Berriak Segurtasuna

Andrés Zearretak “XXI. mendeko polizia bihurtzea: nortasun profesionala eta enkargu soziala” PAREZ PARE jardunaldia inauguratu du

2022-05-19
  • Saioan gaur egun poliziak betetzen duen eginkizuna, herritarrei zuzendutako polizia-eredu berriak eta erakundeen gardentasuna aztertu dituzte

Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia buru dela, eta Malentxo Arruabarrena Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria ere bertan dela, inauguratu da gaur goizean “XXI. mendeko polizia bihurtzea: nortasun profesionala eta enkargu soziala” PAREZ PARE jardunaldia, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dutena azken hamarkadotako polizia-ekintzako ereduen aldaketa aztertzeko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Kriminologiako Euskal Institutuak (IVAC-KREI) segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko elkarlanean jarduteko helburuarekin bi erakundeek izenpetutako hitzarmenaren esparruan egin dira jardunaldiak.

Horrela, Parez Pare jardunaldi hauetan, eta bi mahai-ingururen bidez, poliziak XXI. mendean betetzen duen eginkizuna, herritarrei zuzendutako polizia-eredu berriak eta gaur egungo polizia-erakundeen gardentasuna izan dira aztergai.  

PONENTZIAK

Lehenengo mahai-inguruan, Juan Luis Ibarrak, EAEko Auzitegi Nagusiko presidente ohia eta EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko presidentea denak, gaur egungo polizietan gardentasuna zergatik den beharrezkoa aztertu du. Balio hori gizartean gorantz doan eskakizuna da, polizia-kidegoen jarduketen eta prozeduren opakutasunaren aurrean azken urteotan erakunde irekiagoak eta gardenagoak baitira.

Bestalde, Cesar San Juan Guillének, UPV/EHUko Psikologia Kriminaleko irakaslea eta Delinkuentziari, Marjinalitateari eta Gizarte Harremanei buruzko Nazioarteko Ikerketa Zentroko zuzendaria denak, gaur egun herrialde askotan ezartzen ari diren “herritarrei zuzendutako” polizia-eredu baten bideragarritasuna aztertu du.  

Bigarren mahai-inguruan, Lola Vallés Portek, Kataluniako Segurtasun Publikoaren Institutuko Ikerketako arduradunak, poliziak XXI. mendean betetzen duen eginkizuna aztertu du. Eginkizun horrek gaitasun profesional berriak eskatzen ditu, eta horren bilakaera formakuntza-planetan islatzen da, delitugintzaren prebentzioa azpimarratzen baitute.

Amaitzeko, Iñaki Elexaldek, Ertzaintzaren Idazkaritza Nagusiko Koordinaziorako buruak, polizia-eredu motak eta horien testuinguruak aztertu ditu. Ponentzian azaldu du poliziek aurrean duten mehatxu terroristaren mailaren, horren militarizazio-eskalaren, polizia-azpikulturaren edo eskuin muturraren gorakadaren arabera garatzen dutela hedapen taktikoa. Komisarioaren esanetan, polizia-ereduaren eraginkortasunaren gakoa herritarrek emandako zilegitasunean oinarritzen da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak