Garamendi Sailburuak euskal erakundeek toki-administrazioetan gaikuntza nazionala duten funtzionarioen gainean duten eskumena defendatu du

2022-05-20
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak adierazi du ezerk ez diola eragozten Eusko Jaurlaritzari gaikuntza nazionala duten tokiko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak egonkortzeko prozesuak gauzatzea
  • Eusko Legebiltzarrean PP-Cs legebiltzar taldeak egindako interpelazioari erantzunez, Garamendik azpimarratu du datorren asteartean Gobernu Kontseiluak udal idazkari-kontu hartzaileei buruzko eskaintza onartuko duela

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak gaur adierazi duenez, toki-administrazioetan gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak egonkortzeko prozesuak aurrera eramateko ardura Eusko Jaurlaritzari dagokio. Olatz Garamendik euskal erakundeek hautaketari, lanpostu hutsak betetzeko lan-eskaintza publikoa onartzeari eta funtzionarioak izendatzeari dagokienez duten eskumena defendatu du, eta azpimarratu du hori guztia euskal autogobernuan, Eusko Jaurlaritzari esleitutako eskumen eremuan eta Konstituzioaren legezkotasunean babestuta dagoela.

Luis Gordillo PP+Cs taldeko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrean planteatutako interpelazioari erantzun dio Garamendik, eta galdetu dio ea aurrera egingo duen udal idazkari-kontu hartzaileak hautatzeko eta izendatzeko prozesuekin, Konstituzio Auzitegiak PPk eta Voxek xedapen horren aurka aurkeztutako errekurtsoak ebatzi aurretik.

Vox eta Alderdi Popularra talde parlamentarioek jarritako konstituziokontrakotasun-errekurtsoak Estatuko 2022rako Aurrekontu Orokorren 22/2021 Legearen azken xedapenetako lehenaren aurka zuzentzen dira. Lege horrek Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren atal bat aldatzen du EAEri gaikuntza nazionala duten udal funtzionarioen kudeaketa emateko, hala nola udal-idazkari, kontu hartzaile eta diruzain.

Errekurritutako xedapenaren arabera, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei dagozkien ahalmenak Euskadik hartuko ditu bere gain, autonomía erkidegoko araudian ezarritakoaren arabera. Xedapenak zehazten eta xehatzen ditu EAEk, bere erakunde erkideek zein foru erakundeek, bere gain hartuko dituzten legean aurreikusitako ahalmenak. Garamendik zehaztu duenez, "kontua ez da ahalmen berriak hartzea, jada jasota zeudenen zehaztasuna ematea baizik".

Horregatik guztiagatik, Sailburuak adierazi du ezerk ez diola eragozten Eusko Jaurlaritzari, ezta Espainiako Konstituzioak ere, eskumen hori bere gain hartzea, eta Gordillori esan dio, bere garaian Kontzertu Ekonomikoarekin eta orain Gernikako Estatutuan jasotako eskumenekin gertatu bezala, Konstituzioaren legezkotasunaren defendatzaile nagusitzat aurkezten direnak direla “praktikan bere etsairik handienak”.

Garamendik berretsi du Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraituko duela prozesuarekin, besteak beste, toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak egonkortzeko prozesuak bultzatzeko. Sailburuak ziurtatu duenez, “betebehar hori dugu enplegatu publikoen kolektibo horrekin”, eta, aldi berean, aurreratu du Gobernu Kontseiluak datorren asteartean onartuko duela gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei buruzko eskaintza.

Euskarari buruz, eta zehazki lanpostu bakoitzari hizkuntza eskakizuna esleitzeari buruz, Garamendik zehaztu du kasu honetan toki-erakundeei dagokiela, ez Eusko Jaurlaritzari, bai hizkuntza eskakizunak bai derrigortasun datak ezartzea. Ildo horretan, Gordillori eskatu dio “euskara arma gisa erabiltzeari eta euskal herritarren arteko zatiketarako aitzakia gisa erabiltzeari” utz diezaiola.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak