aldi berean, ETB Sat-en emisioak abiarazi zituen Amerikarako.

Eta ikuspegi berberarekin −"Euskadi errealean" kanpoko euskal mundua parte hartzera bultzatzeko, alegia− antolatu zuen 1995ean Euskal Gizataldeen Lehenengo Biltzarra eta Gaztemundu Programaren lehen edizioa abiarazi zuen; azken hori, euskal etxeetako gazteek 15 eguneko prestakuntza-egonaldia egin dezaten Euskadin.

Bere agintaldiaren beste mugarri batzuk, hauexek:  AEBetako euskal etxeen federazioa (N.A.B.O.) Eusko Jaurlaritzaren Erregistroan sartzea; Andres de Irujo Saria ere abian jartzea ―Josu Legarretak ekimen horretan ere zerikusi handia izan zuen―; eta Hego Amerikako euskal etxeetarako hipoteka-kredituak lortu izana, Eusko Jaurlaritzaren bermearekin eta Euskadiko moneta-egonkortasuneko finantza-baldintzekin.

 

Euskal etxeek duten harremanak lantzeko ahalmena nabarmendu eta itzulerari arreta emateko "leihatila bakarraren" beharra adierazi

Gainerako zuzendariek ez bezala (beste guztiok EAJ/PNVren agindupean jardun dute-eta), Julián Celaya sozialista izan da orain arte PSE-Euskadiko Ezkerrako goi-kargudunen artean lehena eta bakarra, garai hartan, 2009ko ekainean, "Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza" deitu zenaren ardura hartzen.

Celayak berak azaldu duenez bileran, Argentinako euskal Diasporako sektoreren batek errezeloz hartu zuen bera hasieran. Mesfidantza hori laster desagertu zen. Julián enpresa pribatuko esparru komertzialetik etorria zen, mus jokalaria eta betidanik aurrez-aurre, berdintasunezko harremanak eta konpromisoak ehuntzeko trebezia duen pertsona da. Hori zela eta, euskal etxeek, edozein mailatan, duten harremanetarako potentzial izugarria nabarmendu zuen Julián Celayak. Adibidez: Mexikoko euskal etxeari esker, oso harreman adeitsua izan zuen Julián-ek Vicente Fox Mexikoko Errepublikako presidente ohiarekin. Halaber, azpimarratu zuen komeni dela egunen batean itzulerari erantzuteko "leihatila bakarra" martxan jartzea.

Bere agintaldian, kanpoan de euskal Komunitate osoak atzerrian dituen premiei eta itzuleraren gaiari buruzko azterlan bat egin zen, sailen arteko lankidetza-espazio bat (“leihatila bakarra”) antolatu eta itzulitako pertsonei Euskadin gizarteratzen laguntzeko.

Itzulera fenomeno konplexua da, eta oso kasuistika zabala du, hainbat eta hainbat kasu ezberdin. Itzuleraren gaiak hartzen ditu, alde batetik, atzerriratutako euskaldunak Euskadira itzultzea, eta, bestetik, inoiz hemen bizi izan ez diren euskaldunen ondorengoei harrera egitea.

 

Aldaketa pilotatu behar duen zuzendaria

Gorka Álvarez Aranburuk 2017ko urtarrilean bere gain hartu zuen Kanpoan den Euskal Komunitatearen Zuzendaritza gidatzeko ardura, XXI. mendeko euskal presentzia osoa egituratzeko eta balioesteko ideia buruan zuela (bai euskal etxeen bidez antolatutako euskal presentzia atzerrian, bai kanpoan bizi diren euskal herritar indibidualak, bai Euskaditik kanpo diharduten Interneteko taldeak eta beste euskal eragile batzuk).

Berari esker, kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Lege berriaren zirriborroa aurrera ateratzeko gogoeta-prozesua behin betiko martxan jartzea lortu da; lege berri horrek 1994tik indarrean dagoen Euskal Gizataldeen Legearen lekukoa hartuko du. Lege berriaren helburua da Eusko Jaurlaritzaren eta munduan jarduten duten Euskal Komunitateko eragileen arteko harreman multipolarren eta "trafikoa arautzea". Azken urteotan asko aldatu den mundu honetan. Diasporaren Eguna ere berarekin sortu zen 2018an. Irailaren 8an ospatzen da, eta lau edizio daramatza jarraian; pandemia garaian ere egin da, osasun-segurtasuneko baldintza zorrotzak beteta. Eta berarekin gauzatu da, halaber, euskal Diasporari buruzko Graduondoko hau, eta graduondokoaren baitan zuzendariek izan duten bilera hau.

Gorka Álvarez Aranburuk adierazi du 2017an Zuzendaritzara iritsi zenean bazekiela XXI. mendeko mundua eta diaspora asko aldatu direla 80ko eta 90ko 80 eta 90eko hamarkadetakoekin alderatuta, eta erantzuna eman behar ziela horiek mahaigaineratzen dituzten eskakizun berriei: kudeaketa-prozesuak espazio analogikotik birtualera eramateari, komunikazioa indartzea eta sareetara zabaltzeari, Lege berrian itzuleraren gaia berrabiarazteari...

Baina Zuzendaritzara iritsi eta hiru urtera,  2020ko martxoaren 13an, mundu osaoan covid 19aren osasun-krisia zela-eta Euskadin Larrialdi Egoera ezarri zuen Lehendakariak eta zorigaiztoko egun horretatik aurrera ezer ez zen lehen bezala izango. Pandemiaren presioa ―esan du Gorkak― ahal bada azkarrago aldatzera behartu gaitu, kanpoan sortzen diren errealitatearen askotariko eskaerei erantzun ahal izateko eta baita aldaketa kudeatzeko prozesuak ere bizkortzeko.

 

Badoan mundu bat eta datorren beste bat

Zuzendarien hitzaldien ondoren, eztabaida-aldi bat ireki zen zuzendarien eta graduondoko ikasleen artean. Josu Legarretak adierazi zuen 8/94 Legearekin testu adostua egin nahi izan zuela eta lortu zuela. Gaineratu zuen euskal emigrazioaren memoria historikoa berreskuratzearen gaian oraindik gauza batzuk egiteko daudela, eta horretan askoz haratago joatea gustatu izango zitzaiola ―nahiz eta ikerketa historikoko “Urazandi” liburu-bilduma erreferentziala abiarazi zuen, eta "Euskaldunak prentsa Amerikarrean" proiektua gauzatu zuen―.

Iñaki Agirreren iritziz, globalizazioaren aurrean euskal etxeek hausnarketa egin behar dute eta hazteko formula berriak bilatu behar dituzte. Bere ustez, ez pintxoak ez eta euskal dantzak ez dira "makilatxo magikoa" geldialdi-prozesuei eta belaunaldi ordezkapenik ezari buelta emateko eta iraultzeko.

Euskal etxe batzuetan gazteek ez dute saltoa eman nahi eta euskal etxe horietako Zuzendaritza Batzordeetan sartu. Bera, horren zergatia galdetzea merezi du, adierazi zuen Julian Celayak.

Eusko Jaurlaritzak laguntza esparru orokor bat bultzatu behar du, bai —azaldu zuen Iñaki Agirrek—, baina… euskal etxe batzuek behar batzuk dituzte eta beste batzuek beste batzuk, eta behar horiei buruzko hausnarketa, bakoitzak dituen beharren gainekoa, euskal etxeak bakarrik egin dezake, esan zuen Iñaki Agirrek.

 

Eusko Jaurlaritzaren rol berria: zuzenean inplementatu beharrean, erraztea

Gorka Álvarez Aranburuk esan zuen berak agintaldian daramatzan 5 urteetan inoiz ez dela agortu euskal etxeen jarduerak diruz laguntzeko dagoen 782.000 euroko aurrekontua… Horrek esan nahi du hazteko tartea badagoela eta Eusko Jaurlaritza euskal etxeekin elkarlanean aritzeko prest dagoela, baina eragile bideratzaile gisa, prozesuak errazteko, bere eginkizun inplementatzailea murriztuz, adierazi zuen.

Eta amaitu zuen esanez Eusko Jaurlaritzak mundu berrirako trantsizio-prozesu honetan laguntzeko prest dagoela, baina euskal etxeak direla pentsatu behar dutenak mundu berri honetan zer izan nahi duten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak