Eusko Jaurlaritzak hiru milioi euro bideratuko ditu, aurreko deialdian baino 600.000 euro gehiago, Euskal Kultura Ondarea balioan jartzera (Gobernu Bilera 2022-5-17)

2022-05-17

Gobernu Kontseiluak Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak onartu ditu gaur. Guztira, hiru milioi euro izango dira, aurreko deialdian baino 600.000 euro gehiago, 2022-2024 aldirako. Honako jarduera hauek lagundu ahal izango dira diruz:

  • Kultura-ondarea balioestea, kultura-ondasunak ezagutzera, balioan jartzera, aitortzera eta erabileraz hornitzera bideratutako jardueratzat hartuta
  • Kultura-ondarearen zabalkundea, ondare horren balioak sentsibilizazioaren, sozializazioaren eta ondare-interpretazioaren bidez zabaltzera bideratutako jardueratzat hartuta.
  • Babes Bereziko edo Ertaineko Kultura Ondasun Higiezinen (ondare arkeologikoa edo ondare eraikia) eta/edo dagokien ingurunearen desjabetzeak finantzatzea.
  • Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan dauden kultura-ondasunak zaindu, aberastu eta babestearekin zerikusia duen beste edozein jarduera, edo ondasun horiek babesteko espedientea hasita duena.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2022an hasita egon behar dira edo aurten hasi beharko dira, eta, gehienez ere, 2024ko azaroaren 30ean amaitu. Ematen diren diru-laguntzak 250.000 eurokoak izango dira gehienez, edo diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 100ekoak, betiere kopurua 250.000 eurotik beherakoa bada. Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egingo du diruz lagundutako jardueren jarraipena. Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 26an hasiko da eta hilabetekoa izango da.

Kultura-ondarearen balioa nabarmentzeko eta zabaltzeko jarduerak diruz laguntzen ziren 2021-2023 aldirako deialdian 27 proiektu finantzatu ziren, besteak beste, Armañongo Geltoki Magalitikoaren balioa nabarmentzea eta zabaltzea, Durangoko Uribarriko Santa Maria elizpea konpontzea, Maturana-Verastegui jauregiaren barne-balorazioa edo Zeberioko Burdin Hesiaren balioa nabarmentzea eta zabaltzea, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko