Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak ikerketarako eraikin berri bat bultzatuko du

2022-05-19
  • Eusko Jaurlaritzak bikaintasuneko oinarrizko ikerketara zuzendutako 6.000 m²-ko eraikin berri baten eraikuntza bultzatuko du Donostian
  • Eraikina bi urtetan amaituko da, eta bertan sortuko diren 80 laborategietan konputazio kuantikoan, neutronikan, superkonputazioan, kimika aurreratuan, material berrietan, polimeroetan eta antzeko esparruetan diharduten 300 ikertzailek lan egingo dute guztira
  • Eraikin berrian, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako IKUR ikerketa estrategikoko esparruetan diharduten Euskadiko talde zientifikoak kokatuko dira

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaur goizean aurkeztu du, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearekin, Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera, ikerketa zientifikora zuzenduta Donostiako Ibaeta campusean eraikiko den eraikin berria. 6.000 m²-ko eraikinak bi urteko exekuzio epea izango du eta 80 laborategi izango ditu. Kostua, 12 milioi eurokoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuko du. UPV/EHUk Ibaetako campusean lagatako lursail batean eraikiko da, eta unibertsitate publikoak ere espazioa izango du bertan. Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da lanak urte amaitu baino lehen hasi ahal izatea.

Eraikin berrian Eusko Jaurlaritzaren IKUR Estrategian zehaztutako giltzarrizko ikerketa-esparrruetan diharduten talde zientifikoak kokatuko dira. Zehatzago esanda, konputazio kuantikoari, neutronikari, superkonputazioari, kimika aurreratuari, material berriei eta polimeroei atxikitako 300 ikertzaile bilduko dira guztira. Era berean, eraikin berriak polimero aurreratuen ikerketan diharduen BERC Polymat bikaintasunezko ikerketa-zentroaren laborategi berriak izango ditu.

Azpiegitura zientifiko berri honen eraikuntza bat dator Eusko Jaurlaritzak bikaintasunezko zientzia bultzatzen jarraitzearen alde egindako apustu sendoarekin, Euskadin punta-puntako ikerketa-talde berriak errotzeko asmoz. Euskadiko ekoizpen zientifikoa bikoiztu egin da azken hamarkadan. Ikerbasqueko komunitate zientifikoak 300 ikertzaile baino gehiago ditu dagoeneko, eta horien ikerketa-taldeetan 1.300 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako BERC bikaintasunezko ikerketa-sareko 9 zentroek 1.200 ikertzaile dituzte egun, azken hamarkadan izan duten hazkundeari esker. Euskadik talentu zientifikoa erakarri eta finkatzearen alde egin duen apustu honetarako, behar-beharrezkoa da ikerketa-talde berrientzako gune eta ekipamendu egokiak sortzea.

Inbertsioa eremu estrategikoetan

Eraikin berria kokatuko den lursailean bertan izan den aurkezpenean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu du azpiegitura berri honek Euskadik nazioartean eta ikerketan erreferente izaten jarrai dezan duen garrantzia. “Hemen egingo dugun inbertsio handiari esker, mundu mailan zientzian estrategiko diren arloek erreferentzia garbia aurkituko dute Euskadin. Komunitate zientifikoarentzat polo erakargarria gara, eta horrelaxe izaten jarraitu nahi dugu. Hezkuntza Sailaren IKUR estrategiak bere gaitasun guztia garatu ahal izango du eraikin berri honetan”. Sailburuaren esanetan, azken urteetan Euskadi zientzian lortzen ari den emaitza onak dira “zientziari bultzada emateko eta abangoardiako ikerketaren alde egiten Eusko Jaurlaritza ari den politiken bermerik onena. Horixe da jarraitu beharreko bidea.”

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak esaera ezagun bat hartu du hizpide, eraikin berrian izango den lankidetza irudikatzeko. “Azkar joan nahi baduzu, bakarrik ibili; urrutira iritsi nahi baduzu, lagunekin joan. Eraikin honetan hainbat taldek eta erakundek egingo dute lan ikerketaren alorrean. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertaldeek eraikin honetako solairu oso bat beteko dute, eta sinergiarako eta lankidetzarako aukerak sendotu egingo dira. Horrela, beraz, urrutirago iritsiko gara”.

Bestetik, Eneko Goia Donostiako alkateak gogorarazi duenez, “Donostiak urteak daramatza zientzia eta ezagutzaren arloko hiria izateko apustua egiten”, eta horren emaitza da erakunde akademikoak, unibertsitateak eta ekimen publiko zein pribatua batzen dituen sarea. Ildo horretan, Goiak azaldu du ikerketa zentro berriak “sare hori sendotzeaz gain haren potentziala biderkatu” ere egingo duela, "zientziaren eta ikerketaren munduan gero eta garrantzi handiagoa duen eremu batean erreferentzia baita zentro berria”.

“Donostiak urratsak egiten jarraitu nahi du talentua eta ikerketa aurreratuko gaitasuna erakarriko duten proiektu eta ekimenetan, eta zentro berri honek egoitza Donostian izatea albiste bikaina da, hiria Euskadiko eta mundu zabaleko ikertzaileentzako ingurune erakargarri gisa proiektatzea indartuko baitu”, baieztatu du.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak beren-beregi nabarmendu du teknologia kuantikoari atxikitako taldeek eraikin berrian izango duten presentzia. Markel Olanoren hitzetan, Gipuzkoa “erreferentzia” da jada teknologia kuantikoen esparruan, “gaitasun eta indargune” nabarmenak dituelako “erakundeen arteko lankidetza-ereduari, espezializazio adimentsuari eta epe luzeko ikuspegi” bati  esker. Horri esker, azken 20 urteotan hainbat bikaintasun-zentro sendotu dira, hala nola DIPC, MPC eta Nanogune, eta horietatik sortzen ari dira jada arrakasta lortu duten enpresa proiektu berriak. “Orain, ahalmen horiei ahalik eta etekin handiena ateratzea da erronka, etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraitzeko eta Teknologia Kuantikoen Polo bat sortzeko. Horretarako, eraikin berri honek erreferentziazko espazio bat eskainiko du”, adierazi du diputatu nagusiak, eta nabarmendu du Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak arlo horretan lankidetza-hitzarmen bat dutela indarrean eta foru erakundeak Gipuzkoa Quantum estrategia jarri duela abian, lurraldea teknologia kuantikoetan berrikuntza eta enpresen garapeneko Hub bihurtzeko helburuarekin.

Eraikin berriaren ezaugarriak

Eraikin berria Tolosa hiribidean kokatuko da, egungo Korta eraikinari atxikita, eta eraikitako 6.000 m² izango ditu lur gaineko 5 solairutan eta soto batean banatuta, solairu bakoitzak 1.100 m² inguruko azalera duela.

Eraikinak ingurumenari dagozkion irizpiderik aurreratuenak betetzen ditu, eta eraikuntza arloko soluzio berritzaileez baliatu da energia-eraginkortasunaren inguruko eskakizunak betetzeko eta ikerketa-laborategien behar funtzionalik zorrotzenei erantzuteko. Fatxadaren kanpoko azalak eguzkiaren argia leundu eta eraikinaren kontrol termikoa egiten laguntzen dio elementu metaliko bertikalez osatutako saretari.

Eraikinak berehala irakur daitekeen itxura arineko bolumen sinplea du, egungo Korta eraikinari erantsitako oihal neutro eta irmoa. Bi eraikinak hormarte batek banandu eta lotzen ditu aldi berean, bien arteko juntura materialarena eginez, eta alde batetik besterako fatxada-aldaketa harmonizatzeko aukera errazten du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eva Ferreira; Eneko Goia; Markel Olano