Berriak Lehendakaritza

Iñigo Urkullu lehendakariak nazioarteko agendari heldu dio berriro

2022-05-17
  • Eusko Jaurlaritzaren ustez, bizikidetza sustatzeko eta ziurtatzeko modu bakarra tolerantzia handiagoa egotea eta gizartean dagoen aniztasuna normaltasunez onartzea da
  • Eusko Jaurlaritzaren arabera, Abortuaren Lege berriak biztanleriaren erdiaren errealitatea jasoko du

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du Lehendakariak, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendariak lagunduta, berriro ekingo dio nazioarteko agendari, pandemia dela-eta atzerrira bidaiatu gabe bi urte baino gehiago igaro ondoren. Zehazki, maiatzaren amaieran Korsikara bidaiatuko du. Horrela, Bingen Zupiriak azaldu du Lehendakariak eta Korsikako presidente Gilles Simeonik  2020ko apirilean egindako bileraren testuinguruan kokatzen dela bidaia hau. Bertan Lankidetza Memorandum bat sinatu zuten, euskal erakundeek eta korsikarrek aldebiko harremanen garapena bultzatu eta etorkizuneko lankidetzetarako oinarri komun bat eman dezaten honako gai hauetan: harreman ekonomikoetan, kulturan, diasporan edo hizkuntza-politikan. “Bidaiaren helburua Eusko Jaurlaritzaren eta Korsikako Kontseilu Eragilearen arteko lankidetza-eremuak indartzea da, kulturari eta hizkuntzari dagokienez”, adierazi du sailburuak.

TOLERANTZIA ETA ANIZTASUNA

Duela gutxi ezagututako erasoen harira, eta Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du bereziki larria dela egiaztatzea intolerantzia-jarrera batzuek ez dituztela errespetatzen aniztasuna eta guztiok izan behar dugun eskubide-berdintasuna. Ildo horretan, bizikidetza sustatzeko eta ziurtatzeko modu bakarra tolerantzia handiagoa izatea eta gizartean dagoen aniztasuna normaltasunez onartzea dela esan du.

ABORTUAREN LEGEA

Etorkizuneko Abortuaren Legearen eztabaida honetatik ondorioztatzen dena alde batera utzita, Zupiria sailburuak adierazi du azpimarragarria iruditzen zaiola politika publikoei buruz hitz egiten dugunean biztanleriaren zati handi baten errealitatea, emakumeena, ere kontuan hartzea, pertsonen % 50, hau da, biztanleriaren erdia. Gaineratu duenez, “emakumeek, zenbait gaitan, beren sexuari dagozkion inguruabarrak dituzte, eta oso gutxitan jasotzen dira tradizionalki gizonak buru izan dituzten politika publikoetan”.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskal Herriko Unibertsitatearen eta OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena ematen duen Akordioa, hezkuntza-lankidetzako programa bat garatzeko UPV/EHUko emakume eta gizonen arteko berdintasuna: berdintasun eragileak. berezko masterrean. 

Halaber, Gobernu Kontseiluak erabaki du 1,5 milioi euro bideratuko dituela Itsas Garapen Elkartearen proiektuak finantzatzeko, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren esparruan arrantza-eremuen garapen jasangarrian aurrera egiteko. 

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta laguntzen deialdia 2.600.000 euroan handitzea, 2021-2022 ikasturtean. 

Kulturari lotuta, Gobernu Kontseiluak Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak onartu ditu gaurkoan. Guztira, hiru milioi euro izango dira, aurreko deialdian baino 600.000 euro gehiago, 2022-2024 aldirako. Honako jarduera hauek lagundu ahal izango dira diruz: kultura-ondarea balioestea eta zabalkundea; babes Bereziko edo Ertaineko Kultura Ondasun Higiezinen finantzatzea; eta Euskal Kultura Ondareakin zerikusia duen beste edozein jarduera. 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak