qrcode

Lehen hiruhilekoko ondasunen euskal esportazioen kopuru errekorra eta merkataritzako salmenten datu onak jasotzen ditu gaur Astekonomiak

2022-05-20

Euskal industriak izen ona izaten jarraitzen du atzerrian. Hala, ondasunen esportazioak % 21,7 gehitu ziren 2022ko lehen hiruhilekoan. Datu hori da gaurko Astekonomiaren abiapuntua; datu horrez gain, asteko beste adierazle ekonomiko garrantzitsu batzuk ere jaso ditu, hala nola merkataritzako salmenta-datuak.

Ondasunen esportazioari dagokionez, Astekonomiak islatzen du atzerrira saldutako produktuen balioa, guztira, 7.391 milioi eurokoa izan zela urteko lehen hiruhilekoan, hiruhileko batean inoiz erregistratu den zenbatekorik handiena; alabaina, kontuan hartu behar da igoera horren zati handi bat prezioen igoeraren ondorio dela.

Bestalde, 2022ko lehen hiruhilekoan, merkataritzako salmentak % 5,3 hazi dira aurreko urtearen aldean. Aurten lortutako maila azken hamabi urteetako mailarik hand¡ena izan da. Gehikuntza hori bereziki adierazgarria izan da handizkako merkataritzan (% 7,8). Beste muturrean, ibilgailu motordunen salmenta % 7,3 murriztu da.

Bestalde, lehen hiruhilekoan zerbitzu-indizea % 13,6 hazi zen urte artekoan. Bultzada handi hori esker, indizearen aurreko bi urteetako mailak hobetu ziren eta pandemiaren aurreko kopuruetara hurbildu zen. Nabarmentzekoa da ostalaritzaren (% 37,8) eta garraioaren (% 20,9) bilakaera ona.

Asteroko laburpen hau da gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena errazteko Ekonomia Zuzendaritzak prestatzen duen “Astekonomia” izeneko minutu bateko bideoen oinarria.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan