Euskadiko mahastizaintzako eta ardogintzako sektorea nazioartean da berriro ere, ProWein azokan

2022-05-16

• Arabako Errioxako ardoen eta txakolinen 39 upategi, sagardotegi bat eta artisau-destilategi bat izango dira Alemaniako azokan Euskadi Basque Country markarekin.

• ProWein da sektorearen erakusleiho garrantzitsuena eta esanguratsuena, nazioartekoa delako eta bisitariak profesionalak direlako.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, HAZIren bidez, Euskadiko 39 upategiren parte hartzea antolatu du ProWein ardoen eta edari destilatuen nazioarteko azokan. Azoka hori Düsseldorfen da (Alemania) eta bihar asteartea, maiatzak 17, amaituko da.
Pandemiaren ondorioz bi urtez azokarik egin gabe egon ondoren, mahastizaintza eta ardogintzako, ekoizpeneko, merkataritzako eta gastronomiako profesionalentzako munduko azokarik garrantzitsuena itzuli da. Edarien euskal industriak gehien eskatzen duen azoketako bat da ProWein, Araba Errioxako ardoak, txakolinak edo Euskal Herriko Sagardo Naturala esportatzeko erakusleihorik hoberenetakoa baita, nazioarteko azoka delako eta bertaratzen diren profesionalen kalitateagatik.

ProWeinen edizio honetan Euskadiko 39 edari-enpresa doaz Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Basque Country nazioartekotze-markaren baitan, 290 m2-ko gune batera. Honako hauek doaz, zehatz esateko: Arabako Errioxako 23 upategi, Getariako Txakolina JDko 11 upategi, Arabako Txakolina JDko 2 upategi, Bizkaiko Txakolina JDko upategi bat, sagardotegi bat eta whiskya eta vodka egiten dituen artisau-destilategi bat.

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, Raúl Perez Iratxeta, Düsseldorfen izan da gaur goizean euskal enpresen presentzia babesteko azoka honetan eta honako hau adierazi du: “bi urte ondoren ospatzekoa da Euskadiko upategiek ProWein azokan nazioarteko presentzia berreskuratzea eta kalitatezko edariak gure ardoentzat funtsezkoa den Alemaniako merkatuari ez ezik, egun hauetan azokan diren nazioarteko erosleei ere zuzenean erakusteko aukera izatea”.

Euskal mahastizaintzako eta ardogintzako sektorearen esportazioak

Euskal Herriko ardoen esportazioei buruzko azken datuen arabera, 2021ean Euskaditik atzerrirako salmenten balioa hazi egin zen hirugarren urtez jarraian eta maximo historikora iritsi zen, 225,3 milioi euro, hau da, aurreko urtearekin alderatuz gero, % 8,4 hazi zen. Esportatutakoaren bolumenak gainditu egin zuen 2020koa, urte zaila izan baitzen pandemiaren eta sektoreari eragin zioten merkataritzako beste mehatxu batzuen ondorioz eta 52,7 litroraino hazi zen, lau urtez behera egin eta gero. Batez besteko prezioa mantendu egin zen, 4,27 €/litro, 2020koa baino zentimo bat gutxiago; hau da, orain arteko altuena izan zen.

Merkatuei dagokienez, JDB duten ontziratutako euskal ardoen esportazioen buru Erresuma Batua izan zen: 10,2 milioi litro (+% 17,2) eta 39 milioi euro (+% 1,4), bolumenaren % 30 baino apur bat gehiago eta 2021ean merkaturatutako guztizko balioaren % 20. Baina Estatu Batuek (-% 12,1) eta Suitzak (-% 9,7) kuota galdu dute bolumen arloko bigarren eta hirugarren merkatu izaten: 3,2 eta 3,1 litro, hurrenez hurren.

Alemania da laugarren merkatua; gero eta merkatu sendoagoa da eta bolumenean % 21,3 eta balioan % 11,3 hazi da, 3 milioi litrora eta 17,3 milioi eurora iritsi da. 2021ean hazi egin dira Suediara, Kanadara, Herbehereetara edo Irlandara egindako esportazioak eta oso erritmo onean berreskuratu dira Txinakoak eta Mexikokoak, 2020an izandako beherakadaren ondoren.

Gaur egun Euskadiko edarien sektorean 562 enpresa daude guztira, horietatik 367 (guztizkoaren % 65) Arabako Errioxako upategiak dira; 84 (% 15), sagardo naturala ekoizten dutenak; 75 (% 13) txakolina ekoizten dutenak; 20 enpresa (% 4) garagardoa ekoizten dutenak eta gainerakoak mahaiko ardoak eta zenbait likore ekoizten dituztenak. Guztira, 86 milioi litro inguru merkaturatzen dituzte; horietatik 68,5 Arabako Errioxako ardoak dira; 10,8 milioi litro sagardo naturala; 5 milioi litro pasa txakolina eta 1,5 milioi garagardoa.

ProWein 2022ko Euskadi Basque Country stand-ean parte hartzen ari diren enpresak:

Arabako Errioxako upategiak

Artadi
Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea (ABRA)
Bello Berganzo
Altún upategia
Amador Garcia upategia
Covila upategia
Fernández de Piérola upategia
HPM upategia
Loli Casado upategia
Marques de Arviza upategia
Medrano Irazu upategia
Ruiz de Viñaspre upategia
Casado Morales
Chavarri familia
Garcia de Olano
Maisulan
Mendieta Osaba Wines
Ostatu
Pujanza upategia eta mahastiak
Señorío de Arana
Sierra de Toloño
Viñás Leizaola-El Sacramento
La Marquesa – Valserrano upategia eta mahastiak

Getariako Txakolina

Akarregi Txiki
Arbela Txakolina
Gaintza Txakolina
Hika upategia
Hiruzta upategia
Inazio Urruzola Txakolindegia
Izarleku Mahastiak
Mokoroa Txakolina
Talai Berri Txakolina
Txakoli Zudugarai
Txomin Etxaniz

Arabako Txakolina

Astobiza upategia
Bat Gara upategia

Bizkaiko Txakolina

Virgen de Lorea upategia

Bestelakoak

Basque Moonshiners
Bereziartua sagardoa

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
  • Bittor Oroz Izagirre
    Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea (XII legealdia)
  • Peli Manterola Arteta
    Haziko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Fundazioa Landa, Isasertz eta Elikagaien sustapenerako (XII legealdia)