Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortu eta bistaratu dute

2022-05-19
  • Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak jada hautatu ditu aurten euren lanagatik aitorpena jasoko duten hiru ikertzaileak
  • Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal ikertzaileek jasoko dute aitortza
  • Ekimenaren helburua Euskadiko emakume ikertzaileak bistaratzea da, ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen

Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak hautatzen ditu aitorpena jasoko duten emakume ikertzaileak, eta aurten erabaki ditu dagoeneko, aho batez, 2022an hiru kategorietan aitortuko diren ikertzaileak. Jokin Bildarratz sailburuak gaur goizean jakinarazi die Hezkuntza Sailaren eta Ikerbasqueren aitortza jasoko duten hiru ikertzaileei, zein izan den erabakia.

Honako hauek dira hiru ikertzaileak:

  • Advanced, ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena:
    • Jasone Cenoz, UPV/EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko katedraduna
  • Consolidator, bere ikerketa-arloko lidergoaren aitorpena:
    • Amanda Sierra, Ikerbasqueren Research Professor ikertzailea, Achucarro - Basque Center for Neurosciences ikerketa zentroan
  • Starting, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aitorpena
    • Marta Olazabal, Ikerbasqueren Research Associate ikertzailea BC3 Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroan

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek urtero egiten duten aitorpen hau berez ez da sari bat, Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana bistaratzeko modu bat baizik, ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Horretarako, euren karrera zientifikoaren hiru etapa ezberdinetan dauden emakume ikertzaileak nabarmentzen dituzte: Advanced, Consolidator eta Starting.

Aitorpenen laugarren edizio honetan Ikerbasquek Euskadiko emakume ikertzaileen azkenaldiko ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuen analisi bibliometrikoa egin du. Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak gorago aipaturiko hiru kategoria horietako  25 ikertzaileren gainean arreta jarrita egin du lehen azken aukeraketa. Batzordeak hiru kategorietan emakumezko ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu dute, baita beste urte batzuekin alderatuta izangaien kopuruak izan duen gorakada ere, eta horrek, batzordekideen hitzetan, agerian uzten du emakume ikertzaileek Euskadin egiten duten zientziaren potentzial handia.

Bestalde, batzordeak adierazi du edizio honetan ere saiatu direla aitortutako ikertzaileen profilen artean oreka bilatzen, bai euren ikerketa-karrerako etapari dagokionez, bai jakintza-arloari eta euren azpisistema zientifikoari dagokienez ere. Ebaluazio Batzorde hori Ikerbasqueko Patronatuko ospe handiko hiru ikertzailek, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak osatzen dute.

Urteroko aitorpenak

Ekimena Ikerbasqueren Plan Estrategikoaren esparruan gauzatzen da, plan horren 12 erronketako bat baita Ikerbasqueren ikertzaileen komunitatean sartzen diren ikertzaileen genero-berdintasunean aurrera egitea. Alde horretatik, Zientziarako Euskal Fundazioak gauzatutako Berdintasun Planean jasota dago emakume ikertzaileei urtero aitorpena egiteko ekimen hau.

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek 2022ko udazkenean egingo dute aitorpen-ekitaldia, eta bertan izango dira, aitorpena jasoko duten ikertzaileekin batera, Euskadiko ikerketa-zentroen, unibertsitateen eta zentro teknologikoen ordezkaritza zabala.

 

 Advanced: Jasone Cenoz

  • UPV/EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko katedraduna.
  • Euskal Herriko Unibertsitatean doktore, honako tesi honekin: ”Ingelesaren irakaskuntza eta ikaskuntza, bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa”.
  • Cenozen ikerketan ardatz dira: hezkuntza elebiduna eta eleanitza, paisaia linguistikoa, adinaren faktorea, jarrerak eta pragmatika bigarren eta hirugarren hizkuntzak ikasterakoan.
  • Batzordeak honako hauek nabarmendu ditu Cenozen ibilbidean: hezkuntza arloko ibilbide bikaina; lidergo gaitasuna; nazioarte mailan ikerketa arloko erreferente izatea; Euskadiko zientziarekiko konpromisoa; bai eta nazioarteko sare zientifikoetan duen parte-hartzea ere.

 Consolidator: Amanda Sierra

  • Ikerbasque Research Professor ikertzailea, Achucarro - Basque Center for Neurosciences ikerketa zentroan.
  • Neurozientziatan doktore (UCM).
  • Garuna birsortzeko mekanismoak aztertzen ditu, hainbat gaixotasun neurodegeneratibori erantzuteko, eta, zehazki, garunaren autogarbiketa sistema, neurona hilak azkar eta eraginkortasunez desagerraraztea ahalbidetzen baitu.
  • Batzordeak Sierraren neurozientzien ikerketako lidergo zientifikoa nabarmendu du, bere ekoizpen zientifikoaren kalitatea eta nazioarteko inpaktua, bai eta zientzia gizartean zabaltzeko jarduerekin duen konpromisoa ere, eta, bereziki, zientzian emakumeen berdintasunera bideratutako jardueretan duen inplikazioa.

 Starting: Marta Olazabal

  • Aldaketa klimatikora egokitzeko taldea gidatzen du BC3 – Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroan
  • Lurraren Ekonomian doktore Cambridgeko Unibertsitatean.
  • Olazabalen ikerketaren ardatz dira aldeketa klimatikorako egokitzapena eta hiri-resilientzia.
  • European Research Council erakundearen ERC Starting Grant dirulaguntza lortu du.
  • Batzordeak bere ikerketa-esparruan aitzindari izan dela nabarmendu du, bai eta gai oso berritzaile batean ikertzaile gazte gisa lortu berri dituen lorpenak ere; izan ere, hiri-eremuak klima-aldaketara nola egokitzen diren ikertzea helburu duen ERC Starting Grant laguntza bat lortu du.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak