URAk eta Laudioko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Laudioko hirigunean Nerbioi ibaiaren uholdeei aurre egiteko

2022-05-13
  • Bi administrazioek bilera egingo dute auzokideekin, maiatzaren 17an, 18:00etan, Udal Liburutegiko Arraño aretoan, obraren aurreikuspenen berri emateko
  • Proiektatutako obraren aurrekontua 4.700.000 €-koa da, BEZa barne, eta 17 hilabete aurreikusi dira egikaritzeko 

URAk eta Laudioko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Laudioko hirigunean Nerbioi ibaiaren uholdeei aurre egiteko lanak abiarazteko. Hitzarmen horren xedea da Nerbioi ibaia, Laudioko herrigunetik igarotzen den tartean, uholdeetatik babesteko proiektuaren obrak gauzatzeko, bi aldeek bete beharreko  baldintzak arautzea. Obren aurrekontua 4.700.000 €-koa da, BEZa barne, eta 17 hilabeteko epea aurreikusi da obrak egiteko. 

Obrek hobekuntza hidraulikoa lortu nahi dute udalerrian,  Nerbioi Laudioko hiri-bilbe trinkoa zeharkatzean, ibaiaren egokitzapen hidraulikoa eginez: 1338 metrotan, Baias kalearen eta Bide Zaharren (Caminos Viejos) kalearen artean, gutxi gorabehera. Ibai-tarte horretan, nahikoa sekzio sortuko da Nerbioi ibaiak 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua saihesteko. 

Nerbioi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektu hau etxebizitzak eraistea saihesteko diseinatu da. Ondorioz, 100 urteko errepikatze-denborako uraldien emariak ibilguan eustsarazteko  behar den sekzio hidraulikoa lortrzeko, ibilgu-ohea beheratu beharko da — batez beste, metro bateko indusketak egingo dira ibilguaren ohantzean —, eta ur gutxiko ibilguaren ahalmena handituko da — euririk egiten ez denean eta ur-goraldirik ez dagoenean ikusten den ohiko ibilgua —. Jarduketa horiek egiteko, etxebizitzen inguruko ertzak sendotu beharko dira. Dauden zubiak mantendu egiten dira, estribuak aldatzen ez direlako eta ahalmen hidrauliko nahikoa dutelako. 

Informazio-bilera bizilagunekin. 

Datorren asteartean, maiatzaren 17an, Laudioko Udalak eta URA Uraren Euskal Agentziak bilera egingo dute, 18:00etan, Udal Liburutegiko Arraño Aretoan, herritarrekin batera, deskribatutako obraren aurreikuspenen berri emateko. Bilera hori obretan interesa duten Laudioko herritar guztientzat zabalik dago, eta, bereziki, obra-lekutik gertuen dauden etxebizitzen jabe  eta erabiltzaileei. Saioan, parte-hartzaileek sor ditzaketen zalantza guztiak argituko dira.

 Aurreikusitako 17 hilabeteetan egin beharreko lanen banaketa azaltzeaz gain, aurreikusitako eraginak azalduko dira, baita horiek prebenitzeko eta kudeatzeko neurriak ere, ahalik eta eragozpen gutxien sortuz. Aipatu behar da ibilguko arroka-ohea zulatzean, 1338 metrotan metro bat jaisteko, mikropiloteak sartuko direla etxebizitzen inguruko ertzetan, lursaila sendotuko dela bermatzeko. Jarduera hori ikus- eta soinu-inpaktua eragingo duten makineria handiekin egiten da. Beraz, aldez aurretik eman behar da eragin horien berri, eta Nerbioi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektu baten testuinguruan kokatu behar dira. Proiektu horrek nabarmen handituko du biztanleriaren segurtasun-maila eta jarduketaren xede den tartean eta ibaian gora finkatutako erabilerak. 

Lankidetzaren baldintzak. 

Sinatutako lankidetza-hitzarmenaren arabera, Uraren Euskal Agentziak konpromisoa hartzen du obrak kontratatzeko, obra horiek zuzendu eta teknikoki ikuskatzeko, eta obren benetako kostuaren % 100 finantzatzeko eta ordaintzeko. Bestetik, Laudioko Udalak Uraren Euskal Agentziaren esku utzi beharko ditu obra hidraulikoek eragindako lur guztiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak