Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak kluster arteko politika azaldu du Harvardeko unibertsitatean

2011.eko urriak 19

Europako Ikasketen Zentroan Euskadiko ekonomia ereduari buruzko biltzarra egin dute

Harvardeko unibertsitate ospetsuan, «Euskadiko lehiakortasunaren eraldatzea: klusterren eginkizuna» jardunaldia egin dute, eta lehendakariak Eusko Jaurlaritzak sektoreen arteko sinergiak sortzearen alde egiten duela adierazi du, «kluster ezberdinetako enpresek lankidetza harremanak estutu ditzaten, eta elkarrekin negozio aukerak aurki ditzaten». Kluster arteko ekimen honen helburua «ahaleginak batzea eta herrialde ikuspegiaz lan egitea» da, Estatu Batuetan jadanik lau egun emandako enpresa-bidaian Jaurlaritzak, enpresek, merkataritza ganberek eta ezagutza eragileek egin bezala. Estrategia horrek Eusko Jaurlaritzaren jarduera zuzenduko du hurrengo urteetan. Izan ere, «ekimen honen barruan, zenbait sektoretako enpresen arteko sei lankidetza proiektu gutxienez» zehazteko asmoa du.

Ildo horretatik, lehendakariak azaldu du munduko krisialdi egoerak eragile ekonomikoak nazioartekotzearen aldeko apustua egitera bultzatzen dituela. «Globalizazioak erakutsi digu lehiakideak ez daudela ondoko herrian, milaka kilometrotara baizik», azaldu du lehendakariak, sektore ekonomiko guztietan ematen ari den paradigma aldaketaren adibide moduan; eta erantsi duenez, «denek dakite gaur merkatua bakarra dela eta ez duela mugarik». «Horregatik, badakigu ahaleginak eta asmoak batuz baino ez dugula lortuko gurea bezalako herrialde txiki bat Espainiako eta Europako ekonomiaren liderra izatea», erantsi du.

Galderen garaian, lehendakariak, Euskadiko ekonomiaren egoera inguruko herrialdeena bezain txarra ez dela azaltzeko, enpresarien profila aipatu du, «ez baitute dirua egitea besterik gabe bilatzen», eta batez ere, hamarkadetan politika industrialaren alorrean egondako adostasuna.

Gaur egun, lehentasunezko kluster moduan lan egiten duten hamaika elkarte daude, oso sektore ezberdinetakoak, adibidez: etxetresna elektrikoak, makina-erreminta, automobilgintza, elektronika, ingurumena, energia, aeronautika, papergintza, itsas industriak, Bilboko portua eta ikus-entzunezkoak.

Gainera, lehendakariak herrialdeko enpresa handiekin (Iberdrola, Petronor, Mercedes) lortutako hitzarmenak nabarmendu ditu. Horien bidez, enpresek ere estrategietan parte hartuko dute, etorkizun oparoko alorretan (ibilgailu elektrikoak, sare adimendunak, gas naturala...) liderrak izan gaitezen. «Proiektu horiek gainerako enpresak bultzatu ahal izateko. Eta funtzionatzen ari da», azpimarratu du. Proiektu horien artean, lehendakariak hauek aipatu ditu, besteak beste: Euskadi Climate Group taldearekin bat egitea, eta EV-20 taldeko presidentea izatea beste batzuekin batera; talde hau ibilgailu elektrikoei buruzko G-20 moduko bat da, bestalde.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)