Berriak Lehendakaritza

Euskadik eskualdeko berrikuntzari buruzko Europako ekintza pilotu berri batean partehartzen du

2022-05-17

Europako Batzordeak eta Europako Eskualdeetako Lantaldeak ekintza pilotu berri bat aurkeztuko dute gaur, maiatzaren 17an, Bruselan, PRI–  ‘Eskualdeko Berrikuntzarako elkartea' (Partnership for Regional Innovation) izenekoa. Ekitaldiaren buru Elisa Ferreira, Kohesio eta Erreformetako komisarioa, Mariya Gabriel, Berrikuntza, Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteriako komisarioa, eta Apostolos Tzitzikostas, Europako Eskualdeetako Lantaldeko presidentea dira.

Euskadi, beste 37 hautagairekin batera, ekintza pilotu honetan parte hartzeko hautatu dute. Horrela, aitortzen da Euskadik Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako politiken arloan egin duen ibilbidea, bai eta espezializazio adimenduneko estrategia bat ezartzen izan duen esperientzia ere. PRI 4 herrialde kide, 7 hiri, 63 eskualde eta Europar Batasuneko 74 lurralde biltzen dituen lankidetza-esparru batean garatuko da.

PRIn partehartuz gero, tartean dauden eskualdeek eta lurraldeek ikuspegi, politika eta aliantza berriak esploratu ahal izango dituzte ekonomia eta gizartea eraldatzeko, trantsizio berdearen eta trantsizio digitalaren esparruan, Europako Batzordeak bultzatuta.

Ekintza pilotu honek urtebeteko iraupena izango du. Epe horretan, Europako Ikerketa Zentro Bateratuko (JRC) adituen laguntza izango dute partehartzaileek, eta horiek gizartearen erronkak konpontzen lagunduko duten ekintzak diseinatzen lagunduko dute. Ekintza pilotua amaitu ondoren, Batzordeak Europako eskualdeen arteko aliantzak bultzatzen jarraitu nahi du, baita sinergiak bilatzen ere finantzaketa-iturri eta -programa desberdinen artean (tokikoak, eskualdekoak eta Europakoak).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak