Javier Hurtado sailburua: “Euskadiko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen Estatutua lege aurreratua eta aitzindaria da alderdi batzuetan, kontsumoaren arloko eskubideak eta Kontsumobideren eginkizuna indartzeko”

2022-05-24
  • Lege berriak kontsumitzaileari bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzeko edo kalte-ordaina emateko aukera jasoko du zehapenean bertan, haren eskubideen defentsa indartzeko eta errazteko

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Eusko Legebiltzarraren aurrera agertu da gaur legebiltzar-izapidean dagoen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege-proiektua azaltzera. Sailburuak adierazi du legea “aurreratua eta aitzindaria dela alderdi batzuetan” eta “kontsumo-ohituretan izandako aldaketek, Estatuko eta Europako legeetan egindako aldaketek eta indartzen jarraitu beharko dugun Kontsumobide orain dela 10 urte sortu izanak” ekarri duten agertoki sozial eta arautzaile berrira egokitu behar izan dela.

Legeak pertsona kalteberen babesa azpimarratzen du, ikuskapena eta zehapena indartuko dituzten mekanismoak gaitzen ditu, kontsumo arduratsua bultzatzen du eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak indartzen ditu.

Lehenik eta behin, informazioarekin zerikusia duten eskubideen babes handiagoaren bidez. Esate baterako, interes orokorreko zerbitzuetan (ura, elektrizitatea, gasa, telefonoa edo Internet) enpresek 15 eguneko zuzenketa-epea eskaini beharko dute prestazioa eten aurretik. Era berean, doako telefono bat izan beharko dute, beste era bateko enpresetan eskualde-mailako tarifaziokoa izango dena.  

Bestalde, eta alderdi aitzindari moduan, lege berriak erabileran eragina izan dezaketen mantentze-obrei, pertsona kopuru handiei edo eguraldi-baldintzei buruzko informazioa eskaintzera behartuko ditu zerbitzu-enpresak zerbitzua kontratatu aurretik (autobideen, jolas-parkeen eta abarren kasuan).  

Bigarrenik, lege-proiektuak bitartekaritza-zeregina sendotuko du, eta kontsumoko arbitrajea sartuko du. Esate baterako, enpresa-jardunbide egokien kodeak bultzatuko ditu, eta Kontsumobidek haiek lantzen parte hartu ahal izango du.  Halaber, kontsumoko arbitraje-sistemarekiko atxikipena izango da sektore publikoan eta kontratazio publikoan aplikatu beharreko arau orokorra, eta laguntzak eta dirulaguntzak emateko garaian baloratuko da.

Hirugarren alderdia merkatu-kontrola sendotzea da, eta berritasun garrantzitsuak dakartza. Europako jarraibideen ildotik, kontsumo-ikuskapena indartu egingo da, eta ikuskatzaileei ez identifikatzeko baimena emango zaie, identifikatzeagatik beren jarduketaren helburua zapuztu daitekeenean.

Era berean, zehapen-esparruari dagokionez, “Kontsumobidek kontsumitzaileei bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzea eta arau-hausteak eragindako kalte-galeren kalte-ordaina ematea erabaki ahal izango du enpresei ezarritako zehapenetan. Administrazio-zehapenaz gain, itzultzearen eta kalte-ordainaren zenbatekoa zehaztuko da, eta administrazioak berak ordaindu ahal izango du, kontsumitzaileen babesa sendotzeko”, azaldu du sailburuak.

Legeak aurreikusten du enpresek azken hiru urteetan egindako arau-hausteak jendaurrean jartzeko aukera, bai eta zehatutako enpresen abusuzko klausulak eta erreklamazioak ere, kontsumitzaileen osasuna, segurtasuna edo interesak bermatzeko komenigarri denean.

Azkenik, sailburuak azpimarratu duenez, lege-proiektuak “kontsumo arduratsua arrazionaltasun- eta jasangarritasun-irizpideekin sustatzea du helburu. Informazioan eta gogoetan oinarritutako neurriko kontsumo kontzientea sustatu nahi da, ingurumenaren zaintza, bizi-kalitatea eta garapen sozioekonomiko indibidual eta kolektibo arduratsua bereziki kontuan hartuta”. Horrek barne hartzen du elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borroka, eta, horretarako, hainbat neurri planteatzen dira, hala nola jatetxeetan ura doan ematea, plastikoen inpaktua murriztea eta tokiko eta 0 km-ko produktuak sustatzea.

2 iruzkin
  • 2022-05-25

    Eragiketen eta ordainketen justifikazioa eskatzea, obligazioak betetzeaz gain, zerbait gertatzen bada erreklamatzeko bermea ere badago, eskaintzen ez duenak agian badu zerbait ezkutatzeko.

  • 2022-05-25

    exigir justificación operaciones y de pago además de cumplir obligaciones se tiene garantía para reclamar en caso de que pase algo, quien no lo ofrece igual tiene algo que esconder

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak